CCOOk eta UGTk iragarri dute lortu dutela akordioa Bizkaiko etxez etxeko langileen sektorean. Adierazi dutenez, zazpi urte baino gehiago eman dituzte negoziatzen, eta zortzi urte hitzarmen barik. 70 greba egun egin dituzte osotara tarte horretan, eta CCOOk salatu du administrazio publikoak «entzungor» egon direla gatazkak iraun duen bitartean. Orain, %17,5eko soldata igoera adostu dute, eta, akordioaren indarraldiaren amaieran, KPIa berrikusteko klausula bat izango dute.
Udalek eskaintzen dute zerbitzua, baina enpresa pribatuek kudeatzen dute. Etxez etxeko langileek menpekotasun egoeran daudenei laguntzen diete, etxean gera daitezen.
CCOOk —sektorean ordezkaritza handiena dauka— eta UGTk sinatu dute akordioa, eta hitzarmenak eraginkortasun orokorra izango du. Bost urtez egongo da indarrean, 2023tik 2027ra. 2023rako %2,5 igoko diete soldata eta antzinatasuna; 2024an, %3;2025ean, %3,5; 2026an, %3,5; eta 2027an, %5. Alicia Graña CCOOko sektoreko arduradunak adierazi du lankideak oso pozik daudela: «2016tik 2022ra %0,0ko igoerekin genbiltzan; beraz, kideok egindako borrokarekin hau lortzea eta, gainera, KPIarekin lotuta, harro egoteko modukoa da».
%17,5eko igoera horrek esan nahi du 2027rako 4.500 euroan baino gehiago igoko dela sektoreko beharginen urteko soldata gordina. Graña etxez etxeko langilea ere bada, eta esan du zortzi urtez soldata izoztuta izateak «erosahalmenaren galera handia» eragin diela: «Hitzarmen faltaren ondorioz, hiltzen ari ginen».
ELAk gogor gaitzetsi du
UGTk ohar bidez adierazi du soldata igoerarik gabeko urte hauetan adinekoei emandako zerbitzua ere kaltetu dela. «Zerbitzu feminizatu bat da, eta profesionaltasuna erakutsi du pandemiaren gogorrenean, ezbeharrei eta erosahalmenaren galerari aurre egiten 2015az geroztik». Gainera, salatu du gatazkak zirauela, administrazio publikoa orduko prezioa eguneratzen aritu dela zerbitzua esleitzeko pleguetan.
ELAk gogor gaitzetsi du akordioa, eta adierazi du «Eusko Jaurlaritzaren eta Eudelen adostasunarekin» CCOOk eta UGTk «azken hamarkadetako hitzarmenik txarrena» sinatu dutela. «70 eguneko greba bertan behera utzi dute, [...] hilean 400 euro baino gehiagoko erosahalmena galduta», salatu du sindikatuak. Protesta egingo du bihar, hilak 25, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean, 11:30ean.
Akordioa lortu dute Bizkaiko etxez etxeko langileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu