2015eko udal eta foru hauteskundeek dezente aldatu zuten 2011-2015eko legealdiko mapa politikoa. Aurreko legegintzaldian, PPren agintepean zeuden Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia, eta Bildurenean Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Herrialde horretan, tokiko erakundeetan ia erabateko nagusitasuna izan zuen indar subiranistak. 2015eko bozek, ordea, beste indar korrelazio bat azaleratzeaz gain, beste gobernu formula bat ahalbidetu zuten, legealdi osoan indarrean egon dena Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietan eta Gasteiz, Bilbo eta Donostia hiriburuetan: EAJ-PSE koalizio gobernuak. Maiatzaren 26an osatuko diren gehiengoak ikuskizun, badirudi eredu horrek puntu eta segida izango duela.
Osasuntsu dago aliantza: udaletan eta diputazioetan ez ezik, Jaurlaritzan ere eskutik doaz bi indar politikoak, eta ikustekodago Pedro Sanchezen inbestidurarako edo gobernua osatzeko zer-nolako elkar ulertuak dituzten EAJk eta PSOEk; giltza izan lezakete jeltzaleek, eta Madrilera modu batera edo bestera esportatu Euskal Autonomia Erkidegoan garatutako lankidetza.
Edozein kasutan, formulari eustearen aldekoak dira EAJn. Iragan asteburuan argitaratutako elkarrizketa batean, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak berak esan du, «zenbakiek ematen badute», PSE-EErekiko aliantzari eutsi nahi diola: «EAJk eta PSE-EEk gure gauzatxoak izan ditugu, baina koalizio gobernu hauen emaitza oso ona izan da bi alderdientzat eta, batez ere, lurraldeentzat». «Gauzatxo» horiek, besteak beste, erabakitzeko eskubidearen alorrean eta Kataluniako prozesu subiranistarekiko jokaeran izandako desadostasunak dira; Jaurlaritza osatzen duten bi indarrak ez datoz bat Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean estatus politiko berri baterako adostu diren oinarrietan, eta, Gipuzkoan, PSE-EEko foru diputatuek kargu hartu izan diote Markel Olano ahaldun nagusiari, Kataluniako prozesuarekiko aldekotasuna adierazteagatik.
Halere, tirabira horiek ez dira oztopo izan amaitzear den legealdian, eta ez dira izango, ahal izanez gero, koalizioari eusteko; hauteskunde kanpainaren ildo nagusiak aurkezteko maiatzaren 2an eginiko agerraldi batean, Olanok ere PSE lehenetsi zuen bazkide gisa «zirkunstantziak errepikatzen badira», legegintzaldiaren «balorazio positiboa» eginda.
2013ko irailean dago akordio horren oinarria; orduan, EAJk hitzarmena egin zuen PSErekin Iñigo Urkulluren gobernuari sostengua emateko eta bi urtez aurrekontuak aurrera ateratzeko. Bi urte geroago, bi aldeek akordio hura berritzea erabaki zuten, toki eta foru erakundeen «egonkortasuna» bermatze aldera. Eusko Legebiltzarreko 2016ko hauteskundeen ostean, bi alderdiak sostenguaz harago joan ziren, koalizio gobernu bat osatzea adostuta. Hortaz, sei urte dira EAJ eta PSE erakundeetan elkar ulertzen hasi zirenetik, 1998tik 2013ra bitarteko etena eta gero. Aurrez, 1987tik 1998ra bitartean gobernatu zuten elkarrekin Eusko Jaurlaritzan.
Ezkerren hipotesia
Tokian-tokian egin izan dira, ordea, beste akordio batzuk; Errenteriakoa (Gipuzkoa) da kasurikesanguratsuena. Ia 40.000 biztanleko herria da, Gipuzkoako hirugarrena biztanle kopuruari dagokionez, eta, han, zortzi urteko agintaldia bete du Julen Mendoza EH Bilduko alkateak; lehen laurak Ezker Anitzarekin gobernatuta —gutxiengoan— eta azken laurak Ahal Dugu-ren sokako Errenteria Irabaziz hautagaitzak babestuta —gehiengo absolutuarekin—. 28 urtez gobernatu zuen PSE-EEk Errenterian, 2011n Bilduk alkatetza lortu arte.
