Nafar eskuin espainolistak urteetan haizatutako tesi euskarafoboenek badute jurisprudentzia. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko magistratuek eman diete helduleku juridikoa orain arte hauteskundeko mitinetan edota txistor usaineko manifestazioetan soilik entzuten ziren argudioei: euskararen inposizioa, erdaldun elebakarren bazterketa eta eskubideen aitortza euskal hiztunen ehunekora mugatu beharra. Horiek guztiak ontzat jo ditu auzitegiak, eta, kolpe bakarrez, hainbat urte egin du atzera: ez 55/2009 foru dekretuaren garaietara, baizik eta 2003. urteko egoerara. Garai hartan, euskara arautzeko dekreturik murriztaileena onartu zuen UPNren gobernuak: eremu euskalduna kenduta, administrazioari apenas ezarri zitzaion betebeharrik, eta herritarrekiko arretan euskara erabiltzea «borondatezko» bihurtu zen erabat. Horren ondorioz, euskara eskakizunik ez zen ezarri lan deialdi publikoetan, eta euskara ia desagertu egin zen agiri ofizial, eskuorri eta bide seinaleetatik. Euskaraz bizitzeko eskubidea bainoago, euskara ikusi behar ez izateko eskubidea bermatzen zuen dekretu hark.
Egoera horretara itzuli nahi izan dute UGT eta SPA sindikatuek, 2017ko euskararen dekretuari helegitea jarrita, eta epaileek esan diete baietz, arrazoia dutela. Hizkuntza eskubideak «administrazioei ez, herritarrei» dagozkiela irakur daiteke ebazpenean, baina errealitate horren interpretazio perbertsoa egin du auzitegiak: administrazioan lanpostu bat lortu nahi eta euskara meritu gisa ezarriz gero aukera gutxiago dituela uste duen erdaldun elebakarraren interpretazioa, alegia. Euskara ikusi behar ez izateko eskubidea, atzera ere.
Euskararen aurkako epaia Nafarroan. ANALISIA
Euskarafobiak behar zuen heldulekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu