Euskara

Euskara «zikina», eta ez hain «museokoa»

Dozenaka lagun bildu dira 'Euskararen marka' ikerketaren aurkezpenera, eta aurkitutakoari buruz hausnartzeko parada izan dute. Euskara «modernotasunarekin» lotzearen beharra azpimarratu dute.

Dozenaka pertsonak hausnartu dute euskararen markaz. EHU.
Javi West Larrañaga.
Bilbo
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
What the fuck. Begiratu el corte de pelo del pana». Lehenengo batxilergoko ikasle batek solasaldi batean erabilitako esaldia aipatu du Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Euskararen marka ikerketaren aurkezpenean. «Eta gu, euskarazko irakasleak, pozik, gutxienez aditza euskaraz esan duelako», gehitu du. Dobaranen ustez, «gizarte aldakorra» eta «egungo kontsumo erak» tarteko, Euskal Herriko gazteek Mendebaldeko gazteen antzeko gustuak dauzkate, eta eremu digitalean ingelesak eta gaztelaniak hartu dute nagusigoa.

«Gudu zelai honetan asmatu beharko dugu euskara kokatzen eta erakargarri egiten, beste hizkuntzekin batera bere tokia izan dezan», azaldu du. Horretan lagunduko du ikerketak haren ustez: «etorkizunerako beharrezko estrategiak» eta «diskurtso berritzaileak» asmatzen.

Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak erakundeen rola azpimarratu du, eta esan du euskararen normalizaziorako hiru zutabeetako bat dela: «Hizkuntza politika da elementu nagusia, baina horrekin soilik ezinezkoa da hizkuntza normalizatzea. Ezinbestekoak dira gutxienez politika eraginkor hori eskatu eta babestuko duen herri ekimen iraunkorra eta aurreko biei zentzua emango dien komunikazio estrategia sendo eta iraunkorra».

Euskal Herrian Euskaraz-eko Urko Aierbe kideak beharrezko ikusi du ikerketa: «Euskararen normalizazioari begira, ezinbestekoa da egoera zein den zientifikoki jakitea». Esan duenez, orain arte askotan «intuizioz» hartu ditu erabakiak euskalgintzak, eta ikerketa objektiboak lagungarri izango dira normalizaziorako.

Ikerketaren gako batek harritu du Aierbe: oraindik euskara baserriekin lotzeak. Ikerketaren arabera, %76k lotzen dute euskara baserriarekin, eta «modernotasunarekin» erlazionatzen hasteko beharra nabarmendu du: «Zeregin handia dugu euskara bestelako baloreekin lotzeko: hiritartasuna, arlo ekonomikoa, kirol mundua...».

Era berean, kezka puntu batekin erreparatu dio euskarak askorentzat «politasunarekin» daukan loturari. Ikerketan parte hartu dutenen %77k esan dute euskara «polita» dela. «Arriskutsua da, euskara museoan kolokatzeko aukera azaleratzen duelako. Euskarak polita izan behar du, baina bestelako baloreekin zikindu behar dugu: kalekoa eta egunerokoa izan dadin, eta ez horren museokoa», adierazi du.

Kafea eta solasa

Word cafe formatua erabili dute ikerketaren aurkikuntzez eta euskararen markaren erronkez hausnartzeko. Hainbat talde txikitan banatu dira joan direnak, eta gero publikoan adierazi dute solasaldietan esandakoa. Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak taldean esan duenez, ez da berez txarra euskara eta baserriak lotzea. «Ni baserritarra naiz, eta harro nago, eta baserritarra izateak ez du kentzen moderno izatea edota Netflix ikustea. Ez dira kontraesanezkoak».

Ideia berari eutsi dio Miguel Aizpuru kazetariak, beste alde batetik. Esan du ez dela «negatiboa» euskara baserriekin lotzea, baina euskarak irudi «modernoago» bat behar duela «etorkizun globalerako».

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariaren aburuz, «gehiegi» jartzen da arreta gazteengan eta nerabeengan, eta 35-45 urteko jendeak ere asko du oraindik eragiteko: «Belaunaldi berrien esku utzi dugu normalizazioa, baina etxean, kalean eta esparru askotan guk geuk izan behar dugu eredu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.