Aukera bat deskarbonizazio zaileko sektoreentzat

Hidrogeno berdea eta haren deribatuak baliagarriak izan daitezke elektrifikatzeko zail edo ezinezko diren industrientzat eta garraioentzat

Frans Timmermans eta Kadri Simson, atzoko aurkezpenean. VIRGINIA MAYO / EFE.
Irune Lasa.
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak deskarbonizatzeko zailak diren sektoreetan jarria du begirada, eta uste du hidrogenoa eta haren bidez sortutako erregai sintetikoak baliagarriak izan daitezkeela helburu hori lortzeko. Oraindik ere oso garestia da hidrogenoa ekoiztea, nahiz eta erregai fosilak erabili, baina gero eta gehiago dira ekoizpen garbiago eta merkeagoa lortu nahi duten aplikazioak eta proiektuak.

Altzairugintzan hidrogenoa berdea erabiltzeak burdinaren eta altzairuaren karbono aztarna dezente murriztuko luke. Labeak berotzeko argindarra hidrogeno berdetik hartzea izan daiteke modu bat (kokea ordezkatuz), eta aztertzen ari dira erredukziorako ere baliagarria izan daitekeen. Kimika industriaren eta zementugintzaren deskarbonizaziorako ere balio dezakeen begiratzen ari dira.

Itsas garraioaren isurketak murrizteko ere erabil daiteke hidrogeno berdea, hura beste zenbait osagairekin nahasita erregai sintetikoak ekoitzi baitaitezke; amoniakoa eta metanola, batez ere.

Aire garraioa da deskarbonizatzeko zail ikusten den beste sektore bat; hegazkin elektrikoak urrun ikusten direla, kerosenoa ordezkatzea ez da horren erraza, baina badaude proiektuak antzeko erregai sintetikoren bat (e-kerosenoa) ekoizteko.

Ibilgailu astunak. Kamioi, autobus, garabi eta halakoen isurketak murrizteko bide bat hidrogenozko erregai pilak izan daitezkeela ere pentsatu da. Dena den, denak ez daude ados horretan, uste dute bateria elektrikoak nahikoa izango direla horretarako, eta alferrikakoa dela argindarra gas bihurtzea gero hura atzera argindar bihurtzeko.

Argudio horren aurkakoek, berriz, diote hidrogeno berde hori ekoizteko argindarra oso merkea izango dela, argindar eskaera txikiko eta ekoizpen handiko garaietan sobran egongo den argindarra baliatu ahalko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.