Egun beltza izan zen herenegungoa. Arrasto sakona utzi duen albiste baten berri jakin zen: David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak hilik topatu zituzten Burkina Fason, legez kanpoko ehizari buruzko dokumental bat egiten ari zirela; kazetaritza mundua astindu zuen albiste lazgarria izan zen. Hala oroitu du Mikel Reparaz EITBko nazioarteko arduradunak: «Bagenekien atzerritar batzuk bahituta zeudela Burkina Fason. Ezagutzen genituenen artean hitz egin genuen, eta hasieratik konturatu ginen horiek David eta Roberto zirela, ez zietelako erantzuten mezuei. Gero, albisteak etorri ziren, eta esan zuten hilda aurkitu zituztela. Oso kolpe gogorra izan zen: ez ezagutu genituenentzat bakarrik, mundu osoarentzat baizik». «Pena handia» hartu zuela dio Mikel Aiestaran kazetariak ere: «Oso gertukoak ziren». Adierazi du «oso azkarra» izan zela dena.
Gatazka guneetan zaildutako kazetariak ziren Beriain eta Fraile, azken urteetan bidelagun izandakoak. Aiestaranen arabera, «bikote paregabea» osatzen zuten. «Lehen lerroan lan egiteko bereziki trebeak ziren;, ahalmen handia zuten arrisku handiko egoera batean lan egiteko. Lerroak zeharkatzen zituzten beldurrik gabe, eta hori ez da erraza izaten». Reparazek ere bide beretik jo du: «Kazetaritza eskola jakin batekoak ziren, arrisku handiak hartzen dituztenak, botak lokatzez zikintzen dituzten horietakoak». Kasu askotan «muturreko gaiak» bilatzen zituztela dio, eta Beriainek zuen «dohain bat» ekarri du gogora: «Entzuten zekien; bazekien bestearen lekuan jartzen. Berak esaten zuen askotan herri txiki batekoa izatea —Artaxoakoa (Nafarroa)— superbotere bat zela harentzat, bazuelako jendearekin hitz egiteko eta enpatizatzeko ahalmen hori».
Aiestaranek nabarmendu du, gainera, pertsona eta kazetari «jantziak» zirela. Eman du azalpena: «Ez ziren lehen lerrora joaten bakarrik tiroketak grabatzeko edo akzio puntu hori lortzeko; edozein bidaia egin aurretik, produkzio aldetik lan handia egiten zuten». Oso gertuko pertsonak zirela ere azpimarratu du.
Bi kazetariak definitzeko orduan, zuten «bokazioa» nabarmendu du Reparazek. «Barruan zeramaten zerbait zen. Kazetaritza lanbide bat baino gehiago zen haientzat». Bat datoz Reparaz eta Aiestaran: «Anbizio handiko» kazetariak ziren biak. Hala oroitu du Aiestaranek: «Beti esaten nion Davidi apur bat lasaiago ibiltzeko. Haren proiektuak beti handiak ziren; oso gora jotzen zuen. Hori zen haren filosofia». Horretarako askotan bidaia «arriskutsuak» egiten zituela aitortu du. «Berak hartzen zituen pentsatuz gai borobil bat egin behar zela, beste batek egingo ez zuen lan bat. Eta lortu zuen; zenbait tokitan benetan lan borobilak burutu zituen».
Beriainen beste ezaugarri bat ere nabarmendu du Aiestaranek:talde lana egiten eta taldeak sortzen zeukan trebetasuna; eta hala elkartu zen Frailerekin. «Roberto beti bigarren lerroan zegoen, lasai-lasai, baina, muturreko momentu horietan, ez dut beste inor ikusi kamera horrela erabiltzen. Segundo gutxi batzuk izaten dira: begirada bat, mugimendu bat... baina beti hortxe zegoen».
Aiestaranek dio Beriainen lanak «harrigarriak» direla, eta hura izan dela proiektuen «aurpegia», baina irudi horien atzetik beti Fraile egon dela.
Baloratu gabe
Bi euskal kazetarien hilketaren berri jakin ostean, hausnarketarako tartea ere hartu zuen Reparazek. «Atzo —herenegun— bururatu zitzaidan gauzetako bat izan zen kazetaritza munduan ez dagoela konpromiso handiagorik zure bizitza arriskuan jartzea baino; baina ez dakit zer puntutaraino den horrela. Oso kontziente ziren beren bizitza arriskuan jartzen zutela horrelako lanak egiten zituztenean, baina uste dut kazetaritza munduak eta enpresek kontuan hartu behar dutela horrelako kazetaritza egiteko baliabideak behar direla, eta baliabideak eman behar zaizkiela kazetariei».
Hala, adierazi zuen alde horretatik nazioarteko kazetaritza ez dagoela «behar bezala baloratuta», eta garrantzitsua dela hori ere hizpide hartzea. «Askok ez dituzte behar dituzten babes neurriak eta baldintza ekonomikoak». Bide horretan, azken urteotan nazioartean eta gatazka eremuetan lan egiten duten kazetarien baldintzak asko aldatu direla dio, okerrera. «Hedabide handiek berriemaileen toki asko itxi dituzte. Askotan kolaboratzaileekin egiten da lan hori, eta horiek ez dituzte berriemaile bereziek zituzten baldintzak: ekonomikoak, segurtasunezkoak eta beste».
Aiestaranek dio bera «babestuta» sentitzen dela, baina hau gehitu du: «Orokorrean, eta bereziki azken urte hauetan, Siriako gerra hasi zenetik esango nuke, geroz eta jende gutxiago ikusten da. Eta hasten denak berehala sumatzen du oso mundu lehiakorra dela. Gainera, alde batetik, garestia da, eta, bestetik, zenbat balio du estaldura batek Alepon? Edo Libiako gerra frontean?». Haren irudiko, oso zaila da hori kalkulatzea, prezio bat ezartzea, baina uste du ez dagoela «ondo baloratuta». «Ez dut uste etxetik jendea konturatzen denik zer-nolako lana dagoen horren atzetik, eta zer-nolako arriskua».
Haien jardunak duen garrantzia azpimarratu du Reparazek. «Informazioa eman nahi badugu, munduan gertatzen dena kontatu nahi badugu, toki horietan kazetariak izatea ezinbestekoa da. Esanen nuke inoiz baino inportanteagoa dela han bertan izatea, eta informazioa kontatzeko botak zikintzea». Aiestaranentzat ere «ezinbestekoa» da nazioarteko kazetaritza, eta oso «parte inportantea da» gizarte batean ondo informatuta egoteko. «Gatazka guneetan edo gatazka ondorengo eremuetan lan egiteko kazetariak izatea ere oso garrantzitsua da, eta Euskal Herrian puntako kazetariak ditugu horrelako toki zailetan aritzeko».
Haren arabera, beharrezkoa da «zibilen egoera tokitik ikustea, sufrimendu hori kontatzea; testigantza bertatik bertara jasotzea. Hori ezinbestekoa da gauzak behar den bezala azaltzeko, irakurleak gertuko ideia bat izateko».
Burkina Faso. Bi kazetarien hilketa
Kazetaritzan eredu diren bi ikur
Astelehenean hil zituzten David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak, Burkina Fason. Kolpe latza izan dela aitortu dute Mikel Aiestaranek eta Mikel Reparazek, eta bi kazetariek egindako ibilbide oparoa oroitu dute. Haien irudiko, gatazka guneetako kazetaritza lana ez dago aski «baloratuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu