Alkate izendapena: Gasteiz... EAEn ahaldun nagusia eta Nafarroako lehendakaria hautatzeko moduaren aldean desberdina da alkatearena: besteetan, hautagai baten gehiengo sinplea nahikoa da, baina, alkatea izendatzeko, gehiengo osoa behar da, eta, halakorik ezean, udal hauteskundeetan boto gehien jasotako talde politikoaren alkategaiak hartuko du aginte makila. Eta Gasteiz etortzen da burura, aurreko udal bozetako emaitzak eta inbestidura, atzeneko legealdia, asteotako inkestak, alkategaiak eta kanpaina aztertuta. Gasteizen 27 hautetsik osatzen dute udalbatzarra, eta badirudi atzera berriz ere hiru bloke eratuko dituztela emaitzek. 2015ean: PP (9 aulki), EH Bildu-Hemen Gaude-Irabazi (9) eta EAJ-PSE (9). Orduan, EH Bildu bigarren indarraren eskuzabaltasunagatik eta politikagatik —PP kanpora—, alkate EAJkoa, hirugarren geratu arren: Gorka Urtaran. Orain ere hiru bloke aurreikusten dira: EH Bildu-Elkarrekin Podemos, EAJ-PSE eta PP (C's-ekin?), oraingoan hiruren arteko berdinketarik gabe, baina bai EH Bildu-EP eta EAJ-PSE berdinketa batekin edo baturak oso parean direla. PPk luke gehiengo osorako giltza, eta, ez balitz bustiko, hor sartuko litzateke indarrean inbestidurako bigarren formula: gehiengo absoluturik ezean, udal hauteskundeetan boto gehien jasotako talde politikoaren alkategaiak hartuko du kargua. Garbi dagoena da: lehia horretan Urtaran balitz bozkatuena, PPk ez luke Miren Larrionen (EH Bildu) alde egingo. Ez dagoena garbi-garbi, beste kasua da: Larrion izanda aurrena, PPk Urtaran babestuko lukeen. Baina balegoke beste aukera bat, bederen: Larrion izatea bozkatuena, PP bigarrena eta Urtaran hirugarrena; ikusgai legoke kasu horretan ere EAJk aurkeztuko lukeen hautagaitza ekainaren 15ean, inbestiduran. Zail ikusten dena EH Bildu-EP-PSE udal gobernua da; lehenik, EH Bilduk eskaini behar aukera hori PSEri.
Nafarroan ez ezik, foku handi bat Gasteizen jarri beharko da.
EAJ-PSE. Zaila da Gasteizen ere PSE-EEk EAJ ez den beste batekin (batzuekin) osatzea udal gobernua, luzerako baitoa EAJ-PSOE ituna EAEn. Dena dela, Irunen (62.000 biztanle) giro nahasia dute. EAJk begiz joa du hura, baina oso litekeena da berriro Jose Antonio Santanok (PSE) aise irabaztea. EAJ bigarren geratzen bada (edo hirugarren), ikusi egin behar ausartuko den inbestiduran alkategaia aurkeztera, beste talde batzuen babesa jasoz gehiengo osoa erdiesteko. Gipuzkoako PSEk dio bi alderdietako zuzendaritzek izenpetutako ituna bi aldeek bete behar dutela, eta toki guztietan; leialtasuna eskatuko dio, «eta ezingo du Santano [irabazlea] kendu, ez badu nahi akordioa haustea» —Denis Itxaso PSEren ahaldungai nagusiaren hitzak dira, leku faltagatik asteon BERRIAko elkarrizketan sartu gabeak—. Gipuzkoako udalerririk handienetan bigarrena da Irun, eta EAEko seigarrena. Bi alderdien arteko harremanean lurrikara sortuko luke EAJren adar jartzeak edo adar jotzeak. Gainera, PSEk nahiko luke itun instituzionala gehiago zabaltzea, Itxasoren hitzei erreparatuz gero: «Iruditzen bazaigu agenda sozialdemokrata Gipuzkoan ahalik eta toki gehienetan bete behar dela, hori modu koherentean eraman behar dugu EAJk eta guk, zenbakiek emanez gero, eta hor ere bi norabideetan gauzatu». Ulertu ahal da: EH Bilduk gehiengo osoa ez duen kasuetan, haiek alkatetza hartu, ahal badute. Abertzaletasuneko bi familien artean tentsio handiko garaiak barrundatzen dira; ohi bezala.
Murtzia al da? Hauteskunde lokalak eta foralak dira biharkoak; halakoetan (ere) pisu handia dute gai sozialek eta azpiegiturek, baina, hala ere, indar abertzaleek ez dute kasik azpimarratu herri euskaldun bat lortzen joateko ildorik, eta ez dute indar bat egin euskal nazioko udalerrien joskurarako planteamenduetan. Baina ez gaude Murtzian. Telesforo Monzonek 1976an, Zeruko Argia-n: «Ni ez nabil teoria batentzat herri baten bila. Herri batentzat bide baten bila nabil ni».
Udal eta foru hauteskundeak. BOZ GORA
Bideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu