Sormena eta eromena. Rithee Cevasco. Psikoanalista eta soziologoa

«Literaturak bereziki inspiratu du psikoanalisia»

?'Subjektuaren gaizkizateak egungo gizartean' solasaldian parte hartu zuen herenegun, Bernardo Atxaga idazlearekin batera. Gizarte honek sortutako ezinegonei aurre egiteko sormen lanek zabal ditzaketen bideez mintzo da; gizarteak ezinegonak sortzeko dituen moduez ere bai.

BERRIA.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2019ko urriaren 27a
00:00
Entzun
«Sexurako eta heriotzarako» izateak pertsonari dakarzkion zailtasunez gain, egungo gizarteak beste batzuk sustatzen ditu, Rithee Cevascoren ustez. «Mendebaldeko gizarteok kapitalismoak markatuta daude, eta, berezko zailtasunez gain, kapitalismoak lotura sozialerako modu tradizionalak ezabatzen dizkio subjektuari». Kapitalismoa lotura sozialen kalterako aritzen da, dioenez, gizabanakoaren eta ustez aseko duten ekoizpen industrialeko objektuen arteko loturak lehenesten dituelako. «Asebetetze hori ezinezkoa da, baina».

Gizarte bakoitzak bere ezinegonak sortzen omen ditu. Zeintzuk dira gizarte honen ezinegon adierazgarrienak?

Depresioa eta toxikomania —dela legez kanpoko zein botiketako drogek eragina— dira egungo ezinegonen formarik zabalduenak. Gizarte honek dakarren asebetetze ezak desioaren motorra agortzen du azkenean, eta depresioa dator segidan; edo ase ezineko grinez zerbait hartu beharra.

Bestalde, kulturaren feminizazio batera goaz. Menperakuntza maskulino klasikoa auzitan jartzea dakar horrek. Sigmund Freudek uste zuen emakumeok ez zirela gai zibilizazio lanetarako, eta pentsamendu hori ezin da indarrean egon, emakumeen tokia aldatu egin delako gizartean. Eta ez da ahaztu behar emakumeak gizarte eta kultur ekoizpen eremuetan ahaldundu ahala, feminizidio gorakada bat gertatu dela. Gorakada hori ez da ikusgarritasun gorakada soila; tratu txarrek ere, biolentziak, gora egin dute.

Ados al zaude gizarte honek subjektuen ezinegona patologizatzen duela diotenekin?

Neurri batean, bai. Ez dira jasaten nagusi den diskurtsoarekin bat egiten ez dutenen erantzun singularrak, sintoma propioak. Ondorioz, desbideraketa, patologia, eznatural gisa tratatuak dira. Formula arin samar batean esateko: ezinegonaren gorakada daukagu zibilizazio kapitalistan, erantzun singularren aitortzarik eza, eta erantzun horien patologizazioa. Sintoma diodanean, desio, maitasun eta gozamenerako zailtasunen aurrean norberak bilatutako konponbideen adierazpideez ari naiz, eta sintomaren balio disidentea ukatzen da.

Arte guztiak izan dira, historikoki, ezinegon horien katalizatzaile. Egungo ikuskizunaren eta merchandising-aren gizartean, noraino betetzen dute lan hori?

Ezinegona bideratzeko moduak asmatu izan ditu jardun artistikoak, sublimazioaren bitartez. Artelana kontsumo objektu soil gisa eskaintzen zaigunean, ekoizpen kapitalistaren desioaren moldaketarako tresna besterik ez da. Freudek arteari onartzen zion sublimaziorako baliotik aldenduko litzateke, baina auzia askoz konplexuagoa da, dudarik gabe. Dena ez da logika kapitalistarekin egiten, eta berrikuntzarako tartea dago arteetan zein beste eremuetan, sortzeko.

Hain boladako bihurtu diren telesailek, bestalde, gure egungo desio eta gozamen moduetan nagusi diren ereduei buruzko egiak esaten dituzte, eta gure etorkizunak har ditzakeen forma batzuk aurrikusarazten. Kontua, beraz, ez da ikuskizunaren gizartea salatzea bakarrik, ikuskizun horretan garaiak egokitu dizkigun gakoak dekodifikatzea baizik.

Teoria psikoanalitikoek eragina al dute oraindik ere diziplina artistikoetan?

Ez dakit teoria psikoanalitikoek zenbateraino eragin duten arteetan. Zalantzarik ez dut egiten, hori bai, sormen artistikoek, literaturak bereziki, psikoanalisia inspiratu dutela. Jacques Lacanek zioen arte obra dela psikoanalistak inspira ditzakeena.

Eromena inspirazio artistikorako iturritzat hartu, eta artista askok izan du mira eszentriko, bazterreko, erotzat jotakoekiko.

Gauza batek hurbiltzen ditu inspirazio artistikoa eta eromena: diskurtso nagusiaren adierazpideak —zentzuna deitu ohi zaion hori— apurtzen dituzte. Hor datza artelanari sozialki onartu ohi zaion izaera subertsiboa. Psikositik bereizi behar litzatekeen ustezko eromenari dagokionez, desbideratze gradu bat da; baita gure askatasun gradua ere, «denontzako» ordena ezartzen duten diskurtso nagusiek bultzatutako alienazioaren aurrean.

Buru gaixotasunak estigmatizatuta segitu du. Eromenarekiko gure harremana zenbateraino aldatu da?

Ez dut uste asko aldatu denik buru gaixotasunekiko gure harremana. Buruko gaixotasun kontzeptua bera ere... Buruko osasunerako politiken oihartzuna da, eta gai konplexua oso. Non bukatzen da zentzuna eta non hasten buruko gaitza?

Biopolitika arlo guztietan ari da bultzatzen, osasunaren eta norbanakoaren ongizatearen izenean, egin behar denaren eta egin behar ez denaren gaineko arauak. Osasuna modu orokorrean zaindu nahi duten aginduek inbaditu gaituzte, norbanakoaren aukeratzeko askatasun mailaren kalterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.