Koronabirusa

Ikastetxe bat itxi dute Mungian, ikasturtea hasi eta bi egunera

658 kasu positibo erregistratu dituzte Hegoaldean. Nafarroan bikoiztu egin dira egun bakarrean atzemandako kasuak

PCR proba bat egiten, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Ikasturtea hasi baino ez da egin, eta jadanik itxi dute lehenengo ikastetxea. Mungiako Bentades ikastetxeak (Bizkaia) ez du gaur aterik zabalduko, eta 0 eta 2 urte bitarteko haurrak baino ez dituzte hartuko, zenbait positibo detektatu ostean.

Bestalde, berriz ere igo egin dira Hegoaldean 24 orduan atzemandako kasu positiboak. 658 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 37 kasu gehiago. Nafarroan ugaritu dira gehien kasuak: 108 positibotatik 261 kasu izatera igaro baitira bertan 24 ordutan.

Gainontzeko lurraldeetan, aldiz, azken egunetako joerak jarraitu du, eta pixka bat apaldu dira atzemandako kasuak. Hala, Araban 27 kasu atzeman dituzte, bezperan baino zortzi gutxiago, eta Gipuzkoan 162, bezperan baino hemeretzi gutxiago. Bizkaian handiagoa izan da jaitsiera, 24 orduan 344 kasu izatetik 261 kasu izatera igaro baitira.

Positiboen gorakadak eragin zuzena izan du ospitaleratzeetan ere. Gutxinaka, baina, etenik gabe ari baitira gora egiten erietxeratuen kopuruak. Azken orduetan 44 eri gehiago eraman dituzte erietxetara, eta dagoeneko 356 dira ospitaleratuak. Horietako 57 eri daude ZIU unitatetan, bezperan adina.

Egindako test kopurua ere handitu egin da, eta Nafarroan koronabirusaren krisia hasi zenetik PCR proba gehien egin zuten eguna izan zen atzo: denera 2.760. Guztira, Hegoaldean, 9.595 PCR proba egin zituzten, bezperan baino 1.389 gehiago.

Iruñeko Larraona ikasle egoitzan dozenaka ikasle bakartu zituzten atzo, egoitzan hiru positibo atzeman ondotik. Ikastetxeko zuzendaritzak lasaitasun mezua zabaldu zuen, eta nabarmendu zuen segurtasun neurri guztiak betetzen ari direla positibo eman duten ikasleak behar bezala artatzeko.

Egoiliar bat zendu da

Hernaniko Santa Maria Magdalena zahar etxean bizi zen eta koronabirusa zuen adineko bat zendu zen atzo. Gainera, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bertze 11 positibo atzeman zituzten, eta denera 51 dira positibo eman duten egoiliarrak. Abuztuaren 4an birusa berriz ere Gipuzkoako zahar etxeetara sartu zenetik, lau egoiliar zendu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.