Olatu baten atzetik, besteak. Transmisioaren goranzkoa nabaritu zen lehenbizi, urriaren 14tik aurrera; hortik tiraka heldu zen ospitaleratutako paziente kopuruaren hazkundea, azaroan. Eta, adituek ohartarazi bezala, beste igoera baten iragarle izan dira aurreko biak: COVID-19arekin hildakoena, alegia. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emaniko datuen arabera, 45 pertsona zendu ziren abenduaren 13tik 19ra arteko astean Hego Euskal Herrian koronabirusak jota. Irail hasieratik erregistratutako kopururik handiena da.
Txertoen eraginez, datu horrek ez du zerikusirik izurriaren hasieran argitaratutakoekin —397 pertsona hil ziren 2020ko apirilaren 6 eta 12 arteko astean—; ezta duela urtebetekoekin ere —122 heriotza iazko abenduaren 7tik 13ra—, baina hazkundea ez da nolanahikoa. Izan ere, birusari lotutako heriotzak bikoiztu egin dira astebetean: 21etik 45era. Eta ez dirudi kurba berehalakoan apalduko denik ere: atzo beste pertsona bat hil zen COVID-19ak jota, Nafarroako Osasun Departamentuak jakinarazi zuenez.
Heriotzena, baina, ez da azken egunetan igo den adierazle bakarra. Osakidetzak eta Osasunbideak atzo emaniko datuen arabera, beste 2.144 positibo atzeman zituzten igandean. Guztira 17.208 proba diagnostiko egin zituzten; hortaz, positibo eman zutenen ehunekoa %12,4 da, egoera kontrolpean izateko erreferentziatzat hartzen den %5eko langa baino dezente handiagoa.
Hamalau eguneko intzidentzia metatua ere goranzkoan da Hegoaldean: 100.000 biztanleko 1.235,8 kasukoa da intzidentzia tasa Araban; 899,24koa Bizkaian; 1.577,81ekoa Gipuzkoan; eta 1.329,27koa Nafarroan. Azken bi herrialde horiek dira egoera makurrenean, baina intzidentziaren igoera mantsotu egin da azken egunetan, eta kutsatzeen olatuak goia jo duela adieraz lezake horrek. Hala ere, ikusteko dago omikron aldaeraren orokortzeak zer eragin izanen duen izurriaren bilakaeran.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 40 pertsona erietxeratu zituzten igandean COVID-19ak jota. Orain, koronabirusa duten 450 paziente daude Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ospitaleetan. ZIUak ere betetzen ari dira pixkanaka, eta 128 lagun daude zainketa intentsiboetako unitateetan, larri.
Hamar lagun Gabonetan
Izurriaren hedatzea aintzat hartuta, eta Eguberrietan COVID-19ak «aurrera egitea eragiten duten egoerak» ohikoak izaten direla argudiatuta, «gomendio bereziak» eman ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak: «Are zuhurrago jarduteko» gomendatu diete herritarrei. Besteak beste, eskatu diete «ospakizunetarako talde egonkor eta txikia» sortzea, gehienez ere hamar pertsonakoa edo bi familia unitatekoa. Ostalaritzako establezimenduetako mahaietan gehienez ere sei lagun biltzea ere eskatu dute, eta, ahal dela, kanpoan. Posible den heinean «topaketa handirik ez» antolatzea ere gomendatu dute. Hauek aipatu dituzte propio: enpresetako afari edo bazkariak, kotilioiak eta jaiak. Gabonetan izan ohi diren topaketetan parte ez hartzea eskatu die Jaurlaritzak, halaber, «arrisku eta kalteberatasun handiko baldintzak» dituztenei, katarro edo gripe sintomak dituztenei, bakartuta daudenei eta diagnostiko proba baten emaitzaren zain daudenei.
Horrez gain, COVID-19aren sintomaren bat izanez gero, lehenbailehen bakartzeko, osasun zerbitzuekin harremanetan jartzeko eta sintomekin hasi aurretik kontaktuan izandako pertsonen zerrenda egiteko ere eskatu du Osakidetzak.
Horrez gain, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak agerraldia egin zuen atzo Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean, eta aurreratu zuen 55 eta 59 urte bitarteko herritarrek txertoaren hirugarren dosia hartzeko ordua hartu ahalko dutela Internet bidez gaur arratsaldetik aurrera.
Kalean ere maskararekin
Bestalde, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak atzo esan zuen «premiazkoa» dela kalean maskara erabiltzera behartzeko neurriak hartu ahal izatea, horretarako beharrezkoa den babes juridikoarekin. Neurri «bateratuak» hartzeko deia ere egin zion Espainiako Gobernuari, autonomia erkidego bakoitzaren «erabakien desberdintasuna» ez delako «egokia». Bihar eginen dute autonomia erkidegoen arteko bilera, neurri berriak zehazteko.
Bestalde, oroitarazi zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %91k hartua dutela txertoa, eta eskerrak eman zizkion «jarrera eredugarria» izaten ari den «gizartearen gehiengoari». Haurren txertaketari begira, bestalde, «itxaropena» adierazi zuen, baina erran zuen Europa osoan oldarturik dabilela birusa, «omikron aldaeraren mehatxuarekin». Gogorarazi zuen intzidentzia «pandemia osoko handiena» dela, eta ospitaleak «presiopean» direla.
Koronabirusa
Aste bakarrean bikoiztu egin dira birusarekin hildakoak Hegoaldean
2.144 positibo atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Gabonetan gehienez hamar lagun biltzea gomendatu du Jaurlaritzak. Maskara kalean derrigorrezkoa izateko nahia berretsi du Urkulluk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu