Uraren kudeaketa. Annelies Broekman. CREAF

«Ura ezin da negoziatzeko ondasun bat izan»

ADRIANA CLIVILLE.
jokin sagarzazu
2023ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Agroekonomian aditua da Annelies Broekman, eta gertutik ezagutzen ditu Ebroko ur arroaren berezitasunak eta arazoak. CREAF Kataluniako Ikerketa Ekologikoen Zentroko ikerlaria da.

Ikusi gehiago:JATEN DUGUN LURRA

Zenbat balio du urak?

Mendebaldeko ereduetan, eskasiak sortzen du balioa. Gauza bat da balio ekonomikoa jartzea, prezio bat, baina ura ez da besteen pareko input bat. Ez dago ura erabat baztertu dezakeen jarduera ekonomikorik. Hor hartzen du balio ekonomikoa. Baina uraren balioa harago doa. Beste balio batzuk ere errespetatu behar dira.

Adibidez?

Balio kulturala du, antropologikoa: ura bizitzaren oinarria da. Zure seme-alabek zenbat balio duten esatearen parekoa da. Badu balio funtzionala ere: gure sistema hidrologikoek ez badute funtzionatzen beren dinamika naturaletan, huts egiten badute, gure habitaten kate osoa eroriko da: basoarena, itsasoarena... Eta horrek ondorio izugarriak ditu.

Uraren erabilera okerra zigortu behar da?

Baso batek zenbat balio duen, itsasoan arrainak edukitzeak zenbat balio duen... Dena monetizatu daiteke, baina desegokia iruditzen zait. Urarekin ere hori egiten saiatzen ari dira, CO2 emisioekin bezala. Baina entelekia bat da ekoizpen sistema osoaren eta bizitzaren giltzarria den horri balio ekonomikoa ematea. Ura ezin da negoziatzeko moduko ondasun bat izan. Ekosistemen funtzionaltasunari eusteak beste ezeren gainetik egon behar du.

Uraren kudeaketa publikoa ala pribatua?

Neurri batean publikoa da. Adibidez, prezioa araututa dago. Baina arazoa da bidea libre dagoela zenbait gauzatan. Bestalde, ura merkatu ekonomiaren parametroetan arautuko balitz, orain baino askoz garestiagoa izango litzateke, baina horrek uraren beste erabilera edo funtzio batzuei eragingo lieke, hala nola sozialei (edatekoa, higienea...), eta horrek pobrezia hidrologikoa eragin dezake. Nire ustez, bereizi egin behar dira funtsezko ekoizpenak eta negozio legitimoak izanagatik oinarrizko zerbitzurik ematen ez dutenak. Argi daukat ezin direla sektore pribatuen esku utzi gizarte ongizatearekin loturikoak.

Eta nola egiten da hori?

Uraren erabilera mugatuz. Plangintza publikotik definitu behar dira produkzio helburuetarako bolumenak, eta biztanleriaren ongizateari eragiten diotenak lehenetsi. Sektore produktiboak bolumen horietara egokitu beharko lirateke. Ez lukete negoziagarriak izan behar. Hori lurralde subiranotasunaren ikuspegitik egin behar da, horrek hurbilagotik begiratzen baitio klima aldaketaren ondorioei, eta hobeto zehaztu dezake lurralde batek zer-nolako nekazaritza industria onar dezakeen.

Elikagaien ekoizpena beti da oinarrizko zerbitzu bat?

Gauza bat argi dago: ezin dugu orain arte bezala jarraitu. Agroindustriaren interesek jasangarria ez den ekoizpen mota bat sustatu dute Europako hegoaldean. Lehorreko laboreak lehenetsi beharko lirateke hemen. Azken 40 urteetan, ureztapena modernizatzea izan da gai bakarra, eta uraren erabilera handitu baino ez da egin. Sortu dugun nekazaritza industrialari nabarmen eragiten diote nazioarteko merkatuek eta esportazioek.

Esaten da berrikuntza dela irtenbidea. Zer iritzi duzu?

Uste dut berrikuntza hitzaren esanahia zabaldu behar dugula. Soilik lehiakortasunean eta nazioarteko merkatuetan oinarritzen ez den teknologia batean pentsatu behar dugula. Berrikuntzak erabilgarria izan behar du burujabetzarako, erresilientziarako, arriskua kudeatzeko eta klima aldaketaren ziurgabetasunari aurre egiteko. Lehorreko laboreak dira etorkizuna, baina gero eta maizago iritsiko zaizkigun uholde urak kudeatzea, basoak zaintzea, hirigintza kontzienteago bat egitea ere bai. Niretzat, antzinako kontzeptuak gako modernoekin uztartzea da berrikuntza, soluzio teknikoak dibertsifikatzea.

Ikusi gehiago:Rick Hogeboon: «Elikagai batzuen esportazioa mugatu behar da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.