Gazte bat sastakadaz hil dute Gasteizen, eta gizon bat atxilotu dute

Flandria kalean gertatu da erasoa; 18 urte zituen hildakoak, eta 27 ditu atxilotutakoak. Hilketa gaitzetsi du Gorka Urtaran alkateak

Hilketa gertatu zen ingurua, bart iluntzean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Erredakzioa
2021eko otsailaren 11
00:00
Entzun
Gertaera larria izan zen atzo arratsaldean Gasteizen; gizonezko batek beste bat hil zuen, arma zorrotz batekin eraso eginda. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi zuenez, 16:00 inguruan gertatu zen erasoa, Arabako hiriburuko Flandria kalean, San Kristobal auzoan.

18 urteko gizonezko bat zen hildakoa. Zenbait lekukok El Correo egunkariari azaldu ziotenez, bi pertsona eztabaidan aritu ziren, eta horietako batek arma zuriren bat sartu zion besteari bularrean. Biktimak konortea galdu zuen lekuan bertan eta larrialdi zerbitzuek Txagorritxuko erietxera eraman zuten larri zaurituta, bertan artatu zezaten, baina hil egin zen ospitalean, 17:30 inguruan.

Ertzaintzak erasoa gertatu zen ingurua itxi zuen minutu batzuk geroago, eta ikerketa bat abiatu, gertatutakoa argitzeko. Lekuko ugariren testigantzak bilduta, ustezko erasotzailea identifikatu zuten poliziek. 19:30 inguruan, 27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Nieves Cano kalean, Gasteizen bertan. Erasoa gertatu den lekutik 200 metro ingurura dago susmagarria atxilotu duten gunea.Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, ikerketak zabalik jarraitzen du, hilketaren nondik norakoak ezagutzeko.

Gaitzespen mezuak

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak «gaitzespenik irmoena» adierazi zuen erasoaren berri izan ostean, eta, sare sozialetan idatzitako mezu baten bidez, elkartasuna adierazi zien hildako gaztearen senide eta gertukoei. «Ea ikerketak azkar aurrera egiten duen eta hiltzailea laster atxilotzen duten», erantsi zuen Ertzaintzak susmagarria atxilotu aurretik.

Leticia Comeron PPko zinegotziak ere «erabateko gaitzespena» agertu zuen, senide eta lagunei babesa azaltzearekin batera: «Espero dut legearen pisu guztia jaustea egilearen gainean». Biktimaren hurbilei sostengua adierazi zien Maider Etxebarria PSE-EEko zinegotziak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.