Gasolioaren zerga handitzeak EAJ haserretu du

Iker Aranburu.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Zerga igoera batzuk ekarriko dituzte Espainiako aurrekontuek Hego Euskal Herrira. Proiektuatramitatzean aldaketarik ez bada, beren autoetan gasolioa darabiltenek gehiago ordaindu beharko dute zergetan, 2,3 euro gehiago 50 litroko, Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroak esan duenez. Edari freskagarrien BEZa %10etik %21era handituko da, baina dendetan erosten direnei soilik ezarriko zaie tasa arrunta, «ostalaritza gehiago kaltetu ez dadin», Monterok argudiatu duenez. BEZa ordaintzetik salbuetsita jarraituko dute hezkuntza eta osasun pribatuek.

Gasolioaren zergari dagokionez, erregai horrek ordaintzen duen zerga handitu egingo da, litroko 30,7 zentimotik 34,7 zentimora. Edonola ere, gasolioaren zerga ez da oraindik iritsiko gasolinak ordaintzen duenera (40,07 zentimo). Igoerak ez dio gasolio profesionalari eragingo.

Gasolioaren gaineko zerga handitzeak EAJ haserrearazi du, salatu baitu halakorik ez egitea hitzartu zuela Ogasun Ministerioarekin, «Euskadiko autoaren industriari kalterik ez egiteko». EAJk dio «modu txarrean harrituta» dagoela, eta aurrekontu proiektua babesteko asmoa «berriro aztertuko» duela; «arreta handiz» begiratuko du, botoa erabaki aurretik.

Hego Euskal Herrian eragin zuzena ez duten beste zerga neurri batzuk ere hitzartu dituzte gobernua sostengatzen duten bi alderdiek, PSOEk eta Unidas Podemosek. Errenta zerga bi puntu handituko diete urtean 300.000 eurotik gora irabazten dutenei, eta hiru puntu, berriz, 200.000 eurotik gorako kapitalaren errentei. Sozietate zergan, pixka bat jaitsiko dute dibidenduen banaketak jasotzen zuen kenkaria. Pentsio planetan, hobari txikiagoa izango dute plan pribatuek, eta gehiago, berriz, laneko planek.

Alokairuen prezioak

Aurreko egunotan iragarri bezala, Espainiako Gobernuak %0,9 handituko ditu urtarrilaren 1ean langile publikoen soldatak eta pentsioak, inflazio hori espero baitu datorren urtean. Gehiago igoko dira, berriz, kotizazio gabeko pentsioak (+%1,8) eta IPREM errenta adierazle publikoa (+%5), hainbat gizarte laguntza kalkulatzeko baliatzen dena.

Aurrekontu proiektuan agertzen ez bada ere, hura aurrera ateratzea erraztu dezakeen beste neurri bat hitzartu dute PSOEk eta UPk: alokairuaren prezioak arautzeko legegai bat aurkeztuko dute lau hilabeteko epean. UPren eskaera zen, baina ontzat hartu dute kontuak babesteko beste hautagai batzuek; besteak beste, EH Bilduk eta ERCk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.