Gasteizko Udalbatzak arbuiatu egin ditu euskal presoei espetxetik irtetean egin izan zaizkien ongietorriak, eta eskatu du «ETAko presoei omenaldi publiko» gehiago ez egiteko. Mozio batean, udalbatzak udal gobernuari eskatu dio «bermatu» dezala espazio publikoak «elkarbizitza eremu bat» izango direla, «ETAko kideak idealizatuko dituzten mezurik gabe» eta «presoen ikonografiak» espazio publiko hori «hartu» gabe. Gainera, mozioaren bidez, udalak konpromisoa hartu du foro bat osatzeko, «memoria demokratikoaren, elkarbizitzaren eta indarkeriaren deslegitimazioaren balioak indartzera bideratutako espazioak eta muralak» sortzeko.
Gogoan eta Elkarbizi elkarteek eta Fernando Buesa fundazioak sustatutako testua da Gasteizko Udalak onartutakoa. Testua Eudel Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkartera eraman zuten, eta haren batzorde exekutiboak onartu zuen mozio gisa aurkeztea udaletan. Ildo horretan, Gasteizkoa izan da osoko bilkuran bozkatzen lehena; EAJk, PSE-EEk, PPk eta Elkarrekin-ek babestu dute.
Eztabaidan, Maite Leanizbarrutiak eta Eduardo Mateok hartu dute hitza elkarteen izenean, eta beharrezko jo dute ongietorri horiek amaitzea, biktimak ez «birbiktimizatzeko»: «Ekitaldiok etikoki eta moralki onartezinak dira. Senide eta lagunen aldetik harrera abegikor bat egin daiteke esparru pribatuan, baina publikoki eta modu nabarian egitea latza da terrorismoaren biktimentzat».
«Bultzada politiko argia»
EH Bilduk iragarria zuen ez zituela moziook babestuko, «bultzada politiko argia» nabari duelako horien atzean: «Deigarria egiten zaigu, testuinguru politiko eta sozial honetan, EAJ eta PSE gai honekin aurrera eramaten ari diren bultzada politikoa, baita halakoa ez den errealitateari buruzko pertzepzioa sortuz ere». Indar subiranistak jeltzaleei eta sozialistei ohartarazi die «lortuko duten gauza bakarra» dela «euskal herritarrak Auzitegi Nazionalera eramatea».
Ez osoko bilkuran, baina Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak asteazkenean onartu zuen testua. Gipuzkoako hiriburuan ere EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin Donostiak eta PPk babestu zuten adierazpena, eta ez zuen sinatu EH Bilduk.
Presoen ongietorriak arbuiatzeko mozioak hasi du bidea Gasteizen
EH Bilduk ez beste indar guztiek babestu dute mozioa. Eudelek sustatutako testua da, eta Arabako hiriburukoa izan da onartzen lehena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu