Ainhoa Magrach.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Basapolinizatzaileen garrantzia

2022ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Komunikabideetan gero eta titulu gehiago ikusten ditugu erleen gainbeheraz eta horrek biodibertsitatearen iraupenean izan ditzakeen ondorioez. Baina erleetan pentsatzen dugunean, jende gehienak ezti erleak ditu gogoan; gutxik dakite, ordea, Iberiar penintsulan mila erle espezie baino gehiago daudela, eta munduan kopurua 20.000 espezieraino iristen dela. Txori espezieak halako bi!

Erle horiei eta beste polinizatzaile batzuei esker (euliak, kakalardoak, hegaztiak eta saguzarrak), ugaldu egiten dira loreak dituzten naturako landareen %85 eta jaten ditugun laboreen %70 baino gehiago. Labore horien artean daude fruta gehienak eta bitamina eta elikagai gehien duten laboreetako batzuk.

Erleetan pentsatzen dugunean, ezti erleen ezaugarriak izaten ditugu gogoan: erlauntzetan bizi direla, erle erregina bat dutela… Baina basaerle gehienek bestelako bizimodu bat dute. Gehienak bakartiak dira, alegia, ez dute erlauntzik sortzen, eta ez dute erle erreginarik. Espezie batzuek lurrean edo egurretan egiten dute habia, zulo txikietan; beste batzuek barraskiloen oskol hutsak ere baliatzen dituzte habiak sortzeko. Erle espezie batzuk oso espezializatuta daude, eta landare espezie bat edo gutxi batzuk bisitatzen dituzte; beste batzuek ikusten duten edozein loretara joaten dira. Inurri bat bezain txikiak daude; kakalardo pilotagilea bezain handiak. Badira beste erle batzuen bizkarroiak ere. Aniztasun hori dela eta, haien gainbehera eman dezakeen baino arazo korapilatsuagoa da.

Ezti erlea kudeatu egiten den erle espezie bat denez, askoz ere gehiago dakigu hark dituen arazoez. Badakigu zenbait patogenok eta bizkarroik eraso egiten diotela edota pestiziden erabilerak kalte egiten diola. Baina modu naturalean ia existitzen ez den espeziea denez —erlezainek kudeatutako erlategietan soilik—, badakigu ez dela desagertuko eta ez duela gainbehera nabarmenik izango. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, erlauntzen kopurua asko handitu da azken hamarkadetan.

Baina zer dakigu gainerako ehunka erle espezieez? Oso gutxi, zoritxarrez. AEBetako eta Europako datuek erakusten dute espezie askoren populazioak gutxitzen ari direla, hainbat arrazoirengatik: galtzen ari direlako elikatzeko loreak dituzten habitatak eta habiak egiteko eremuak; klima aldaketagatik; espezie exotikoak sartzen ari direlako; patogeno berriengatik; edo pestiziden erabileragatik. Arrazoi guztien nahasketa handitzen ari da erleen heriotza tasa.

Erleak kontserbatzeko konponbideak, beraz, ezin du bat eta bakarra izan, gainbeheraren arrazoiak anitz baitira. Egin dezakegun gauzarik onena da loreetan aberatsak diren habitatak berreskuratzea, bereziki erle mehatxatuenek behar dituzten landare ugari dituztenak. Hobeto arautu behar dira pestiziden erabilera eta espezieen mugimenduak. Azkenik, gutxitu egin behar dira Lurraren berotzea eragiten duten karbono dioxido isuriak, ez bakarrik erleengatik, baita planeta guztiagatik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.