Maite Asensio Lozano.
Emakumeen Nazioarteko Eguna. ANALISIA

Zergatik tematu dira M-8arekin?

2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Izan zitekeen aitortza bat, mugimendu feministak azken urteetan izan duen mobilizazio ahalmena goratzeko modu bat, edo feminismoaren ezinbestekotasuna nabarmentzekoa. Izan zitekeen elkarlanerako aukera bat, erakunde publikoek eta mugimendu feministak elkarrekin jorratzekoa jende pilaketen inguruko kezka, eta erantzukidetasunean urratsak egitekoa, pandemiaren ardura norberarena dela etengabe errepikatzen duten leloetatik aldentzekoa. Baina Martxoaren 8ko manifestazioen inguruan azken egunetan izan diren adierazpenek ez dute bide horietatik jo; diskurtso infantilizatzailea eta kriminalizatzailea gailendu da, mugimendu feminista higatzeko eta auzitan jartzeko.

Iazko Martxoaren 8aren ostean, koronabirusaren hedapenaren errua egotzi zitzaien Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioei, nahiz eta egun berean izan ziren futbol partidak, kontzertuak, mitin politikoak eta beste hainbat ekitaldi masibo. Batik bat Madrildik iritsi zen akusazio horren oihartzuna, eskuin muturrak haizatuta; eta orain doinu horietara batu dira Euskal Herriko erakunde publikoetako hainbat ordezkari.

Iaztik hona, ordea, informazio asko lortu da birusaren transmisioaren inguruan. Egun, jakina da kalean minimizatu egiten dela kutsatzeko arriskua, are gehiago maskararekin eta distantziarekin ibiliz gero. Hala berretsi dute AEBetan Black Lives Matter mugimenduaren mobilizazioen harira egindako ikerlanek: manifestazioetako kutsatze arriskua txikia da. Gainera, Euskal Herrian azken hilabeteetan egin diren protestetan ere ez da agerraldirik atzeman. Hortaz, zertara dator Martxoaren 8arekin tematzea? Zergatik eragin dute hainbeste asaldura feministen mobilizazioek, eta ez, adibidez, garraio publikoan edo Gabonetako erosketetan izandako jende pilaketek?

Ez dira alferrikakoak azken urteetako Martxoaren 8ek utzitako irudiak: jendetza ez ezik, indarra eta sendotasuna ere erakusten dute, eta horrek deserosotasuna dakarkie hainbati. Izan ere, sistema goitik behera aldatu nahi du feminismoak, eta, horretarako, interpelatu egiten ditu gizonak zein andreak, gizartea, botereguneak eta gobernuak; are gehiago, pandemia betean, feminismoak hamarkadetan zaintzaren inguruan landutako diskurtsoa denon begien aurrean lehertu denean, eta, besteak beste, zaintza sistema publiko baten aldeko aldarria ozentzen ari denean.

Beldurrik gabeko emakumeen beldur omen da patriarkatua, eta deserosotasun hori feminismoaren aurkako erreakzio bihurtu da: osasun publikoa aitzakia gisa erabili dute mugimendu feminista ahultzen saiatzeko, arduragabetzat jotzeko. Estrategia zaharra erabili du patriarkatuak, hedabide zenbaitek lagunduta: emakumeen artean banaketa sustatzea, manifestazioetara joan nahi ez duten andreen adierazpenak erabiliz feminista onen eta txarren arteko aldea ezartzeko. Eta hor, badago emakumeak —eta feministak— tutoretzapean izateko helburua ere: andreak baimen edota barkamen eske nahi ditu patriarkatuak, inguruko erakunde maskulinoen —izan aita, senarra, nagusia, gobernua— onespenaren mende, emakumeen jardunean —eta borrokan— mugak nork jartzen dituen argi utzita.

Pentsatzekoa da mugimendu feministako kideentzat ere ez dela erraza izan azken asteetako martxa. Erabaki zezaketen aurten kalera ez ateratzea, baina bide zailena hautatu dute: aldarrikapenak eremu publikora eramateari eta elkartzeari ez uko egitea, arduraz jokatzea eta indarrak mobilizazio seguruak antolatzera bideratzea. Eta asmo horrekin aurrera egitea, presioen gainetik, oraindik argi utzi behar delako andreek ez dutela inoren onespenik behar protesta eta borroka egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.