Bilbon hil dituzten gizonezkoen ustezko hiltzaileak bere burua entregatu zuen atzo arratsaldean Ertzaintzaren komisaria batean, Ertzaintzak BERRIA-ri baieztatu zionez. Zenbait hedabidek zabaldu zutenez, Irungo komisarian aurkeztu zuen bere burua gizonak, bere kontrako karguak ukatu zituen, eta «ikerketan laguntzeko» prest agertu zen. Ertzaintzak ez du halakorik baieztatu, ezta gezurtatu ere. Ordurako zenbait hedabidek emana zuten hilketen ustezko egilearen identitatearen berri, eta haren argazki bat ere zabaldua zuten.
Bi hilketarekin erlazionatzen dute gizona, baina zantzuak badira beste birekin ere lotzeko. Harekin harremanak izateko kontaktuetarako aplikazio baten bidez jartzen zen harremanetan biktimekin, ikerketak aurrera egin ahala argitu dutenez.
Egunotan zabaldu dira hilketa horiei buruzko albisteak, eta atzo ustezko egilearen argazkia ere ibili zen sareetan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ordea, ez du ezer baieztatu.
Jakin denez, Poliziak asteak daramatza kasuok ikertzen. Eta asteak joan dira, Poliziak emandako datuak aztertuta, epaile batek gizon gazte hori atxilotzeko agindua eman zuenetik ere. Gainerakoan, iturri ofizialetatik zabaldu den informazioa urria da. Jakinarazi dute oraingoz bi ikerketa daudela irekita ofizialki, baina susmoa dute gizonezkoekin harremanetan jartzeko aplikazioetan harremanetan jarri zen beste bi gizonen heriotzarekin ere lotuta dagoela gizonezko hori. Izan ere, antzeko heriotzak izan ziren. Madrilen eta Valentzian (Herrialde Katalanak) ere ari dira susmagarriari buruz ikertzen, Efek zabaldu duenez, ez baitute baztertzen han beste delitu batzuk ere egin izana.
Joan den urteko irailetik urrira bitartean hilda agertutako kasuekin lotzen dute. Hasieran, familiartekoek eta Poliziak pentsatu zuten denak modu naturalean hil zirela. Ikerketak aurrera egin ahala egiaztatu zuten guztiek erabili zutela gizonezkoekin harremanak izateko Wapo aplikazioa, eta hil ondorengo egunetan dirua desagertu zen gizon horien kontu korrontetik. Eferen arabera, susmagarriak bere objektu pertsonalak eta substantzia estupefazienteak zituen motxila bat utzi zuen Bilboko Alde Zaharreko etxe batean, eta horrek erraztu du haren identitatea ezagutzea.
Beldurra erauzteko deia
Gertakarion harira, Bizkaiko E28 koordinakundeak LGTBI+ komunitatea jasaten ari den «indarkeria bolada» salatu du, eta azken egunotan Getxon eta Zornotzan izandako erasoak ere gogoratu ditu. Erasoei aurre egiteko eta «beldurra alde batera uzteko», elkarretaratzera deitu du. Maiatzaren 17an egingo dute, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, 20:00etan.
Bestalde, Gasteizko Ikusgune LGTBI+fobiaren Behatokiak, Homofobiaren Kontrako Kataluniako Behatokiak eta Espainiako Trans Plataformak ohar bidez esan dute kezka eta sumindura sortu dietela Bilboko hilketek. Gertatutakoa gaitzetsi dute, eta gune «seguruak» eskatu.
Auziaren arretagunea hiltzailearen estrategian jartzeko eskatu dute, eta hildakoak ez «birbiktimizatzeko». Taldeek nabarmendu dute LGTBI kolektiboko kideek beren sexualitatea adierazteko askatasuna izan behar dutela, «inolako diskriminazio edota erasorik jasateko arriskurik gabe».
Bilboko hilketekin lotzen duten gizonak bere burua entregatu du
Ertzaintzaren komisaria batean aurkeztu da, eta, zenbait hedabideren arabera, karguak ukatu ditu. Bi kasurekin lotzen dute, baina susmoa dute beste birekin ere lotuta dagoela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu