Izurriteak are gehiago zabaldu ditu aurrez ziren arrakalak. Lehendik gainditu gabe zeuden krisiei gehitu zaie oraingoa, eta, ondorioz, gizarte egituraketaren pitzadurak sakondu egin dira. Emakumeek jasan dituzte batez ere horren ondorioak. Lehen ere funtsezkoak ziren baina orain lehentasun bilakatu diren sektore prekarizatuetan eta feminizatuetan aritu dira lanean, eta zaintza lanak beraien ardura izan dira beste behin. Ondorioa argia da: okerrera egin du andreen egoerak pandemian zehar. Eragileek sistema bera jarri dute jo puntuan, eta irtenbideak eskatu dituzte.
ELKARRIZKETA. Amanda Jimenez eta Leire Murgialdai, psikologoak: «Norberaren eta taldearen zaintzan egin behar da lan, paraleloki»
Bizitzak Erdigunean koordinadora feministak ikerketa bat egin zuen izurritearen lehen hilabeteetan, gizartea «eraldatzeko» tresna gisa. Jone Arrazola bertako kidea da, eta jokabideak izan ditu hizpide: «Botere politiko eta ekonomikoek osasun krisi hau euren interesen alde egiteko baliatu dute hasieratik, eta emakumeon kontrako indarkeria patriarkala eta koloniala areagotu egin dute». Emakundek ere azterketa bat egin zuen, EDE Fundazioarekin elkarlanean. Hain zuzen, Emakundeko azterlan, dokumentazio eta plangintza arloko arduradun Noemi Alanguak azaldu du helburuetako bat zela COVID-19ak eragindako egoerari «genero begirada batetik» behatzea, halakorik ezean, emakumeen «behar espezifikoak ikusezin» bilakatzen direlako. Erantsi du, gainera, halako egoera batean «pobreziaren feminizazioa areagotzeko» arriskua dagoela.
Krisiak lan arloan ere eragin nabarmena izan du. ELA sindikatuko kidea da Jone Bengoetxea, eta azaldu du egoera hau «sistema patriarkal, kapitalista eta arrazista batean oinarritzen den krisi sistematiko bat» dela, eta «genero arrakalak» eremu guztietan zabaltzen dituela. Hark ere uste du pobreziaren eta prekarietatearen feminizazioa handi daitekeela: «Bizitzak eta zaintzak aldarrikatzen ditugu, baina praktikan, hartu diren neurriak horien aurkako bidean doaz». Eli Etxeberria LABeko kideak, berriz, esan du krisialdi honek emakumeengan eragin handiagoa duela, batez ere «konpondu gabeko zaintzaren gaiari» dagokionez. «Pertsonen zaintza emakumeen esku utzi da, baina ez da aitortzen andreok egiten duguna sekulako lana dela».
Enplegu galdua
Iazko konfinamendu zorrotzaren garaian lan merkatuan ere izandako itxierez eta langabeziaz mintzatu dira bi sindikatuetako kideak. Haien arabera, pandemiaren lehen zantzuekin batera, oinarrizkoak ez ziren ia aktibitate guztiak gelditu egin ziren, eta, gerora, lan erregulazioekin osatu ziren. Hala ere, aitortu dute enplegu horietako asko galdu egin direla, batik bat pribatizatuta dauden sektore prekarioetan. «Behin-behinekotasuna nagusi den eremuetako bat da, eta, beraz, enplegua erraz suntsitzen da; emakumeak nagusi dira sektore horietan», azaldu du Bengoetxeak, hala nola Inditex korporazioaren adibidea jarrita. LABek ere jardunaldi partzialak eta behin-behinekotasuna aztertu ditu, eta ondorioztatu du 2020an andre gehiago zeudela egoera horietan gizonezkoak baino. Areago, Gaindegiak eskainitako datuen arabera, gizonen aldean emakumeek 2,5 euro gutxiago irabazten dituzte lanordu bakoitzeko.
Langabezian ere joera errepikatu egiten da. ELAk eskainitako datuen arabera, iaz %15,3 hazi zen langabezia Hego Euskal Herrian, eta horietatik %55 emakumeak izan ziren. Halere, Etxeberriak erantsi du «gorabeherak» egoten direla, eta datuetatik harago beharrezkoa dela atzean ezkutatzen dena ikertzea: «Ezegonkortasun horren isla da andreok nola sartzen garen lan merkatuan; ematen du erabili eta botatzekoak garela; komodinak». Bengoetxearen esanetan, emakumeak zein sektoretan ari diren lanean aztertu behar da, eta horrek nola eragiten duen; besteak beste, kaleratzeengatik jasotzen dituzten kalte ordainetan.
Telelana ere izurritearen protagonistetako bat bilakatu da. Sindikatuen arabera, «kontziliazioaren arazoa» konpontzeko tresna gisa sortu zen, baina uste dute lana antolatzeko modu bat dela, eta, gainera, genero ikuspegia oinarri hartuta, emakumeek negoziatzeko eta antolatzeko dituzten gaitasunak «murriztu» egiten direla, langilearen bakardadea areagotzen delako, eta, ondorioz, botere guneetatik urrunago daudelako. Alanguak, berriz, uste du «baliagarria» izan daitekeela: «Baina pandemiak agerian utzi du telelanak ez duela konponduko gizonen eta emakumeen lan banaketaren arazoa».
Ikusgai, une batez
Lehen ikusezin ziren hainbat jardun ikusgai bihurtu ditu koronabirusaren pandemiak, eta zaintzaren eremua izan da nagusietako bat, baina Bengoetxeak nabarmendu du espektroa zabaldu beharra dagoela: «Izurriteak erakutsi digu zaintzak ez direla soilik egoitzetako langileak, baizik eta baita garbikuntzakoak, supermerkatuetakoak edo telemarketinekoak ere». Etxeberriak ere bide beretik eutsi dio, eta zehaztu duenez, sektore horietako askotan ez dute duin bizitzeko gutxieneko soldata jasotzen. Zehazki, LABek 1.400 eurotan du ezarria kopuru hori. Haren arabera, eragina handiagoa da feminizatuta dauden zaintza sektoreetan eta zerbitzu pribatuetan. «Guk egiten ditugun lanek balio gutxiago dute, eta, gainera, publikoak izan beharko liratekeen zerbitzuak pribatuak dira; negozio hori elikatzeko lan baldintzak ezin dira duinak izan, eta norbait esplotatu behar da».
Etxeko langileen egoera izan dute guztiek gogoan. Lorea Ureta Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kidea da, eta adierazi du izurritean etxeetako zaintza beste era batera antolatu dela: ohikoenean, langilea ez du beste inork ordezkatu, eta etxean sartuta egon behar izan da. «Kasu batzuetan, familiaren eta langilearen arteko akordio bat izan da, baina beste batzuetan mehatxuak egon dira tarteko; onartu ezean, kalera». Horrez gain, azaldu du ezohiko subsidio bat onartu dela etxeko langileentzat, baina askok ezingo dutela jaso, Atzerritarren Legea oinarri hartuta, egoera irregularrean daudelako, eta ez daukatelako gizarte segurantzarako eskubiderik ere.
Horrek guztiak eragina izan du andreon osasunean. «Kutsatu diren etxeko langile asko kaleratu egin dituzte, eta, laneko babes ekipamenduei dagokienez, ez da esku hartze handirik egin», azaldu du Uretak. Hala ere, erantsi du haien lana «funtsezkoa» izan dela: zaindutako pertsonen heriotzak ikertu ohi dituzte urtero, eta nabarmendu du ez dela gorabeherarik izan datuetan. Arrazolak ere azpimarratu du haien «lan eskergarik gabe» ezingo liratekeela adinekoak etxean zaindu, ez dagoelako zerbitzu publiko «nahikorik» guztiak artatzeko. Are, aipatu du agintariak jakitun daudela: «[Espainiako] Estatuak badaki emakumeak, euren egoera legeztatu bitartean, etxeko eta zaintza lanetan edozein preziotan enplegatzeko prest daudela, eta hori baliatzen du». Erantsi du «sexu langileen egoeraz ere kezkatuta» daudela, «babesik gabeko» lan egoera batean daudenez, ez dutelako prestazioak eta laguntzak jasotzeko eskubiderik.
Zaintza, ezbaian
Etxeberriaren arabera, izurriteak eragindako egoerek «ezin iristearen» irudipena sortu dute andreen artean, besteak beste, zaintzaren ardura hartu dutelako. Bat egin du Alanguak ere: «Areagotu egin dira zaintza lanaren ardurak, eta familiako kide guztiek dagokien ardura bere gain hartzen ez duten bitartean, emakumezkoek pairatzen dute gainkarga». Uretaren arabera, berriz, andreek «ahal dutena» egiten dute garaiotan, administrazioen aldetik ez dagoelako «asmo errealik» egoera konpontzeko.
Hala, zaintzaz hausnartu beharra izan dute gogoan eragileek. Bengoetxeak uste du «familia heteroarautu eta nuklearretatik» harago ere badaudela beste afektu eta zaintza harreman batzuk, eta komunitatearen balioa ere «sendotu» beharko litzatekeela. Esan du, ordea, haien aldarri nagusia «zaintza sistema publiko, doako eta unibertsal» batena dela, baina euskal gobernuek ez dutela «inolako borondaterik» eskaera horiek gauzatzeko: «Euskal agintariek ardura indibidualean utzi dute zaintzaren parte handi bat, eta ez dute beren ardura onartu». Arrazolak ere berretsi du «sistema publiko indartsu bat» beharrezkoa dela, eta aurrerantzean «zaintza eskubidea» aldarrikatzen jarraituko dutela: «Inor zapaldu gabe zaintzea posible egingo duen euskal zaintza sistema bat defendatuko dugu, eta pairatzen ari garen indarkeria guztiagatik justizia eta erreparazioa eskatu».
