SARS-CoV-2 koronabirusa hondakin-uretan detektatu izan da. Horrela dio Holandako Osasun Publikoaren eta Ingurumenaren Institutu Nazionalean egindako ikerketa batek —The Lancet aldizkarian argitaratu berri da—. COVID-19arekin gaixotutako paziente batzuek bide gastrointestinalean dute birusa, eta, beraz, birus horiek gorozkietatik kanporatu ahal dira. Gorozkiak komunetik isurtzen direnean, estolderiara iristen dira, eta, gero, hondakin-uretara. Ikerketaren arabera, hondakin-uren monitorizazioa estrategia egokia da biztanlerian birusaren infekziorik dagoen detektatzeko. Horrelako ikerketak jadanik egin izan dira beste mikroorganismo batzuk detektatu ahal izateko, hala nola norobirusak (beherakoen eragile garrantzitsuetariko batzuk), elgorriaren birusa, poliomielitisaren birusa edo antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioak.
Espainiako Estatuan ere, Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko eta Valentziako Unibertsitateko ikertzaileek test bat garatu dute hondakin-uretan SARS-CoV-2a dagoen atzemateko. Test horrek zainketa epidemiologikoaren metodo moduan joka dezake, eta, horrela, denboran zehar eta hainbat tokitan hiriko hondakin-uretan birusaren material genetikoaren presentzian aldaketak atzemanez gero, birusak biztanlerian duen lehentasunaren berri eman dezake.
Egia esan, analisiek erakutsi dutenez, araztegietako desinfekzio-tratamenduak eraginkorrak dira birusik ez izateko. Gainera, frogatuta dago patogenoen kontrako babes nahikoa ematen dutela hondakin-urak tratatzeko instalazioetan lan egiten duten pertsonentzako babes-neurri estandarrek. Horrela, hondakin-urekin lan egiten duten pertsonek eragotzi egin behar dute hondakin-urekin kontaktu zuzena izatea, baita espraian edo lainoan dagoen hondakin-ura irentsi eta/edo arnastea ere. Hondakin-urekin kontaktuan egon daitezkeen jarduera guztietan norbera babesteko ekipamendua eraman behar dute, babes-arropa, eskularruak, botak, segurtasun-betaurrekoak eta aurpegi-maskara barne.
Ikuspegi horretatik tiraka, etxeetan ditugun komunek ere koronabirusa hedatzeko arriskua ekar dezakete. Txinako Wuhan hiriko ospitaleetan egindako ikerketetan ikusi zuten birusaren kontzentrazio altuak zeudela pazienteen komunetatik hartutako laginetan. Jakinda birus hau arnasbidetik ere heda daitekeela, kezkagarria da komunak garbitzean partikula biral horien tanta aerosolizatuak sor daitezkeela eta, gero, beste alde batera heda daitezkeela. Kutsatu asko dauden lekuetan, ospitaleetan esate baterako, komunen desinfekzioa egitea ezinbestekoa da, baina baita gure etxeetako komunetan ere, jakinda sarritan gaixotasun honek sintoma arinak ematen dituela eta kasu horietan ere birusa gorozkietatik kanporatzeko ahalmena duela.
Beraz, hondakin-uren ohiko zaintza erabil liteke alerta goiztiarreko tresna ez-inbaditzaile gisa, komunitateei beste agerraldi baten berri emateko.
Koronabirusa. ZIENTZIAREN TALAIATIK
Hondakin-urari adi?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu