Zortzi hilabete baino ez ziren pasatuak Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik euskarazko prentsari berriro eraso egin ziotenean. Berriz ere Juan del Olmo epailea eta berriz ere Guardia Zibila. 2003ko urriaren 16an Martin Ugalde kultur parkearen eta Egunkaria-ren enpresa taldearen aurkako operazioa egin zuten, eta zortzi pertsona atxilo hartu: Angel Diez, Mikel Arrizabalaga, Mikel Azkune, Amando Hernandez, Joanmari Larrarte, Xabier Legarra, Mikel Sorozabal eta Joxemari Sors. Urriaren 20an, Eneko Etxeberria Egunkaria-ren enpresako abokatua ere atxilotu zuten.
Larrarteren esanetan, operazio hartan okerrago pasatu zuten kanpoan zeudenek barruan zeudenek baino. Aitortu du Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez inkomunikatuta egotea gogorra dela, kolpeak noiz hasiko egon zela: «Aurrekoa jakinda joaten zara: 'Emango digute, eta hau infernu bat izango da'». Baina ez zituzten torturatu; kanpokoek, ordea, horixe pentsatzen zuten: «Denek pentsatzen zuten gu torturatzen ari zirela».
Kanpokoan zeudenak kezkatuta eta barruan zeudenak kezkatuta. Arrazoi desberdinengatik, ordea: «Gure kezka barruan zen: 'Dena itxiko zuten'. Pentsatzen nuen: 'Ezinezkoa izango da beste bat muntatzea'. Esaten nuen: 'Hau bukaera da'».
Ondo gogoan du egun haietan bizitakoa Irene Arrarats Egunkaria-ko euskara taldearen arduradun ohiak. «Kolpe gogorra» izan zela dio, bi arrazoirengatik. Batetik, atxilotuak torturatzen ari zirela pentsatzen zutelako; eta bestetik: «Buruan zera nuen: 'Ez gaituzte bakean utziko sekula, ez da bukatuko sekula'».
Zuzen-zuzenean ez bada ere,operazio hark eragin zien Alberto Barandiaran eta Eneko Bidegain Iruñeko eta Baionako egoitzetako buruei ere. Etxetik joateko eskatu zioten Barandiarani: «Imanol Muruak deitu zidan, eta esan: 'Alberto, joan hadi etxetik'. Eta: 'Nola joango nauk etxetik?'. Gogoratzen naiz gaizki erantzun niola. Esan zidan: 'Alberto, denak atxilotzen ari dira'». Kanpoan pasatu zuen gaua, eta 08:00 aldera itzuli zen etxera. Irudipena, Arraratsek izan zuenaren parekoa: «Esan nuen: 'Hau pikutara doa'».
Bidegaini, berriz, etxetik alde egiteko ez, baina Hego Euskal Herrira ez igarotzeko eskatu zioten: «Abokatuak esan zidan: 'Ez dakigu zer pasatu daitekeen, eta hobe duzu ez pasatzea Hegoaldera'». Izan ere, Egunero-ren enpresa bere izenean egon zen, eta zuzendaria ere izan zen. Hilabete batzuen buruan, gauzak «lasaitzen» ari zirela sumatuta, utzi zioten berriro Hegoaldera pasatzen.
Absoluzioa berriz ere
Auzi nagusian ez bezala, kasu honetan ez zuten inor espetxera bidali: urriaren 21ean Arrizabalaga, Diez, Etxeberria eta Hernandez libre utzi zituzten; Sorozabalek, Sorsek, Azkunek eta Larrartek, berriz, hamabina mila euro pagatu behar izan zituzten.
Prozesu hau ere, azkenean, ezerezean geratu zen. Zortzi lagun zeuden auzipetuta —Sors eta Sorozabalez gain, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Ainhoa Albisu, Fernando Furundarena eta Begoña Zubelzu—. 2014an, atxiloketetatik 11 urtera, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak artxibatu egin zuen kasua. «Zehaztugabeak» iruditu zitzaizkion akusazioak, eta ustezko delituak preskribatuta zeuden.
'Egunkaria'-ren itxiera: hogei urte
«Buruan zera nuen: sekula ez gaituzte bakean utziko»
Guardia Zibilak Martin Ugalde kultur parkearen eta 'Egunkaria'-ren enpresa taldearen aurka jo zuen 2003ko urrian. Langileak beldur ziren atxilotuak torturako ote zituzten; barruan zeudenak, berriz, «dena» itxiko zutelakoan zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu