Irudi du Jaione Jauregi (Donostia, 1958) azken orduak ematen ari dela Belgikan. Hango Kasazio Auzitegiak joan den asteartean eman zuen hura Espainiara bidaltzearen aldeko erabakia, eta handik gutxira atxilotu zuten, eta Ganteko espetxera eraman. Teorian, Belgikak hamar eguneko epea du auzitegiaren erabakia gauzatzeko, baina haren abokatu eta lagunek uste dute ez dutela denbora gehiago pasatzen utziko eta gaur bertan bidaliko dutela Espainiara.
BERRIA, Gara eta Flandriako De Standaard egunkarietako kazetariekin mintzatu da Jauregi, telefonoz.
Zer moduz zaude?
Ez oso ondo. Baina mentalizaturik nago, noiz eta nola eramango nauten ez dakidan arren. Alde batetik, liberaturik sentitzen naiz, apur bat nekatuta nengoelako horrenbeste jazarpen eta leku batetik bestera ibili beharrarekin. Ipar Euskal Herrian errefuxiaturik nengoela handik alde egin behar izan nuen paperak kendu zizkigutelako, eta garai hartanGALek ere lasterka ibiltzera behartu gintuen. Handik Mexikora joan nintzen, eta gero Belgikara etorri nintzen. Hemen ere jazarpenak ez du etenik izan.
Nolakoa izan zen zure atxilotzea?
Ustez, Kasazio Auzitegiaren erabakiaren ostean, eskumuturreko elektronikoa jarri behar zidaten, eta gero erabaki estradizioa noiz gauzatu. Baina asteazkenean polizia mordoa etorri zen nire etxera, oso oldarkor eta atxilotzeko agindurik gabe. Ez zidaten utzi nire abokatuarekin hitz egiten, eta gezurretan aritu zitzaizkidan: esan zidaten haiekin joan behar nuela eskumuturrekoa jartzera, baina espetxera eraman ninduten. Duela gutxi ebakuntza egin didate, eta sendagilearenera joan behar nuela esan nienean, zera erantzun zidaten: «Ez arduratu, Espainian hemen baino ospitale hobeak daude».
Helegiterik aurkeztu duzue?
Bai. Kasazio Auzitegiak onartu zuen estradizio eskaera, baina adierazi zuen hura ez zela gauzatuko eta aurrerago erabakiko zutela estradizioa noiz egin. Hori ez dute errespetatu, eta horregatik nire abokatuak helegitea jarri du.
Zer iritzi duzu gertatutakoaren inguruan?
Konturatu naiz truke txanpon bilakatu naizela Espainiak eta Belgikak poliziaren arloan dituzten aferetarako. Terrorista etiketa jarri didate, horrek dena errazten dielako, eta horren aurrean nik ez dut zer eginik edo zer esanik. Ikusiko dugu. Espero dut bidezko epaiketa bat izatea, baina zalantza handiak ditut.
Eta Belgikako Gobernuaren jarrera?
Dezepzio handia hartu dut horrekin. Uste dut Espainiak presio handia egin diola. Lehenengo aldiz atxilotu nindutenean, 2013an, Belgikako poliziek esan zidaten Espainiako poliziaren laguntzaren behar handia zutela, Espainiako hegoaldean ezkutatzen diren gaizkile belgikarrak harrapatzeko. Hala ere, Belgikak bi aldiz ezezkoa eman zion Espainiari ni estraditatzeko eskatu zuenean; hirugarrenean etorri da baiezkoa, eta hasieran izendatuta zeuden epaileak aldatu ostean.
42 urte eman dituzu erbestean. Nolako esperientzia izan da hori?
Horrek asko irakatsi dit, erbestean bizitzea une oro agertzen diren arazoei irtenbidea bilatzea baita, eta oso jende maitagarria aurkitu dut bidean. Urte hauetan guztietan lan pila bat egin dut, baina beti atezuan egon naiz, Espainiak ez diolako ni jazartzeari utzi. Lan egiteak, sukaldean aritzeak batez ere, terapia moduan balio izan dit, egoera hau edozein zoratzeko modukoa baita. Espainiako prentsa ere jazarri zait.
Orain, berriz, ostera ere abiarazi dute zure kontrako prozedura.
New Yorkeko Dorre Bikien kontrako atentatuaren ondoren erabaki zuten borrokan ibilitako guztiak terroristatzat hartzea, eta hori oso ondo etorri zaio Espainiari, edozein borroka mota aspaldi utzi eta munduan zehar barreiaturik geunden guztion kontra egiteko. Espainiarentzat, delituen preskribatzerik ez dago, euskal herritarrak tartean badaude, noski. GAL bai, hori preskribatuta eta ahaztuta daukate, eta ez da ezer gertatzen. Ni, aldiz, oraindik ez naute epaitu, ez dute nire kontra inolako frogarik, eta hala ere Madrilera iritsi bezain pronto kartzelara sartuko naute.
Nire kontrako auzia artxibatuta egon zen, eta berriro ireki zuten, Espainiako justiziak nahi duena egiten duelako. Estradizio eskaera atzera bota zuenean, Belgikako justiziak esan zuen auziak aspalditik artxibatuta behar zuela. Gainera, urteak dira ETA desagertu zenetik. Espainiak badu hortik zer ikasi.
Zer-nolako aldartearekin egiten diozu aurre etor daitekeenari?
Ez nago pozik, jakina, baina nire tristezia eta hunkidura gorabehera, esan dezaket duintasunez noala, eta aurrera egiteko gogoarekin. Espero dut beste inork pairatu behar ez izatea ni pairatzen ari naizena.
Jaione Jauregi. Belgikan preso dagoen iheslaria
«Konturatu naiz truke txanpon bilakatu naizela»
Erbestean 42 urte eman eta gero, Espainiara igorria izateko arriskuan dago Jauregi, Belgikako Kasazio Auzitegiak estradizio eskaera onartu ondoren; uste du Espainian ez duela «bidezko epaiketarik» izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu