Lehen esalditik jotzen du aldaba Nerea Azurmendi kazetariak Bidegileak bilduman Maritxu Urreta Zulaikari eskainitako aleak: «Ez du ondo ulertzen zer dela eta izan dezaketen inolako interesik bere bizipenek. Ez zaio batere gustatzen bere buruaz hitz egitea». Azurmendik berak jo zuen Urreta hil delako abisua astelehenean. Donostian zendu zen 1915ean hiri berean jaioa zena. Gaur duela 103 urte. Aita politikaria —zinegotzi, diputatu, EAJren Gipuzku Buru Batzako lehendakari—, euskaltzale porrokatua eta enpresaria zuen. Ama, berriz, musikazalea, eta Aita Donostiaren arreba. Miren Arantzazu izena jarri zioten.
7 urte zituenetik, kamera aldean ibili eta argazkiak egin zalea zen Urreta —horren lekuko dira egin zituen 7.000 argazkiak—; bidaiaria eta mendigoizalea ere bai —ehundik gora mendiren gailurrera igo zen; baita Mont Blancera ere—. Emakume autonomoa zen, legediak emazteak gizonaren menpeko azpipertsona gisa tratatzen zituen garai batean.
Txiki Zabalo handiaren ikasle izan zen, eta haren bi ilustrazio daude, M. Urreta sinadurarekin, Txikiren beraren, Pablo Tillacen, Ignacio Zuloagaren, Valentin Zubiaurreren eta besterenen ondoan, Azkueren Euskalerriaren Yakintza bilduman —zehazki, Ipuin eta irakurgaiak (1942) liburuan—. Urretaren hurrengo ilustrazioak Jose Luis Muñoyerro adiskidearen Pasos sobre el fuego (1965) bidaia liburuan ikusi ahal dira.
Txikirekin marrazkilaritza ikastetik ilustrazioak argitaratzera bitartean, erbestea eta aitaren jabetza guztien inkautazioa bizi izan zituen, hau da, 36ko gerraren ondorioak.
Hizkuntzen maitale
Hizkuntzak maite zituen Urretak. Etxetik jaso zuenetik hasita. Euskaraz, sona handiko irakasle batekin alfabetatu zen: euskal antzerkia sustatzeko Donostiako Udalak 1915ean sortutako Iztundeko zuzendari Maria Dolores Agirrerekin. Gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana eta italiera ere erabat menderatzen zituen. Jakituria horren isla dira haren itzulpen lanak. Luis Muñoyerroren Lartaun eguzki-semea euskaratu zuen 1960an, Itxaropena argitaletxeko Kuliska Sortan. 1967an, Muñoyerroren En la luna también se habla vascuencezientzia fikzioko lana euskaratu zuen. Ilargian ere euskeraz izenburua jarri zion. Itzulpen hori Maria Dolores Agirrerekin batera egin zuen.
1997an, EIZIEk omendu egin zuen. Elkarte horrek argitaratutako Itzulpen antologia II libururako, XX. mende hasierako sufragista estatubatuarrentzako erreferente izan zen Alice Duer Miller poetaren The White Cliffs euskaratu zuen, Itsas-malda zuriak izenburuarekin. 82 urte zituen Urretak, eta bere betiko kemenarieusten zion. «Gutxietsi egiten du erabat bizitza ekintzaile horren emaitza, ez dio aparteko baliorik ematen, bere oroitzapenetan dutena kenduta», idatzi zuen Nerea Azurmendik Bidegileak bilduman Urretari buruzko biografian.
Maritxu Urreta
Ertz askoko emakume ezohikoa
Ilustratzaile, argazkilari, mendigoizale, itzultzaile... gauza asko izan zen Urreta. Aitzindaria ere bai, emakumeei ezarritako rolak hautsiz zenbaitetan. Astelehenean hil zen, Donostiako bere etxean, 102 urterekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu