Orain gutxira arte, ohikoa zen merkatuetan halako edo besteko lehengai bat falta izatea —eta ondorioz, garesti egotea—. Baina azken asteetan hainbat salgairen falta mehatxua bilakatu da ekoizpen sektore ia guztietan, munduko toki askotan.
Euskal Herrian bertan, adibidez, FVEM Bizkaiko metalgintzako patronalak enpresei egindako inkestaren arabera, lehengaiena da haien kezka nagusietako bat, aspaldiko urteetan ez bezala. Erdieroaleen faltak automobilgintza lantegiak gerarazi ditu dagoeneko. Hala, Landabengo VW geldirik egon zen martxoaren 25ean, 26an eta 27an. Baita Gasteizko Mercedes ere, martxoaren 13an eta 27an. Hain zuzen, Mercedesek berriz etengo du ekoizpena gaur, plastiko jakin baten eskasiaren erruz.
Altzairua, burdina, kobrea, oholak, artoa, plastikoak... Gutxi eta garesti; eta ia batera gertatu da dena. Zalantza gutxi dago: eskasiaren arrazoi nagusia pandemia da, eta ondoko ekonomia handienen ia aldibereko suspertzea. Gaitzari aurre egiteko itxialdi zorrotzek hainbat lehengairen ustiaketa eta produkzioa eten zuten; eskaria bera ere amildu zen. Udan atzera jarduerari ekin, eta eskaria berpiztu zenean, lehen eskasiak agertu ziren, adibidez, polimero jakin batzuetan.
Geldialditik suspertzen lehena Txina izan zen, AEBak eta Europako Batasuna baino lehenago. Barnean ez zeukana kanpoan erosten hasi zen Txina, garestiago bazen ere. Uda osteko hilabeteetan eskasiak areagotzen joan dira, zenbait gairekin hornikuntza arazo bilakatzeraino. Mondragon taldean, adibidez, azaroan iritsi zen lehen hornikuntza arazo inportantea, Ategiko lehengaien arduradun Josu Luengoren arabera.
Mondragon taldeko Ategi kooperatibak erosketen inguruko aholkularitza eta zerbitzu espezializatuak eskaintzen dizkie bere bezeroei. Haien arabera, Euskal Herrian arazo handienak altzairuarekin daude, baita zenbait polimerorekin ere.
Txinak bere altzairu ekoizpen guztia xurgatu du azken hilabeteetan. Luengoren ustez,horri beste aldagai bat ere gehitu zaio: «Txinak altzairu esportazioen gaineko BEZaren itzulpena ezabatu du, eta are gehiago zaildu materialak Europara iristea». Europan, gainera, hainbat altzairutegi aldi baterako erregulazioan egon izanak tentsioa areagotu du merkatuetan. «Aditu askok iradoki dute altzairu ekoizleek irabazi tarteak hobetu nahi dituztela; errentagarriagoa zaiela berdina irabaztea fabrikak erregulazioan dituzten bitartean».
Igoera ikusgarriak
Prezio igoerak ikusgarriak izan dira. «Ohituta geunden altzairu bobinaren prezioak urtean %10 inguruko gorabeherak izatera, baina orain bobina batek lau aldiz gehiago balio du. Enpresa batzuei barrako altzairu tutua %40 garestitu zaie, eta ezinezkoa zuten bezeroei gehigarri hori kargatzea». Datu historikoei begira, altzairua inoiz baino garestiago dago. Dena den, arazoak ez du larritasun berbera enpresa handietan edo txikietan, handiek hornikuntza ziurtatzeko presio ahalmen handiagoa dutelako. «Okerragoa da enpresa ertain eta txikientzat».
Polimero zenbaiten hornikuntzarekin ere berdin pasatzen da. Kopuruak esleitu behar diren aldietan, euren kontratuek zerbitzu hobeak ziurtatzen dizkiete enpresa handiei. Polimeroen salerosketan eskasia oso handia izaten ari dela dio Ategik, batez ere gai estandarretan, hala nola poliolefinetan edota ingeniaritza plastikoetan. «Konplikazio handiena, dena den, poliamiden merkatuan gertatu da, kontrolik gabeko igoerekin».
Polimero jakin batzuen urritasunaren eta garestitzearen atzean, pandemiaz gain, beste aldagai batzuk ere egon dira; hala nola polimero ekoizle garrantzitsua den AEBetako hego ekialdeak izotzaldi handiak eta urakanak nozitu zituen otsailean.
Sektore guztiei eragiten die polimeroen eskasiak, baina Josu Luengoren arabera, automozioa da gehien sufritzen ari denetako bat, «haiek erabiltzen dituztelako gehien poliamidak eta polimero estirenikoen moduko material teknikoak». Plastiko jakinen faltarengatik, egun bakarreko ekoizpen geldialdia egingo duteMercedesen Gasteizko lantegian: plastiko horietako batekin egiten dira kable konektore batzuk, eta ez dira iritsi Mazedoniatik.
Noiz arte iraungo du gaien eskasiak? Ategik uste du hurrengo hiruhilekoetan gauzak lasaitu egingo direla, merkatuak orekatuz doazen heinean. Txinarekin adi egon beharko da, dena den. Herrialde hori da lehengaien munduko kontsumitzaile handiena, eta haren suspertze indartsuak eragin handia izan du lehengaien garestitzean.
Txinako agintariak kezkatuta daude altzairuaren eta bestelakoen prezio garestiek ez ote dituzten kontsumo prezioak neurri gabe igoaraziko, eta, atzo bertan, oharra egin zuten, esanez ez dituztela monopolio jokaerak onartuko lehengai merkatuetan, ezta informazio faltsurik eta gai pilaketarik ere. Hots, baliteke espekulazioa eteteko neurriak hartzea. Shanghaiko burtsan, berehala egin zuten behera burdinaren, altzairuaren, aluminioaren eta beste hainbat gairen salneurriek.
Lehengaiak, gutxi eta garesti
Besteak beste, ezohikoetara ohitu beharra eragin du COVID-19ak, eta, lehengaietan, prezio handiak eta eskasiak ohiko bihurtu dira azken hilabeteetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu