Espainiako Auzitegi Gorenak bederatzi eta hamahiru urte arteko espetxealdira zigortu ditu 2017ko urriaren 1ean Katalunian independentzia erreferenduma antolatu zuten buruzagi independentistak. Kartzelaldi guztiak batuta, ia ehun urte dira: Oriol Junquerasek jaso du zigorrik handiena,hamahiru urteko espetxealdia eta hamahiru urteko inhabilitazioa, eta Jordi Sanchezek eta Jordi Cuixartek txikienak, bederatzi urteko kartzelaldiak eta beste hainbeste urteko inhabilitazioak.
Gorenak bat egin du Estatuaren Abokatutzak defendaturiko tesiarekin, eta auzipetuak sedizioagatik eta dirua bidegabe erabiltzeagatik kondenatu ditu; ez, hortaz, matxinadagatik, fiskaltzak nahi bezala.
Auzitegiko epaileen arabera, kondenatuek ez zuten independentzia gauzatu nahi izan, Espainiako Gobernuarekin negoziazio bat abiatzea baizik. Horregatik uste dute U-1ean ustez izandako indarkeria ez zela izan matxinada delituak eskatzen duenaren gisakoa; argudiatu dutenez, ordena publikoa nahasi egin zuten, baina ez zuten helburutzat jarri Espainiaren osotasuna haustea. Era horretara azaldu dute, atzo kaleraturiko epaian, sedizioagatik zigortzeko erabakia: indarkeria egon zela, baina soilik une jakin batzuetan, ez «tresna modura».
Manuel Marchena buru duen epaimahaiak uste du prozesu subiranistako ekintzak eta erabakiak «hitzartuak» izan zirela, eta horren adibidetzat jarri du 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren egoitzan egindako protesta, «sedizio estrategia» baten parte zelakoan.
Argudio horiek guztiak kontuan hartuta, hamabi urteko kartzelaldira eta hamabi urteko inhabilitaziora zigortu dituzte Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa, sedizioagatik eta diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik.
Carme Forcadellek 11 urte etasei hilabeteko kartzelaldia eta 11 urte eta sei hilabeteko inhabilitazio zigorrak bete beharko ditu, sedizioagatik; eta Joaquin Fornek eta Josep Rullek hamar urte eta sei hilabeteko espetxealdia, eta sei hilabeteko inhabilitazioa, delitu beragatik. Santi Vilari, Carles Mundori eta Meritxell Borrasi 60.000 euroko isunak eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioak ezarri dizkiete, desobedientziagatik.
Delitu horretaz, gatazkatsua bilakatuko den azalpena egin dute: aitortu dute batez ere Cuixartek defendatu duen desobedientzia «edozein kultura politiko helduren ondasun ukaezina» dela, baina zehaztu dute estrategia horrek ezin duela «erabaki judizialik eragotzi».
493. orrialdeko sententzian, epaileek soilik 36 orrialde erabili dituzte «frogaturiko ekintzak» azaltzeko; horietako bi orrialde besterik ez, epaiketako egun garrantzitsuenetako batez aritzeko, 2017ko urriaren 1az. Deigarriena izan da 193 orrialdetan azaldu dutela prozesuan ez zirela urratu auzipetuen oinarrizko eskubideak.
Presoen askatasuna
Sententzia kaleratuta, buruzagi independentistek behin-behineko espetxealdian izateari utzi diote, eta gehienez bi hilabete barru jakingo dute bigarren ala hirugarren graduko presoak izango diren. Hori zehaztea Tratamendu Batzordearen zeregina izango da, Gorenak hala zehaztu baitu epaian.
Zigortuentzat, hirugarren gradua lortzea litzateke testuingururik positiboena, egunean zehar espetxetik ateratzeko aukera izango luketelako: esaterako, astegunetan soilik gaua pasatu beharko lukete kartzelan. Horren ondoren letorke baldintzapeko askatasuna, zigorren bi herenak betetzerakoan; estatus hori lortzen lehenak Sanchez eta Cuixart izango lirateke, 2023ko udazkenean, eta Junquerasek itxaron beharko luke gehien, 2026ko udaberrira arte. Gainontzeko presoek bi data horien artean jasoko lukete.
Bigarren graduaren kasuan, buruzagi independentistek irteera baimenak lortzeko aukera izango lukete asteburuetan edo jai egunetan. Bigarren graduan egonik, hirugarren gradurako progresiorako aukera lukete, irteera baimenak ez ezik baldintzapeko askatasuna ere eskuratu ahal izateko.
Halere, Espainiako Espetxe Araudiko 100.2. artikuluaren arabera, «talde teknikoak Tratamendu Batzordeari proposa liezaioke gradu bakoitzaren ezaugarriak batzen dituen [zigorraren] exekuzio modelo bat hartzeko». Hori gertatuz gero, auzipetuak behin-behinean kalean egon litezke datozen hilabeteotan, bigarren graduan egonda ere.
Fiskaltzak, baina, balizko erabaki horiei helegitea jartzeko aukera du, baita batzordeak hartuko duen erabakiari ere. Epaiketako fiskalek eskatua zuten akusatuei hirugarren gradurik ez ezartzeko zigorraren erdia beteta izan arte, baina Goreneko epaileek uko egin diote eskari horri.
Hortaz, buruzagi independentistek hirugarren gradua eskuratu ahal izango dute zigorra indarrean jarri eta berehala. Gorenak zehaztu du hark ezin dituela aurrez debekatu espetxe zaintzak har ditzakeen erabakiak, baina ohartarazi du berea izango dela azken hitza espetxe onurei dagokienean.
Kondenatuen abokatuek jakinarazita zuten helegiteak aurkeztuko dizkiotela sententziari —Vox alderdiak ere egingo du, matxinadagatik ez zigortzeagatik—, eta hainbat auzitegitara jo dezakete, helegiteak ukatzen badizkiete.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalera jotzea da lehen pausoa, babes helegite baten bidez. Hori aurkeztea ezinbestekoa da gero Giza Eskubideen Europako Auzitegira joateko. Prozesuak, baina, urte asko iraun litzake, Konstituzionalak ez duelako epemugarik helegiteez erabakia hartzeko.
Llarenaren euroagindua
Sententzia kaleratzean izan ziren erreakzioen artean, Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuarena zen gehien espero zenetako bat, batez ere Pablo Llarena Goreneko epaileak atzo jakinarazi zuenean berriz indarrean jarri zuela haren kontrako euroagindua, sedizioa eta dirua bidegabe erabiltzearen delituengatik. «Epaiak baieztatu egin du estrategia errepresioarena eta mendekuarena dela», adierazi zuen atzo Bruselan Puigdemontek, Meritxell Serret, Antoni Comin eta Lluis Puig kontseilari kargugabetuak alboan zituela.
Llarenaren eskaria Belgikako Fiskaltzaren esku dago jada, eta, iraganean egin bezala, oraingoan ere justiziarekin kolaboratzeko asmoa dutela jakinarazi zuen atzo Paul Bekaert Kataluniako presidente kargugabetuaren abokatuak: «Fiskalarekin hitz egingo dugu, eta nire bezeroa ez da ezkutatuko epailearen aurretik pasatzeko deia egiten badiote. Belgikako justiziarekin elkarlanean arituko da. Konfiantza du justizian, horregatik dago Bruselan».
Orain, fiskaltzak auzitegi bati emango dio kasua, eta horrek Puigdemontek Espainiaratzea onartuko balu, Kataluniako presidente kargugabetuak aukera luke helegite bat aurkezteko apelazio auzitegi batean; horrek ere baiezkoa emango balu, pauso bera eman lezake kasazio auzitegi batean. Hortaz, kasuak hainbat hilabete iraun litzake.
Atzokoa Puigdemonten aurka aurkezturiko hirugarren euroagindua da. Lehena Espainiako Auzitegi Nazionalak aurkeztu zuen duela bi urte, baina Gorenak bertan behera utzi zuen kasua haren eskuetara pasatu zenean. Bigarrena izan zen, Kataluniako presidente kargugabetua Alemaniara joan zenean; kasu horretan, Schleswig-Holsteingo Lurralde Auzitegiak ebatzi zuen «onartezina» litzatekeela matxinadagatik Espainiaratzea, hori soilik diru publikoa bidegabeki erabiltzeagatik egin zitekeelako. Llarenak Puigdemonten Espainiaratzea baztertu zuen.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta dela iritsi da Gorenaren sententzia. Kataluniako Gobernuaren eta Espainiakoaren harremana are gehiago okertu dezakeen epaia da, Quim Torra Kataluniako presidenteak eta mugimendu independentistak absoluzioa eskatu baitzuten.
Gaur-gaurkoz, bi aldeek gatazka konpontzetik nahiko urrun daudela erakutsi dute adierazpen publikoen eta erabakien bidez, eta ziurrenik egoera ez da bideratzen hasiko zigortuak kartzelatik ateratzen diren arte.
Gorenak, gainera, independentisten eskari nagusietako bati buruz esandakoak hautsak harrotuko ditu: epaileentzat, «ez dago nazioarteko itunik erabakitze eskubidea kodifikatu duenik». Oraingoz, Torrak bilera bat eskatu die Pedro Sanchez Espainiako presidenteari eta Felipe VI.a erregeari.
Auzitegi Gorenaren epaia
Bederatzi eta hamahiru urte artera zigortu dituzte prozesu subiranistaren buruzagiak
Gorenak sedizioa eta diru publikoen erabilera bidegabea egotzi die Kataluniako galdeketaren antolatzaileei. Puigdemonten aurkako euroagindua aktibatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu