Kritikaz eta desadostasunez osatutako bide luzea egin du Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentroak, ofizialki inauguratua izan aurretik. Izan ere, Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Babesteko 2011ko Legeak jasotzen zuen memorial bat eraikitzea; harrezkero, hamar urte igaro dira zentroak ateak zabaldu dituenerako, eta, bidean, elkarte memorialista ugari haserretu eta haren patronatua osatzen duten instituzio publikoak eztabaidan jarri ditu.
Jose Luis Rodriguez Zapateroren (PSOE) agintaldiko lege batek ahalbidetu zuen zentroa sortzea, baina, 2011ko azaroan Espainiako Gorteetarako hauteskundeak irabazita, Mariano Rajoyren (PP) agintaldian mamitu zen proiektuaren norabide politikoa. Eta segituan desadostasunak: 2012an, Eusko Jaurlaritzak (PSE-EE) eta Espainiako Gobernuak zentroa sortzeko protokolo bat sinatu zuten, baina proiektua geratuta egon zen bolada batean, hainbat desadostasun zeudelako diseinuaren inguruan eta biktimen oroimena kontatzeko moduaren inguruan.
2012ko urrian hauteskundeak irabazi zituenetik, EAJ zen Jaurlaritzan, Iñigo Urkullu lehendakari zuela. Behin baino gehiagotan egin zuen talka Madrilekin; 2014ko urtarrilean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea «harrituta» agertu zen Espainiako Gobernuak bere kasa erabaki zuelako biktimen oroimenerako zentroa egitea, eta gogorarazi zuen proiektu hori Eusko Jaurlaritzak eta Madrilgo gobernuak elkarlanean diseinatzea adostu zutela. Hiru hilabete geroago, Espainiako Gobernuak eta Gasteizko Udalak —biak PPren agindupean— hitzartu zuten zentroaren egoitza Gasteizen eraikitzea. Javier Maroto alkateak eta Jorge Fernandez Diaz orduko Barne ministroak adostu zuten kokalekua: «Gobernuak terrorismoaren biktimen memoriaren zentroa eraikiko du, eta horren helburua izango da terrorismoaren biktimen balio demokratikoak babestea eta zabaltzea, biktimen memoria kolektiboa osatzea eta gizartea kontzientziatzea».
Marotok eta Fernandez Diazek eurek sinatu zuten zentroaren oinarriak finkatzeko protokoloa. Ez edozein egunetan: 2014ko urriaren 20an, ETAk bere jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen egunaren hirugarren urteurrenean. Funtsean ETAren biktimak oroitzeko zentro bat izango baita Gasteizkoa, Fernandez Diazek urriaren 20 hartan adierazi zuenez: «ETA garaitu dugun arren, ezin dugu memoria galdu». Barne ministroak azaldu zuenez, zentro berriak gertatutakoaren «egia historikoa ezartzeko» balio izango du. Ministroen Kontseiluak izendatu berria zuen zentroaren edukiak adostu behar zituen batzordea; zuzendaria, Florencio Dominguez, eta batzordekideen artean, Gaizka Fernandez Soldevilla, Iñaki Ezkerra, Joseba Arregi eta Edurne Uriarte.
Memoria «baztertzailea»
2015eko martxoaren 24an jarri zuten egitasmoaren lehen harria, Rajoy eta Urkullu bertan zirela. Protestak izan zituen handik metro batzuetara; izan ere, elkarretaratze bat egin zuten salatzeko zentroak ez dituela biktima guztiak aintzat hartuko.
Hain zuzen, hori izan da egitasmoaren beste ezaugarri bat: elkarte memorialista eta alderdi ugariren kritikak jaso dituela, kontakizun «baztertzailea» egiten duelakoan. Horrela salatu zuen Martxoak 3 elkarteak 2018ko otsailaren 27an, eta, handik hiru astera, Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Udalari eskatu zien ez babesteko zentroa, ez dituelako kontuan hartzen «estatu indarkeriaren biktimak».
Biktimen Memoriala. Inauguratze ekitaldia
Hamar urte, norabide bat eta desadostasun ugari
Biktimak aitortzeko 2011ko legea da zentroaren abiapuntua. Urteotan, Madrili egotzi diote bere kasa erabakitzea eta memoria partziala osatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu