Urte batzuetan fisioterapiaren munduan lanean arituta, bi lagunekin batera bizitzeko alokairuko etxeen bila hasi zen Joseba Amiano (Donostia, 1996), duela urtebete baino gehiago. Donostian hasi ziren bila, baina alokairuaren merkatu «garesti eta eskaintza gutxiko» bat aurkitu zuten berehala. Garai hartan, Parte Zaharrean eta erdialdeko beste hainbat tokitan hasi ziren bila, baina hiriguneko prezioak «kanpoko auzoetara eta inguruko herrietara» zabaldu dira duela urtebete: «Oraingoz, etxeren bat aurkitu dugu Intxaurrondo inguruan, baina nahiko txikiak dira, eta ez oso egokiak. Astigarragan, Lasarte-Orian eta Andoainen ere begiratzen gabiltza, baina aukera gutxi dago».
Ikusi gehiago:GURASOEN HABIA UTZI EZINDA
Hain zuzen ere, Donostian alokairuek dituzten prezioak ikusita, inguruko herrietan ere hasi dira aukerak begiratzen. Hirurek Donostiatik kanpo lan egiten dutenez, aparkatzeko erraza den lekua izatea lehenesten dute, baina baita «giro pixka bat» duen herria izatea ere. Donostiatik alde egin behar izateak ez du beldurtzen Amiano, baina ez du gustuko erabaki hori, nahi batek bultzatuta hartu beharrean, premia batek bultzatuta hartu behar izatea: «Gustatuko litzaiguke gure hirian bizitzea, baina triste samarra da prezioak hain garesti egotea».
Bestalde, lanetik kanpo eguneroko bizitza Donostian egiten dutenez, inguruko herriren batean biziz gero Donostiara nola joan pentsatu beharko lukete, Amianok esan duenez: «Ezingo ginateke hemen bezala bizikletaz edo oinez mugitu. Hala ere, ez dut betiko zerbait balitz bezala ikusten, hilabete batzuk edo urte gutxi batzuk pasatzeko baizik».
Hainbat dira azken urteetan Donostian etxeen alokairua garestitu duten faktoreak, baina alokairu turistikora bideratutako etxebizitzen kopurua da nagusietako bat. Izan ere, horrek zuzen-zuzenean jotzen du epe luzeko alokairu merkatuan, eskaintza murriztea eragiten baitu, eta, ondorioz, prezioak igotzea.
Amiano kritikoa da egoera horrekin: «Azken urteetan, gero eta etxe gehiago erabiltzen dira hotelak egiteko edo turismorako, eta, horren ondorioz, etxeen jabeek badakite diru gehiago aterako dutela turismoarekin. Hori erregulatzen ez den bitartean, bertako jendearentzako aukera gutxiago egongo dira».
Laguntzak lortzea, zaila
Amianok eta haren lagunek etxez aldatzea gertu ikusten dutenez, gazteen emantzipazioa bultzatzeko zer laguntza dauden begiratu dute azkenaldian. Eusko Jaurlaritzak ematen dituen Gaztelagun diru laguntzak jasotzeko baldintzak ikusita, Amianok uste du ez direla moldatzen egungo merkatuaren errealitatera: «Laguntza eskasak baino gehiago baldintza zailak jartzen dituztela esango nuke. Laguntza lortzeko alokairuaren prezio gehienekoa 800 euro da Donostian, eta hori ez da batere erreala. Laguntza hori pentsatuta dago pertsona bat edo bi bizitzera joateko, etxe txikiagoetarako, baina hiru edo lau pertsona bizitzera joatekoak baldin badira, ezinezkoa da». Donostian eta inguruetan, Amianok eta haren lagunek ez dute 800 eurotik beherako alokairurik topatu.
Gazteen emantzipazioa. Bizipenak
«Gustatuko litzaiguke gure hirian bizitzea»
Donostia. Kuadrillako beste bi lagunekin batera, Donostian alokairuko etxe baten bila dabil Joseba Amiano. Bidean, baina, handiak dira zailtasunak, etxeak oso garestiak baitira, eta eskaintza, berriz, oso urria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu