Nafarroako Sindikatu Medikoak Nafarroako Gobernuarekin esklusibotasuna kentzeko negoziatu du azken hilotan. Negoziazio horiek salatzeko LABek elkarretaratzea egin zuen atzo, Iruñean, eta adierazi zuten esklusibotasuna kentzea osasungintza pribatuaren mesederako izango dela.
Esklusibotasunaren negozioaren kontra. Osasun Publikoa defendatu pankartarekin batera, Lander Peiro LABeko delegatuak osasun publikoa babesteko beharra azpimarratu du: «Nafarroako Sindikatu Medikoak proposatzen dituen aldarrikapenak osasungintza pribatuaren mesederako dira, gainerako langileen lan baldintzak aldi berean okertuz. Sindikatu korporatibista eta neoliberal horren helburua Nafarroako osasun sistema publikoa desegitea da».
Nafarroako Gobernuaren asmoa ere kritikatu du sindikatu abertzaleak, osasungintza pribatuaren interesak babesteko egin duela esanez, sistema publikoari kalte eginez. Beraz, sindikatua Iruñean mobilizatu da esklusibotasun osagarriari eustea eskatzeko, eta osasun publikoa defendatzeko: «Langileen lan baldintzak hobetzeko neurri errealak berehala abian jartzea nahi dugu», esan du Peirok.
Medikuen esklusibotasuna medikuntzaren praktika pribatuari borondatez uko egitean datza, eta horren truke, hilero osagarri ekonomiko bat kobratzen dute medikuek. Horregatik, esklusibotasuna kentzeak ondorio «larriak» izango dituela adierazi du sindikatuak. Besteak beste, aipatu dituzte «lan ordutegiak ez betetzea», baliabide publikoak «gaizki» erabiltzea, norberaren bezeroei arreta hobea ematea gainerako pazienteei baino, eta osasun zerbitzu publikoetan probak egiteko aukera izatea gero kontsulta pribatuetan erabiltzeko. «Neurri horiek mediku gutxiri egiten diote mesede», esan du Peirok.
Etorkizunari begira
Sindikatuak esan du ez duela onartuko Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileei mehatxu egitea: «LABek beharrezkoak diren neurriak planteatuko ditu horri aurre egiteko; bakarrik edo klase kontzientzia duten eta osasun zerbitzu publikoak defendatu nahi dituzten guztiekin batera».
Medikuen greba Nafarroan. Eztabaida politikoa
«Pribatuaren interesak babestea» egotzi dio LABek Sindikatu Medikoari
Iruñeko elkarretaratzean, sindikatuak adierazi du sendagileen esklusibotasuna kentzea osasun publikoaren kalterako izanen dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu