Gerra Ukrainan. Energia merkatua

Errusiak bere petrolioa saltzeko arazoak ditu

Mendebaldeko enpresek uko egin diote Errusiako petrolioa erosteari. Gasa %60 ere garestitzera iritsi da; petrolio upela, berriz, 110 dolarrera

Gazpromen Moskuko egoitza, artxiboko irudi batean. MAKSIM XIPENKOV / EFE.
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Iragarpen guztiak bete egin dira, eta Ukrainako gerrak energiaren garestitze handi bat ekarri du. Gasaren prezioa %60 ere igo da, nahiz eta Errusiak artean ez dion utzi Mendebaldea hornitzeari. Petrolioak 110 dolarren muga hautsi du, eta haren eragina nabarmena da Euskal Herriko gasolindegietan ere, egunez egunen markak hausten ari baita erregaien prezioa. Asko garestitzen ari dira garia eta artoa ere, Errusia eta Ukraina esportatzaile handiak direlako.

Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak hartzeko orduan, tentuz jokatu dute Europako Batasunak eta AEBek. Energiaren alorra zigorretatik kanpo utzi dute, Europak Errusiaren gasaren eta petrolioaren menpekotasun handia duelako: gasaren heren batetik gora eta petrolioaren laurdena lortzen du Errusiatik.

Baina Errusian hidrokarburoak erostea debekatuta ez dagoen arren —eta horretan aritzen diren banku errusiarrek SWIFT sisteman jarraitu arren—, iturri hori agortzen ari da. «Errusiako petrolioaren %70ek ez du nork erosi. Europako konpainia handiak ez dira ukitzen ari Errusiako petrolioa, eta soilik Europako findegi eta artekari gutxi batzuk daude oraindik merkatuan», azaldu du Energy Aspects enpresako analista batek. Erabaki politiko bat ez ezik —Errusiarekiko loturak haustea—, arrazoi ekonomikoak ere badaude: garraioaren kostuak izugarri handitu dira, itsasontziak eta haien kargamenduari aseguruak egiteko arazoak hedatzen ari dira, eta operazioak itxi ahal izateko segurtasun txikia dute bi aldeek. Horren ondorioz,upela Brenta baino merkeago saldu arren, ekoizle errusiarrak arazoak izaten ari dira erosleak aurkitzeko.

Errusia munduko ekoizle handienetan hirugarrena da, AEBen eta Saudi Arabiaren atzetik. Egunean gutxi gorabehera 7,5 milioi upel esportatzen ditu, eta horren %53 doa Europara, eta beste %39 Asiara.

Hileroko bilera izan zuten atzo LPEE+ taldean bildutako petrolio esportatzaile handiek, besteak beste Errusiak. Abuztuaz geroztik, pandemiaren ondorioz merkatutik kendutako produkzioa berreskuratzen ari dira, hilero 400.000 upel gehituz. Erritmo horri eustekoak dira, gehiago handitzeko presioak gorabehera.

Gasontzi bat Bilborantz

Bilbora ere iristen dira Errusiako hidrokarburoak. Petronorrek bere findegirako erabiltzen du petrolioa, eta Bahia de Bizkaiak bere ziklo konbinatuko zentrala elikatzeko, eta sarean banatzeko. Hain zuzen ere, hilaren 12an da iristekoa Errusiako Nikolay Urvantsev gasontzia, biltegietan 172.000 metro kubiko gas dituela. Ikusteko dago, ordea, lurreratuko ote den, Espainiako Gobernuak debekatu egin nahi duelako Errusiako ontzien porturatzea. Erresuma Batuak jada itxi die bidea, eta gaia aztertzen ari da EB.

Batasuna AEBen, Qatarren, Aljeriaren eta beste ekoizleen atea jotzen ari da, haietatik gas natural likidotu gehiago ekartzeko. Garestiagoa da, eta Asiako herrialdeekin ari da lehian energia iturri hori bermatzeko, eta horrek prezioak igotzea ekarriko du.

Udaberria gerturatu ahala, jaitsi egiten da gas kontsumoa Europan, berogailuak gutxiago behar izaten direlako. Hilabete beroak gas biltegiak betetzeko erabili ohi dira, eta, horregatik, kezkarik handiena ez da epe laburrekoa, epe erdikoa baizik: Europa gai izango da hurrengo negurako biltegiak betetzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.