Horrez gainera, koordinakundeko kideek Eusko Jaurlaritza ere interpelatu dute. Hain zuzen, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak urrian adierazi zuen «zaintza zerbitzu guztien kudeaketa publikoa ekonomikoki iraunkorra izatetik urrun» dagoela eta «familia barruko zaintza» galduko litzatekeela. Arrazolak hitz horiek salatu ditu: «Akaso, justua eta desiragarria al da emakumeok edozein preziotan zaintzeko dugun inposizio patriarkala betetzea, edota herrialde txirotuetako andreak esklabizatzea etxeko langile gisa?». Hala ere, erantsi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alderdi politikoekin harremanetan daudela, eta ekainean euskal zaintza sistema publiko komunitario baterako proposamen bat aurkeztu zietela.
Etorkizuna kolokan
Bengoetxeak adierazi du «ziurgabetasuna» nabarmena dela: «Beldurra dugu izua bera izango dela gobernuek aprobetxatuko dutena murrizketak egiteko». Haren ustez, erakundeek «politika kontinuistak» egiten jarraituko dute, eta Europako Next Generation funtsak ere «baldintzatuta» iritsiko dira. Emakundeko kideak ez du argi zer gertatuko den, baina uste du neurriak hartu ezean «andreen pobrezia sendotzeko» arriskua egongo dela, eta indarkeria matxista ere areagotu daitekeela: «Maiztasuna eta larritasuna handitu daiteke, diru galerek gizonengan sortuko duen boterea galtzearen sentipenarengatik, besteak beste». Arrazolak ere bortizkeria hori izan du gogoan, egoera honetan kasu gehiago egon ditezkeela erantsita. Bide horretan, mugimendu feministak eginiko lana aitortu du: «Salatzeko bitartekoak sozializatu ditugu, eta zaintza sareak ere eraiki genituen itxialdi betean».
Etxeberriak, berriz, pentsio sisteman jarri du arreta. Nabarmendu du gaur egun gertatzen ari denak aurrera begira ere «eragina» izango duela, eta, emakumeekiko «zor patriarkala» dagoela: «Andre asko ez dira izan lan merkatuan, baina zaintza lanak egin dituzte beren etxean; ez dute inolako eskubiderik izan». Hau da, azpimarratu du emakume horiek «sostengatu» dituztela euren bizitzak eta lan merkatuan zeuden guztienak, baina «utzita» egon direla. Beraz, erantsi du «erantzukizun sozial bat» dagoela: «Gizarte moduan, ezin dugu onartu emakume bat egoera horretan iristea zahartzarora».
Aurrera begira, beraz, Bengoetxeak krisitik ateratzeko irtenbide feminista jarri du oinarrian, bizitzen eta zaintzen aldarria gogoan: «Andreon behar materialak hobetzeko eskatzea ez da gauza txikia egun, eta horrek ere ahalbidetzen du emakumeek botere pertsonala eta kolektiboa edukitzeko aukerak izatea». Eragileen ustez, horretarako, zaintzaren «demokratizazioan» urratsak egin behar dira. «Eraikita dagoen hori deseraiki behar dute irtenbideek», esan du Etxeberriak.
Uretak, etxeko langileak gogoan izanik, adierazi du araubidea aldatu beharko litzatekeela, Atzerritarren Legea «hipokrita» delako: «Paperik gabeko andreak egiten ari diren lana aprobetxatzen du, inolako eskubiderik eman gabe». Hala ere, erantsi du «baikorrak» direla aurrera begira, eta «kolektiboki» jardun beharra dagoela. Areago, uste du ikuspegi feministatik egin behar direla urrats horiek. Arrazolak ere «antolatu» beharra nabarmendu du, sareak sortzeko, elkar ezagutzeko eta eztabaidatzeko. «Gelditu eta egon beharra dugu, patxadaz eta gorputzetik partekatzeko, zaintzaz ulerkera eta estrategia ezberdinak baititugu».
Emakumeen Nazioarteko Eguna
GEHIAGO ZABALDU DIRA ARRAKALAK
Izurriteak eragin zuzena izan du emakumeen egunerokoan; hainbat eta hainbat aritu dira lan prekarioetan eta feminizatuetan, baldintza okerretan, eta zaintza lanak ere haien ardura izan dira. Eragileek egoeraz hausnartu beharra nabarmendu dute, zaintza sistema publiko baten aldarria helburu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu