Koronabirusa. Pobrezia

BERRIRO POBRETZEKO ARRISKUAN

Hasia da nabaritzen COVID-19ak eragindako krisiaren kolpe ekonomikoa: egoera prekarioan zeudenak ari dira pairatzen batik bat. Adituek ez dakite, ordea, pobreziak eta bazterketak zer bilakaera izango duten hilabete batzuen buruan; azken urteetako joerei begira, nabarmendu dute enplegua eta gizarte babesa erabakigarriak izango direla.

BERRIRO POBRETZEKO ARRISKUAN.
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ziurgabetasun ia erabatekoa ekarri du koronabirusak arlo sozialean eta ekonomikoan. Oraintxe bertan, zaila da jakitea zer gertatuko den astebetera, hilabetera edo urtebetera: beste kutsaldirik izango den eta berriro etxealdia aginduko duten, zenbat enpresak berreskuratuko duten beren jarduna eta zein erritmotan, eta nola eraldatuko diren herritarren bizi baldintzak. Halere, ziurtzat jotzen den baieztapen apurrenetako bat da osasun krisiak kolpe ekonomikoa ere ekarriko duela. Asteon plazaratutako datu makroekonomikoei erreparatuta, adituek ohartarazi dute azken hamarkadetako beheraldi handiena etor daitekeela, eta txiki utz dezakeela 2008ko finantza krisia. Baina zer eragin izango du herritarrengan? Beste pobretze olde bat etorriko al da? Erantzun sinplerik ez dago, Miguel Laparra NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetarako lehendakariorde ohiak aitortu duenez: «Ez dugu erreferentzia gisa erabil dezakegun esperientziarik. Krisi berezia da: nolabait, kolektiboki erabaki dugu sistema ekonomikoa ixtea, eta ez dakigu nola funtzionatuko duen berriz abiatzean».

Hastapenetan dago krisia, oraindik konfinamenduak eragindako larrialdiari erantzuten. Premia gorrian daudenekin lan egiten duten entitateek berretsi dute askoz laguntza eskaera gehiago izan dituztela martxo erdialdetik: lanik eta diru sarrerarik gabe geratu diren pertsonenak, edota enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea izan bai baina saria berandu kobratzen ari direnenak. Premiak oinarri-oinarrizkoak direla azaldu du EAEko Gurutze Gorriko Gizarte Esku-hartzeko zuzendari Txomin Ondarrek: «Behar nagusia janaria da. Eta erantzuna lehenbailehen eman behar da; gerora ikusiko dugu zer beste lan egin daitekeen pertsona horiekin». Nafarroako Elikagai Bankuan ere «nabarmen» hazi da eskaera, Joaquin Fernandez Eraso presidenteak kontatu duenez: «Azken 50 egunetan 1.300-1.400 pertsona gehiago etorri zaizkigu, eta hau luzatzen bada, 1.700 ere izan daitezke».



Erakundeok ezagun dute hizpide dutenen soslaia: prekaritatearen argazkia da. Batzuk eskatzaile berriak izan arren, abagunea antzekoa dela adierazi du Ondarrek: «Lana galdu eta diru sarrerarik ez dutenak; umeak dituzten familiak, batez ere emakumeenak; atzerritarrak, asko paperik gabeak eta laguntzarik eskatu ezin dutenak; etxeak eta logelak konpartitzen dituztenak... Eta krisi honen ondorioz, lehen aldiz lan egiten ari gara prostituzioan aritzen diren andreekin». «Profil bera da, baina kopurua handitu egin da», erantsi du Fernandezek: «Krisi honek agerian utzi du zenbat pertsona bizi diren egunean egunekoarekin; diruz eskas dabiltzanengan eragin handia izaten ari da: ez dute baliabiderik halako gertaerei aurre egiteko».

Ezkutuko ekonomian

Alde horretatik, bada osasun larrialdiak argitara ateratako beste gaitz bat, Ramon Ibeas Caritaseko Arabako idazkari nagusiaren hitzetan: «Zenbat jende dagoen Euskal Herrian lana beltzean egiten; gehienek ez dute eskubiderik langabezia saria eta laguntzak jasotzeko. Eta horietatik zenbat diren etorkin papergabeak: atzerritar legeak langabeziara eta merkatu beltzera bultzatzen ditu, hiru urtez ezin dutelako kontraturik sinatu». Ezkutuko ekonomiarekin lotuta, beste kezkagai bat aipatu du: «Oso gaizki egituratuak ditugu zaintza lanak, bereziki etxeetan egiten direnak: izugarria da zenbat jendek galdu duen lana eskubiderik gabe».

Hain justu, eremu horretan lan egiten du Liz Quintana Etxekotu Gabeko Langileak elkarteko abokatuak: etxeko langileekin. Azaldu du osasun larrialdiak eragin lazgarria izan duela sektorean: «Langile batzuk kaleratu egin dituzte, eta lan egiten zuten etxean bizi zirenentzat horrek esan nahi du etxerik gabe geratzea; beste batzuei kontratua bertan behera utzi diete etorkizunean zer gertatuko den argitu gabe, eta beste batzuei baldintzak aldatu dizkiete, okerrera». Gogora ekarri du andre etorkinak direla behargin gehienak, hau da, krisietako talde kalteberena. «Martxoko lehen bi asteak kobratu ahal izan zituzten, baina apirilean diru sarrerarik gabe egon dira, eta askok ezin dute laguntzarik eskatu, ez dituztelako baldintzak betetzen».

Berehala ase beharreko premia horiek ahalik eta azkarrena bideratzeko, zenbait neurri jarri dituzte martxan erakunde sozialek. Fernandezek esplikatu du elikagai bankuko erabiltzaileek udaletako gizarte zerbitzuen txostena behar izaten dutela, baina bertako langileak gainezka daudela: «Batzuetan hainbat egunez luza daiteke prozesu hori, eta, beraz, izapideak arindu behar izan ditugu, egunero jan behar dugu eta».

Quintanaren ustez, ordea, laguntzen kudeaketa «oso motela» da oraindik: «Desoreka handia dago premien eta prozeduren artean: beste erritmo bat behar dugu orain, laguntzak presaz bideratu behar dira». Gaineratu du arazo hori ez dela berria, eta funtzionamendu orokorrari dagokiola: «Diru laguntzen kudeaketa susmoan oinarritzen da. Baliabide gehiago bideratzen da ustezko iruzurren bila —nahiz eta, instituzioen arabera, ez den %1era iristen— txostenak azkar ebaztera eta jendeari baliabideak ematera baino. Abiapuntu hori okerra da, baina parametro berberen arabera funtzionatzen ari dira oraindik ere: pentsatzen dute ea laguntza behar ez duten zenbatek jasoko duten, eta ez laguntza behar duten zenbat geratuko diren kanpoan».

2008ko krisiaren itzala

Edonola ere, eragileek nabarmendu dute laguntza premian daudenen egoera ez zela erraza osasun larrialdiaren aurretik ere. «2008ko krisian galdutakoa berreskuratzen saiatzen ari ginen hau etorri zenean», adierazi du Mari Luz de la Cal EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia irakasleak. «Halako krisi baten ondoren asko kostatzen da pobrezia berriro murriztea: ekonomia oneratu arren, denbora asko behar da hori behar handiena dutenengana iritsi arte. Gizartearen parte esanguratsu batek ezegonkortasun eta prekaritate handia du oraindik lanean, eta ez du lortzen hortik ateratzea».

Egungo gizarte ereduak ez ditu prozesuok errazten. De la Calek gogora ekarri duenez, 1990eko hamarkadatik aurrera izandako zenbait aldaketak eragin dute herritarren zaurgarritasuna handitzea. Batetik, eremu produktiboari lotutako aldagaiez mintzatu da: «Ziurgabetasun handiagoa dago ekonomian, globalizazioaren eta nazioartekotzearen ondorioz, eta horrek ekarri du eskulana beste modu batera kudeatzea, eta enplegu prekarioak nabarmen areagotzea; aldi berean, hirugarren sektorea hazi egin da, baldintza txarragoekin. Beraz, gero eta herritar gehiagok dute enplegu prekarioa, ezegonkorra edo partziala, edo soldata txikia duena». Bestetik, aldaketa sozialei erreparatu die: «Nukleo familiarrak txikiagoak dira: banaketa gehiago dago, guraso bakarreko sendi gehiago, eta bakarrik bizi den pertsona gehiago; asko, seniderik gabe inguruan. Europa hegoaldean familia babesgune esanguratsua izan da, baina ahalmen hori galtzen ari da». Abagune horretan, politika publikoen egitekoa nabarmendu du: «Ongizate estatua arrisku jakin batzuei erantzuteko prestatua dago, baina, egun, arrisku horiek desberdinak dira, berriak: babesteko gaitasun hori ere murriztu da».

Bazterketaren itzala

Hartara, azken urteetan 2008ko krisiaren ondorioen inguruko azterketetan, hainbatetan errepikatu da diagnostiko bat: pobreziaren kronifikazioa. «Hainbat ikerketak gizarte polarizazioa aipatu dute: gizarteratuta dauden pertsona kopurua igo egin da, baina baita gizarte bazterketa larria jasaten dutenena ere», ohartarazi du De la Calek. Eragileek maiz aipatu dute joera hori, Ibeasen esanetan: «Herritarren %20 inguruk ez dute inoiz beren lekua aurkitzen gizartean, egoera ekonomikoa ona zein txarra izan. Krisi honen aurretik, ekonomia hobera zihoan arren, %16 ez ziren hilabete amaierara iristen».

Pobreziaren eta bazterketaren artean, ordea, badago aldea, Laparrak zehaztu duenez: «Pobreziaren kontzeptua soilki ekonomikoa da: diru gutxi edukitzea. Bazterketa sozialagoa da, dimentsio askotakoa, gizarte parte-hartzearekin lotua. Adierazle ugariren bidez antzematen da: hezkuntzarako sarbidea, osasun estaldura, etxebizitza, harreman sozialak...». Argitu du pobretutako guztiak ez daudela baztertuta, eta bazterketan dauden guztiek ez dituztela arazo ekonomikoak, baina ukaezina dela bi egoeren arteko lotura: «Pobrezia larriko egoera guztiek sortzen dute bazterketa sozial molderen bat, merkatu gizarte batean dirurik gabe bizitzea ezinezkoa baita».

Beraz, epe ertainera, pobrezia eta bazterketa berriro areagotzea ekar dezake COVID-19aren krisiak? «Segur aski, bata eta bestea aldi berean haziko dira, baina goiz da jakiteko», erantzun du Laparrak. Dena den, ez du erreferentzia gisa hartu 2008ko krisia, hura finantzen eremuan egosi baitzen: «Guztiz desberdina izan zen, eragin oso luzea izan zuen, eta denborarekin biziagotu zen: urte pare bat behar izan zituen krisi sozial bihurtzeko. Krisi hau, berriz, bat-batean etorri da, askoz azkarrago; oraingoz, konfinamenduaren ondorioak ikusten ari gara: egunean egunekoarekin bizi zirenei eragin die batik bat. Epe luzera, baina, enplegua galtzeko prozesuak desberdintasunak handi ditzake, eta pobrezia eta bazterketa arriskua areagotu».

Enpleguaren arabera

Enplegua giltzarri izango da; horretan bat datoz hizlari guztiak. Datozen asteei begira jarri da Ibeas: «Ez dakigu zer gertatuko den aldi baterako erregulazioak amaitzen direnean, langile guztiak lanera itzuliko diren ala langabeziara joango diren. Eta agertoki zeharo desberdinak dira». Etxeko langileen sektorera hel daitekeenari buruz beldurrez mintzatu da Quintana: «Ekonomia kate bat da: bati gertatzen zaionak besteari eragiten dio. Etxeko langileak beren enplegatzaileen errealitatera lotuta daude. Zaintza lan batzuk atzeraezinak dira, baina garbiketan orduka ari diren askok, adibidez, lana galduko dute, edo ordu gutxiago egingo dituzte, eta merkeago».

Gobernuz kanpoko erakundeak ere ari dira hurrengo urrats horietarako prestatzen, Ondarrek azaldu duenez: «Larrialdi fasearen ondoren etorriko da berreraikitze fasea, eta horrek eskatuko du beste erantzun mota bat: esku-hartze plan pertsonalizatuak, pertsona edo familia bakoitzaren beharretara egokituta». Gurutze Gorriaren egitasmo horietan pisu berezia izango du enpleguak: «Lan merkatua aldatuko da, online arloa zabalduko da... Enpresekin hitz egin beharko dugu, ea zer behar duten, gure jendeari eremu horietarako prestakuntza emateko».

Datozen hilabeteetako joanaren beste gakoetako bat izango da gizarte babesa. «Krisi hau ez da bi urtean konponduko, jasotako kolpearen neurriko tresnak jarri ezean», adierazi du Laparrak. Ildo horretan, aitortu du erakunde publikoen erantzuna 2008koaren desberdina izaten ari dela: «Europako Batasunak aurrekontu politikak eta zor maila malgutzera joko du, eta enpleguen aldi baterako erregulazio txostenen bidea ere arrazoizkoa da».

Espainiako Gobernuari begira, halere, neurri baten falta sumatu du: bizitzeko gutxieneko diru sarrera martxan jartzea. Euskal Herrian badira halako baliabideak: Iparraldean, RSA gutxieneko errenta; EAEn, diru sarrerak bermatzeko errenta (DSBE); eta Nafarroan, errenta bermatua. «Rol garrantzitsua dute halakoek krisietan», esplikatu du De la Calek; «Pobreziari galga jartzen laguntzen dute, beharrean daudenen egoera hainbeste ez okertzeko».

Halere, gogora ekarri du biztanleriaren parte bat halako laguntzetatik kanpo geratzen ari dela: «Eremu informalean lan egiten dutenek ez dute ezertarako eskubiderik; mekanismo bizkorrak abiatu beharko lirateke, mundu guztiari gutxieneko estaldura emateko». Bat etorri da Ibeas: «Egungo legeak ez dira nahikoak ezkutuko ekonomia arautzeko, baina onartezina da lan batzuk lan gisa hartzea eta horietan dihardutenak eskubiderik gabe uztea».

Alde horretatik, laguntzetan eskatzen den errolda epea murriztea edo kentzea galdegin du Quintanak, etorkinentzat «muga argia» baita. Papergabeen egoera administratiboa arautzeko eskaera ere hedatzen ari da. Izan ere, erregulazio prozesu asko gelditu egin direla sumatu dute elkartean: «Zer gertatuko da pertsona horiekin, erregulazioaren bidez ez badiegu egoera normalizatu eta egonkorrago baterako atea irekitzen? Pobreziaz baino gehiago, miseriaz hitz egin beharko dugu». Bereziki larrituta agertu da andreekin: «Lan baldintzek eta pobreziak bai, baina indarkeriak ere kezkatzen gaitu. Jendea etxeetan pilatuta bizitzeak estresa dakar, antsietatea, beldurra... Emakume batzuek jada kontatu digute alokairuko etxeetan haiekin bizi diren gizonen presioa jasan dutela sexu harremanak izateko».

Elkartasunez erantzun

Krisiak hari mutur asko izango dituela eta, egiturazko auziei ere erreparatzeko deia egin du De la Calek: «Sistema kapitalistaren ahuldadeak agerian geratu dira; gainera, globalizazioaren ondorioz, arazo ziklikoak larriagotu egin dira, eta gero eta indartsuagoak dira. Diskurtso alternatiboek —ekologistek eta feministek— argi adierazi dute ezin garela bizi honelako sistema batean, erabakiak hartzeko irizpide bakarra ezin dela izan errentagarritasun ekonomikoa».

Izan ere, erakunde sozialetatik diotenez, beste balio batzuen arabera erantzuten ari dira herritarrak. «Oso harro sentitu behar gara: gure gizartea oso eskuzabala da», txalotu du Ondarrek. Arabako Caritasen ere antzeko bizipena izan dutela dio Ibeasek: «Hasieran, boluntarioak eskatu ziren, eta izugarria izan zen: lehen asteetan, gehiago ziren laguntzeko prest zeudenak beharrak baino». Elikagai bankuek bertan behera utzi behar izan dute maiatzeko janari bilketa, baina diru emaitzak jasotzen ari dira. Nafarroako kanpaina ondo doala adierazi du Fernandezek: «Gizartean beti izan den elkartasun hori are sendoago adierazten ari da orain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.