Sophie Benbow. Fauna&Florako itsas biodibertsitateko burua

«Milioika espezie galduko dira itsas hondoa ustiatzen badute»

Ingurumenaren aldeko elkartearen arabera, ozeanoaren zoruko mineralen ustiaketen kalteek ez dute atzera-bueltarik izango

FAUNA&FLORA.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Itsasoko eta lurreko biodibertsitatearen alde egiten du lan Fauna&Flora elkarteak, eta hango itsas biodibertsitateko burua da Sophie Benbow (Cambridge, 1986). Gertutik ari da aztertzen itsas hondoko meatzaritzaren industriaren urratsak, uste baitu kalte gehiago eragin ditzakeela, onurak baino. Haren arabera, eremu ezezaguna da itsas hondoa, eta zientziak «asko» du ikertzeko oraindik.

Itsas hondoa eremu ezezaguna dela diozu, zergatik?

Itsas hondora jaisten garen bakoitzean, espezie berriak aurkitzen ditugu. Beraz, oso eremu ezezaguna da guretzat. Ez dakigu, zehatz-mehatz, zein izan daitezkeen itsasoaren sakoneko meatzaritzaren ondorioak, baina badakigu ondorio horiek kaltegarriak izango direla.

Ezagutzen eta ezagutzen ez ditugun milioika espezie daude itsas hondoan. Hango ezaugarriei egokituta daude jadanik, oso ingurumen hotza da, oxigeno putzu erraldoi bat. Mineralen ustiaketa aurrera badoa, litekeena da itsashondoko ekosistema suntsitzea, eta, ondorioz, oraindik zientziak ezagutzen ez dituen milioika espezie galduko dira.

Itsaspean bizi diren izaki bizidunei ez ezik, ingurumenari berari ere eragin diezaioke kalterik?

Bai. Ustiaketa jarduerak erabat aldrebestu ditzake itsaspeko ur-lasterren mugimenduak. Itsasoa ezinbestekoa da Lurraren oinarrizko funtzionamendua babesteko eta erregulatzeko. Zenbait ikerketaren arabera, berotze globalaren ondorioz sortutako gehiegizko beroaren %90 baino gehiago xurgatzen eta gordetzen du ozeanoak. Beraz, zoruko mineralak ustiatzen hasiz gero, litekeena da ur-lasterrak mugitu, eta hor behean pilatutakogas kutsagarriak itsas azalera irtetea.

Bestalde, aintzat hartu behar da arrisku posible horiek ez dutela atzera-bueltarik. Ozeano hondoko ekosistemak milaka urte behar izan ditu egun dagoen egoerara moldatzeko, baina meatze jarduerek minutu gutxian suntsituko lukete milaka urteetako garapena. Are, ez dakigu zenbat denbora behar genukeen ekosistema hori berreskuratzeko, ezta posible den ere.

Nazioarteko Itsasoen Agintaritzak eta nazioarteko entitateek ba al dute arrisku horien berri?

Bai, arrisku guzti-guztien berri dute. Adibidez, Deep Sea Correlation ikertzaile taldeak zenbait ikerketa egin ditu, eta ISA Nazioarteko Itsasoen Agintaritzari bidali dizkio. Halere, urte hauetan zehar, itsas hondoa aztertzeko 30 baimen inguru eman ditu ISAk, eta ikusteko dago itsas hondoko meatzaritza arautzen duen edo ez.

Posible da itsas meatzaritza eta ingurumenarekiko jarduera iraunkorrak uztartzea?

Mineralak ustiatu nahi dituzten konpainia horiek etekinak nahi dituzte, besterik ez. Hitzeman dute ingurumenaren aldeko neurriak eta arauak beteko dituztela, baina, gaur-gaurkoz, ez dago itsas hondoko meatzaritza erregulatzen duen araudi sendorik. Hortaz, zaila izango da haien ustiaketa jarduerek ingurumenean kalterik ez izatea. Gainera, itsas hondoko mineralak ustiatzeak ez du esan nahi lurrekoak ustiatuko ez dituztenik. Horiek ere ustiatuko dituzte.

Baina konpainia horien arabera, energia berdearen aldeko pauso bat da itsas meatzaritza...

Hori diote, baina errealitateak ez du hori islatzen. Fauna&Flora elkarteko kideok ere deskarbonizazioaren alde gaude. Baina itsasoko mineralak ustiatu beharrean, beste erabilera bat eman behar zaie dagoeneko lurretik ustiatzen dituzten mineralei. Ekonomia zirkularraren alde egitea da deskarbonizazioren aldeko urratsik egokiena, ez itsasoak ustiatzea eta ekosistemak suntsitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.