Errenteriako eredua beste lurralde batzuetara eramatea proposatu du azken aste eta hilabeteetan Ahal Dugu-k. Hilaren 5ean, Lander Martinez idazkari nagusiak ezkerren itun bat babestu zuen; hain justu, Errenterian eginiko ekitaldi batean; atzo, beste hainbeste egin zuen Andoainen, EH Bilduk gobernatutako beste herri batean: «Andoainek frogatu du udaletan beste erabaki batzuk har daitezkeela. EAJ-PSEren aurrean alternatiba bat eraikitzen jakin da, herritarren beharrekiko gertuago dauden aurrekontu batzuk onartuta». Hor ere giltzarri izan dira Irabaziko eta Ganemoseko zinegotziak, horien babesarekin lortu baitzuen alkatetza Ana Karrerek, eta horiekin atera baititu aurrera aurrekontuak. Atzo, Martinezek argi utzi zuen zein izango den Elkarrekin Podemosen posizioa inbestiduretan: «Andoaingo gehiengo progresistari eustearen aldeko apustua egiten dugu, eta apustu hori gehiengo berriak esploratzeko moduko emaitzak dauden herrietara zabaldu nahi dugu».
Ildo horretan, makila eta azenarioa eman izan dio Martinezek PSE-EEri: Errenteriako kasuan, PSE-EEren kaltetan lortu zuen alkatetza EH Bilduk, eta, Andoainen, Maider Lainez PSE-EEko hautagaia alkate zatekeen, EAJko zinegotzi batek alderdiaren diziplina hautsi ez balu eta Lainez babestu izan balu. Atzoko ekitaldian, «EAJ-PSE ereduaz» mintzatu zen Martinez, eta, Erren- terian, esan zuen posible dela «EAJren eta bere makulu den PSEren aurrean alternatiba bat» eratzea. Beste hizketaldi batzuetan, ordea, ezkerreko blokera erakarri nahi izan ditu Martinezek sozialistak; maiatzaren 2an, esaterako, eskatu zien «eskuinera begiratzeari uzteko» eta ezkerreko beste alderdi batzuekin ados jartzeko maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren.
PSE-EEko buruzagiek, ordea, ez dute interesik erakutsi egungo aliantza politika moldatzeko; are, EH Bildu ez dela «fidatzekoa» esan du berriki Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak. EH Bilduk, berriz, PP eta eskuin unionista ahultzea jarri du bere itunen ardatzean; hala egin zuen 2015ean Gasteizen, eta horretarako asmoa adierazi du Madrilen, Pedro Sanchezen inbestiduraren aurrean. Tokiko politikan, ordea, oraingoz, nekezagoa dirudi EAJ-EH Bildu itunak ikustea.
Aldaketaren zenbakiak
Taula nafarrean ere, maiatzaren 26 gaueko emaitzek eta ondorengo borondateek azaleratuko dute pieza sozialista eta jeltzalea ezkontzeko moduan dauden. PSNk eta EH Bilduk lerro gorria ezarria diote elkarri, baina beto horiek ez ditu onartu nahi Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakari eta Geroa Baiko zerrendaburuak. PSNk ahalbidetu zituen UPNren azken gobernuak, eta, azken legealdiaren ostean, ikusteke dago sozialistak zenbateraino aldendu diren UPNtik. Erabat zabalik dago jokoa; gerta liteke 2015ean aldaketa ahalbidetu zuen laukoak—Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak— gehiengo absolutuari eustea, Navarra Suma - PSN baturak gehiengoa lortzea, bigarrenak lehena babestu ez baina lehenak bigarrenaren hautagaia babestea edota, zenbakiek posible egiten badute, PSNren, Geroa Bairen, Ahal Dugu-ren edota Ezkerraren arteko gehiengo bat osatzea. Erantzunak, hilaren 26tik aurrera.
Udal eta foru hauteskundeak. Hego Euskal Herria
Puntu eta jarrai aliantzari
EAJ-PSE itunak gobernatu ditu aldundiak eta hiriburuetako udalak 2015-2019ko legealdian; formula horri eustearen alde daude bazkideak. Nafarroan, emaitzek zehaztuko dituzte M-26 osteko itunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu