Politika ekonomikoa. Paradigma aldaketa

NEOLIBERALISMOAREN ONDOREN, ZER?

Washingtongo Kontsentsuko errezeten ajeak eramanezin bihurtu diren honetan, Europako eta AEBetako gobernuak paradigma berri baten bila abiatu dira, Txinaren erreferentzia oso presente dutela. Paradigma horretan, estatuak eta hark gidatutako politikek garrantzia hartu dute berriz ere.

Txinaren hazkunde ikusgarriak eta horrek Mendebaldearentzako dakarren lehiak eragin handia dute politika ekonomiko eta industrial berrietan. Irudian, Shanghaiko auto azoka. ALEX PLAVEVSKI / EFE.
Irune Lasa.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Washingtongo Kontsentsuarenak egin du. Dirudienez, COVID-19ak eraman duen guztiaren artean dago eredu ekonomiko neoliberalarekiko sinesmen itsua ere. Horren seinale izan daitezke azkenaldian plazaratu diren Milton Friedmani buruzko artikulu guztiak, norbait oso ezaguna hiltzen denean idazten direnen tankerakoak; Friedman, ordea, 2006an hil zen.

Neoliberalismoak, Friedmanen eta Fiedrich Hayeken ideietan oinarritutako pentsaera ekonomikoak eta haren errezeta nagusiek erabateko nagusitasuna izan dute munduan 1970eko urteez geroztik, salbuespenak salbuespen. Merkatu askea, liberalizazioa, zerga diziplina, estatuaren ahalik eta esku hartzerik txikiena... Horri deitu zaio Washingtongo Kontsentsua.

Haren aurretik, paradigma nagusia Depresio Handiaren eta II. Mundu Gerraren ostean gailendutako keynesianismoa zen herrialde garatuenetan, besteak beste, estatuari ardura eta botere gehiago aitortzen ziona, ez soilik merkatuaren akatsak zuzentzeko, baita norabideak ezartzeko ere. Keynesianismoak, esaten dute historialariek, 30 urte loriatsu ekarri zituen, hazkunde ekonomikoarekin, enpleguarekin eta toki batzuetan ongizate estatuarekin. Baina 70eko hamarkadan ez zen gai izan irtenbidea emateko petrolio shock-ekin inflazioa, moteldutako ekonomia eta langabezia handia bateratzen zituen egoerari.

Friedmanen eta enparauen ideiek ongarritutako lurra topatu zuten Ronald Reaganen eta Margaret Thatcherrengan. Urteak aurrera, globalizazioarekin batera, haien errezetak zabalduz joan ziren, eta eskuinetik dena blaitu zuten, baita gobernu demokratak AEBetan eta sozialdemokratak Europan ere.

2008ko krisia

Inflazioa kontrolatu zen, defizit publikoak murriztu ziren, baina milurteko berriak erakutsiko zuen merkatu askeak zer aje zekartzan, nola areagotzen ziren desberdintasun sozialak, etagehiegikeriak. 2008ko krisiak errezeta neoliberalen gabeziak bere gordinean azalarazi zituen, eta Davosko eta antzeko foroetako inklusiorako eta pobreziarekiko ardura deiak ez ziren gai arrakala haiek alfonbra azpian ezkutatzeko.

Oraingoa ez da neoliberalismoa lurperatzen den lehen aldia. Krisialdi guztietan, neoliberalenek ere, politikak keynesiarrak eskatu izan dituzte, estatu salbatzailea behar zuten; hori bai, gero errekuperazioko unean berriz haiek arbuiatzeko. 2008ko garai larrienetan, Frantziako orduko presidenteak, Nicolas Sarkozyk berak, ere esan zuen kapitalismoa irauli beharra zegoela, igaro zela merkatu askeak beti arrazoia zuela sinesteko garaia.

Baina, ez. Europan austeritatea nagusitu zen, eta ordura arteko errezeta neoliberalei —zerga jaitsierei, desregulazioei, globalizazio araugabeari— ordoliberalismo alemaniarretik beste estualdi bat gehitu zitzaion, defizitak murriztu behar ziren bai ala bai: estatuek gerrikoa estutu behar zuten.

Neoliberalismoa oraindik bizirik zegoen, eta austeritateak krisia luzatu besterik ez zuen egin Europan. Jean Claude Junckerrek aitortuko zuen hori 2019. urtean, oraindik Europako Batzordeko presidente zela. Eta murrizketa haiek guztiak gogotik ordaindu dituzte batasuneko herrialdeek. Pandemiak gobernu eta sistema publiko batzuk ahul eta beste batzuk are ahulago topatu ditu, gabeziez josiak bat-bateko eta itzelezko krisiari aurre egiteko.

Dena den, pandemiaren aurretik jada pitzatuz zihoan paradigma neoliberala. Pobrezia, globalizazioa eta desberdintasun sozialak aztertu eta kritikatzen zituzten ekonomistak indarra hartzen ari ziren, baita gobernuaren esku hartze handiagoa eta zerga politika bidezkoak proposatzen zituztenak ere. Thomas Piketty, Dani Rodrik, Mariana Mazzucato, Emmanuel Saez, Gabriel Zuckman...

Paradigma aldaketa

Dirudienez, pandemiarekin iritsi da paradigma aldaketa, eta ideia horietako batzuk iritsi dira gobernuetara. Estatuaren eta sektore publikoaren protagonismoa aldarrikatzen duen olatu horretan, industria politika moda-modan jarri da, batez ere Txinaren estatutik gidatutako industriaren erreferentzia gero eta agerikoagoa delako.

Joe Bidenek AEBetarako presidentetza hartu, eta estatuaren protagonismoa, sindikatuen garrantzia eta halakoak defenditu ditu, industria eta azpiegiturak berpizteko itzelezko dirutza jarri duenean. Europako Batasuna ere bere eredua bilatzen ari da, arrastaka, beti bezala, baina Next Generation funtsetarako zor bateratuaren jaulkipenak gehiago du industria politiketatik pandemiaren zauriak sendatzetik baino.

Dena den, belatzak ez dira desagertu. Austeritatearen liderretako bat, Woflgang Schaueble Alemaniako Ekonomia ministro zena, jada hasi da gerrikoa estutu behar dela esaten. Beharbada orain ere goizegi da Washingtongo Kontsentsua behin betiko lurperatzeko. Baina astindu ederra jaso du, eta etorkizuneko eredu kapitalista hegemonikoa asko baldintza dezakete, besteak beste, zer helburu eta zer estrategia hautatzen diren moda-modan jarri den industria politika horietarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.