Siria. Gerraren ondorena

Itzulera seguruaren mitoa

Iheslarien harrerako herrialde batzuetan, errefuxiatu siriarren kontrako sarekadak eta deportazioak egiten dituzte, argudiaturik Sirian bakealdia dutela, baina zenbait taldek ukatu egiten dute hala izatea.

Damasko erdialdeko merkatua, Al-Assaden bandera bat erdian duela. J. C. VEGA.
Damasko
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun

Bere garaian, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek «hiltzaile» deitu zion Baxar al-Assadi, eta haren kontrako oposizioan zihardutenak babestu zituen; gaur egun, ordea, harekin moldatzeko prest dagoela dio. Hain zuzen, Erdoganek negoziazio prozesu bati ekin dio Siriako presidentearekin; ustez, Siriako gatazkaren amaia ekarrarazteko asmoz. Gerra izoztuta dago aspalditik. Gaur egungo presidentearen aita Hafez al-Assad-ek 1971n hasitako erregimenak, azkenerako, estatuko lurralde guztiak kendu zizkien matxinoei, baina oraindik bada bat haren kontrolpetik kanpo Siria ipar-mendebaldean.

Ikusi gehiago:Sirian ez dago nora itzuli

Gotorleku horrek oraindik hor dirauenez, turkiarren aldeko milizia armatuen boterepean, ezin da garaipenik dekretatu paper gainean. Lekuan bertan ere ez dago garaipena aldarrikatzeko arrazoirik. Siriarrek urteetan ohartarazi izan dute Al-Assadek borrokan segituko zuela bere iraupen politikoa segurtatu arte, eta, lortu ezean, su emango ziola herrialdeari. Azkenean, bi gauzak gertatu ziren. Hala ere, lurralde kontuetan aurrera egin dutenez, Al-Assaden gobernuak eta haren babesle errusiarrek eta irandarrek propaganda eta diplomazia kanpainak abiatu dituzte, ez dagoen normaltasun bat antzeratu nahian.

Miseriak eta etorkizunik ezak itota dauzka siriar ia guztiak, ozta-ozta bizi baitira azpiegitura zibilak bonbardatuta dauzkan herrialde bateko kaosean. Horrek ez dio eragozten gobernuari turismo industria sustatzea, baina soilik Damaskon eta beste hiriren bateko toki jakin batzuetan ibiltzea baimentzen dio: antzezleku moduko batzuk bihurtu ditu toki horiek. Zenbait youtuberren jarduerak, berriz, gatazkan dagoen herrialde batean ibiltzearen morboa ustiatzen du, eta horrek, azkenean, nahi gabeko publizitatea egiten dio Sirian ustez duten bakealdi horri. «Seguru baino seguruago sentitzen naiz», zioen bere kanalean eduki sortzaile britainiar batek, Backpacker Ben izenekoak: «Oinez gabiltza hirian barrena, kalean garagardoak edanez, jendearekin hitz eginez».

Ahalegin diplomatikoak

Milioika ikustaldi dituzten mezu horiek bat egiten dute erregimenaren ahalegin diplomatikoekin; izan ere, erregimena berriro hasi da harremanetan arabiar munduaren parte handi batekin. Urteotan, herrialde ugarik ireki dituzte berriro beren enbaxadak Siriako hiriburuan; tartean dira Arabiar Emirerri Batuak, Oman eta Bahrain. Eta, orain, Txinak beste bultzada bat eman du. Badirudi Pekinek betetzen duela Ameriketako Estatu Batuek Ekialde Hurbilean utzitako hutsunea, eta, haren bitartekaritzari esker, akordio bat lortu da orain dela gutxi Saudi Arabiaren eta Iranen artean: horiek biek ere iragarria dute berriro irekiko dituztela beren enbaxadak.

Potentzia bi horien artean haustura diplomatiko bat izan da zazpi urtean, eta aurkakotasun politikoa urte askoan; beraz, orain elkarrengana hurbildu izanak ondorio batzuk ekarri ditu Riad eta Teheran lehian dabiltzan eremu batzuetan, eskualdean bietatik zein nagusituko. Halaxe gertatzen da Yemenen ere, non Teheranek huthiak babesten baititu saudiek babestutako koalizio baten kontrako gerran. Eta beste hainbeste Sirian: sauditarren familiakoek babesa eman zieten Al-Assaden kontrako borrokan zebiltzan errebeldeei, eta orain, berriz, iragarria dute berriro irekiko dutela Damaskoko beren enbaxada, 2012az geroztik itxia.

Sei milioi siriarrek ihes egin behar izan zuten herrialdetik, gerran bizia galdu zuten 500.000 lagunek bezala amaituko ez bazuten, eta orain mesfidati begiratzen diete holako prozesuei. Badakite harrerako herrialde asko ari direla edozein argudio ontzat jo eta arrazoitu nahian Siria herrialde segurua dela eta badutela nora itzuli.

Aia Majzub Amnesty Internationalek Libian duen ikertzailea da, eta hori gezurra dela esan du: «Siria ez da iheslariak itzultzeko moduko leku segurua». Gehiago zehaztu du: «Dokumentatua dugunez, Libanotik eta Jordaniatik Siriara itzulitako iheslarien atxiloketa arbitrarioak badira oraindik ere, desagerpen behartuak, torturak, sexu erasoak, bai eta erailketak ere». Hala eta guztiz ere, Libanoko agintariek sarekadak egin dituzte siriarrak bizi diren auzoetan, eta ehunka siriar deportatu zituzten iragan apirilean. Iheslari horietako zenbait, Amnesty Internationalen eta beste talde batzuen arabera, Siriako agintariek atxilotuak izango dituzte honezkero.

Siriar Desplazatuen Ahotsak erakundeak egindako ikerlan batean iradoki duenez, Siriara norberak hala nahita itzultzea mito hutsa da ia. Gehienek harrerako herrialdeetatik alde egin behar izaten dute, lege oztopoak direla eta; besteak beste, familiak berriro batzeko politika murriztaileen ondorioz. Urteotan ehunka mila lagun arriskatu izan dira bakarka migratzen, eta, azkenean, horrexegatik itzuli izan dira nagusiki. «Bizitza jasanezina da maite dituzun horiek gabe», zioen ikerlan horretako inkestatu batek, Alemaniatik Damaskoko aldirietako auzo batera itzuli eta gero, Jaramana-ra. «Zertarako bizi zeruan, zure jendea han ez badago», ondorioztatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.