Osasuna. Lehen mailako arreta

«Desinformazioak ondorioak ditu gure praktikan»

Xan Berterretxe. Lau urteko ibilbidea du mediku lanetan. Desinformazioak eragindako kalteak ikusirik, informatzearen premiaz ari da.

Xan Berterretxe, Baigorriko mediku orokorra. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Baigorrin (Nafarroa Beherea) lan egiten du Xan Berterretxe mediku orokorak. Lau urte joan dira lan egiten hasi zenetik: «Bi urte pandemiarik gabe, eta bi urte pandemiarekin». Ipar Euskal Herriko lehen arretako mediku gehienak bezala, liberalean ari da, eta, uste du pandemiaren eraginez «jendeekiko harremana» aldatu dela gehienbat, «lasaitasun» txikiagoarekin ari baitira; «COVID-19a beti hor da».

Gogoan du lehen olatuak gauzak «anitz» aldatu zituela. «Kasik dena egin behar izan genuen distantzian egunetik biharamunera. Orain, urruntasunarekin, ez nekike erraten egokia izan zen ala ez, baina tenore hartan ontsa iruditzen zitzaiguna egin genuen». Pantailaren edo telefonoaren alde batean medikua, eta bestean pazientea. «Horrek biziki aldatzen du harremana; aldatzen du gaitzaz egiten dugun segipena, tratamenduak esplikatzeko moldea, eta diagnostikoa bera ere, baina sustut pazienteekin dugun harremana».

Halaber, pandemiak paziente batzuen artatzeko arazoak sortu dituela ikusi du. «Batzuek behar zituzten artak ez dituzte egin, konfinamendua zelako; edo leku batzuetan birusa biltzeko beldurrez baitziren». Gogoan du adinekoen egoera. Zenbaitzuek kinesiterapeutarengana joateari utzi zioten. «Horren eraginez, batzuek autonomia galdu dute, artikulazioak gogortu baitzaizkie, adibidez, eta horrek ondorioak baditu, ez baitira gehiago gai etxean egoteko. Holako gauzak gertatu dira». Eta eritasun kronikoak dituzten gaixoekin ere sentitu ditu zailtasunak. «Hipertentsioa eta diabetesa dituztenak ezin dira distantzian zaindu. Halere, normalean, eritasun horiek ez dira hilabete batez kolpez aldatzen. Baina, maluruski, batzuetan beranta hartu dute artek».

Eta pandemia aurretik hor ziren gaitzak kudeatzeaz gain, COVID-19a duten gaixoak ere artatu behar izan ditu, noski. «Eritasuna bera gehienetan ez da larria, baina badira kasu larri batzuk, ospitaleratzeak eta heriotzak ere. Horien segipena ere egin behar dugu, baita ospitaletik etxera itzultzen direnean ere, berriz egokitzeko denbora». Sintomak garatzen dituztenez gain, azaldu du «denbora anitz» hartu behar dela pazienteei protokoloak esplikatzeko, proben eta txertoaren inguruan batik bat.

Halaber, txertatze kanpainaren nondik norakoak aipatu ditu. Izan ere, orotariko medikuenlanaren antolaketan eragin du, txertoa jartzen ahal dutelako beren bulegoan. «Biziki konplikatua da logistikaren aldetik.Mediku anitzek ez dute gehiago egiten». Aldiz, Berterretxek Donibane Garaziko txertaketa gunean parte hartzen du, egun erdi bat astean behin hasieran, eta, orain, bi astetik behin. Antolaketa arazoez gain, txertaketak sortu dituen «erresistentziak kudeatu beharra» izan da harentzako «higatzailea». Are gehiago, uste du paziente batzuekin harremana «mindu» dela.

«Badakigu jende batzuk kontra direla, eta halakoetan entseatzen gara aipatzen. Baina bada ere Frantziako Estatuak eta, oro har,osasun arduradunek ere ez dutela deus egiten desinformazioaren eta desinformatzaileen kontra». Horrek ondorioak izan ditu haren lanean. «Gure praktikan ondorioak baditu desinformazioak. Sustut ez txertatzeak osasunean izan ditzakeen ondorioengatik: forma larriagoak egiteko arriskua, eta kasu batzuetan hiltzekoa ere».Oro har, lehen arretako medikuak «higatuak» dira. «Gobernuek erabaki absurdo anitz hartu dituzte, eta ondorioak izan ditu medikuenganako konfiantzan. Kontsultetan sentitzen dugu, eta nekagarria da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.