Atentatua Nizan

Indarkeriaren zurrunbiloan

Mohamed Lahouaiej kamioi gidariak 84 pertsona hil ditu eta 202 zauritu Nizan; larri daude zaurituetatik 52. Frantzia alerta gorenean dago. Urte eta erdian 240 izan dira atentatuan hildakoak

Polizia judizialeko ikertzaileak, atentatuaren lekuan, Nizako Ingelesen etorbidean, atzo goizean. ALBERTO ESTEVEZ / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2016ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Frantziak aurrekaririk ez duen indarkeria pairatu du urte eta erdian. Herenegungo atentatuaren eta 2015eko urtarrilean Charlie Hebdo aldizkariaren kontra egindakoaren artean 240 hildako dauzka bizkar gainean, atentatu handietan 231, eta gainerakoak banakako ekintzatan. Frantziako Gobernuak indarkeriari indarkeriaz erantzunez, —Irak eta Siria bonbardatuko dituela esan zuen atzo François Hollande presidenteak, eta Frantzia jihadisten kontrako gerran dagoela— indarkeriaren zurrunbilo amaigabean sartzen ari da, eta segurtasunik bermatzen ez duen larrialdi egoeraren betikotzeko joera indarkeria horren eguneroko ispilu bilakatua da. Manuel Valls lehen ministroak iragarri zuen atzo beste hiru hilabetez luzatuko dutela larrialdi egoera. Alerta gorenean dago herrialdea herenegundik, baita Ipar Euskal Herria ere.

Uztailaren 14an, Frantziako Errepublikaren Egunean piztu ziren argi gorriak. Atentatuaren unean, 4.000 pertsona zeuden Nizako zerura begira suak lehertzen ikusten, Ingelesen etorbide ezagunean, bat-batean hemeretzi tonako kamioi batek ibilgailuentzat itxitako etorbidea hartu eta 300 bat pertsona harrapatu zituenean. Bi kilometro ezker-eskuin joan zen abiadura bizian ibiltariak azpian hartuz. Hortik aurrera kaosa, izua, nahigabea eta nahasmena izan ziren nagusi. Jendea korrika atera zen, eta, hainbat lekukoren arabera, hainbat pertsona itsasoan murgildu ziren, gertatzen ari zenaz babesteko. Poliziak tiroka hil zuen gidaria.

Biktimen kopurua handituz joan zen gauak aurrera egin ahala. Hasieran 30, gero 77 eta ondoren 84 ziren. 202 zauritu ere eragin zituen, horietarik 52 larri. Atzo, atentatuaren biharamunean, etorbidea jendez hutsik zegoen, gorpuen odolez gorritua, eta arrastoak aztertzen eta gorpuak identifikatzen Polizia judizialeko 71 ikertzaile. Kamioi gidaria ere identifikatu zuten: Mohamed Lahouaiej Bouhel da.

François Molins fiskalak eman zituen atzo xehetasunak. Bakarrik egin zuen ekintza, eta ez zuen konplizerik, hasieran taldean antolatua izan zitekeela zabaldu zen arren. Lahouaiejek 31 urte zituen, kamioi gidaria zen, eta Tunisian jaio zen, baina Frantzian herritartua zen. Lahouaiej lapurretengatik eta indarkeria matxistagatik ezagutzen zuen Poliziak, baina ez zegoen Frantziako zerbitzu sekretuen zaintza zerrendan. Behin baino ez zuten kondenatu, joan den maiatzean, beste kamioi gidari batekin eztabaidan ari zela, egurrezko pala bat bota ziolako. Komunikabide batzuen arabera, arazo pertsonalak zituen, dibortzio tramiteetan zegoen, eta ez zen erlijiosoa.

Orduko 80 kilometroko abiaduran zihoan Poliziak hil zuenean, eta, gidatzen ari zen bitartean,poliziei tiro egin zien, fiskalaren arabera, baina ez zeukan kamioian armategirik, gertaeren ostean esan bezala. Aurkitutakoak zerrendatu zituen Molinsek: «Bi pistola, horietako bat automatikoa, kargagailu batzuk, bi kalaxnikov faltsu, erabiltzeko moduan ez zeuden bi granada, sakelako telefonoa, eta hainbat dokumentu», nortasun agiria horien artean. Hatz marken bidez baieztatu dute nortasun agirikoa izan zela atentatuen egilea.

Kamioiaegun batzuk lehenago alokatu zuen Nizatik gertu, eta atentatua baino egun bat lehenago itzuli behar zuen, baina ez zuen horrelakorik egin.

Motiboen berririk ez

Atzo, suminduta, «bizitzaren eta heriotzaren artean» 50 pertsona zeudela esan zuen Hollandek, hildakoen artean umeak eta nerabeak zeudela, eta atzerritar asko ere bai. Ekintza terrorista izan zela ere baieztatu zuen: «Ezin da ukatu atentatu terrorista izan dela», eta ekintzari erantzuteko neurriak iragarri zituen. Larrialdi egoera hiru hilabete gehiago luzatu, eta Iraken eta Sirian bonbardaketak iragarri zituen, xehetasun gehiagorik eman gabe; izan ere, Frantziak dagoeneko bonbardaketak egiten ditu eremuan. Atzo iluntzean, TF1 kateak Bernard Cazeneuve Barne ministroari galdetu zion ea ziurtatu zezakeen erasotzailearen motiboek muturreko islamismoarekin zerikusia zutela. «Ez», erantzun zion. Atzo ere ezein taldek ez zuen bere gain hartu erasoa.

Manuel Valls lehen ministroak hiru eguneko dolu ofizialaren berri eman zuen, etabatasunerako deia egin. «Terrorismoa gure aurka egiten ari den gerrari aurre egin behar diogu. Frantzia herri handi bat da, demokrazia handi bat, eta ez dugu hori ezegonkortzen utziko».

Mundu osotik iritsi zitzaizkion elkartasun mezuak Frantziari, eta Europako Batasunetik hasi eta hamaika herrialdek gaitzetsi zuten ekintza. Europako Atzerri ministroek asteleheneko bileraren zerrendan sartu dute terrorismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.