Jaurlaritzak eskatutako txosten geologiko batek agerian utzi du zein egoera kaskarrean dagoen Zaldibarko zabortegiaren orubea. Geologia y Geoteknia Larrea SM enpresak egin du txosten teknikoa, udaberrian, eta ohartarazi du zabortegia ez dagoela batere egonkor, ezta hura estaltzeko lanak egin ostean ere. Hain zuzen, datu bat eman du: erori zenean —2020ko otsailaren 6an—, 1,6 zen Zaldibarko zabortegiaren segurtasun faktorea; orain, berriz, 1,15. Parametro horrek irristatze indarra neurtzendu, eta, 1 baino txikiagoa denean, esan nahi du irristatze indarra handiagoa dela egiturari zutik eusten dioten indarrak baino.
Jaurlaritzak eskatuta egindako txosten hori fiskaltzara helarazi dute, eta hark ohar bat igorri dio Verter Recycling 2002SMri, lehiaketa eta likidazio prozesuan dagoen zabortegiaren kudeatzaileari, kontuan eduki dezan.
Geologoek egindako azken txostenaren arabera, ingurumen arrisku handiak ditu zabortegiak oraindik. Besteak beste, ohartarazi du ez dela beharrezko mantentze lanik egin, eta ura kutsatzeko arriskua dagoela, ez delako ezarri euri urak iragazteko harresirik. Horri dagokionez, esate baterako, txostengileak dio hondakinen gainean jarri duten 30 zentimetroko lur geruzak gaitasun mugatua duela euri urei eusteko.
Zabortegian hezetasun handia dagoenez, gainera, arrisku handia dago karbono dioxidoa disolbatzeko, eta horrek metano kantitate are handiagoa askatzeko. Horrek suteak sortzeko arrisku handia dakarrela dio txostengileak, baita usain txarrak eragitekoa ere. Taula batean ezarri dituzte ingurumen arriskuak, txikitik handira sailkatuta taula batean. Arrisku gorenean, hiru faktore ezarri dituzte: suteak piztea, gasak isurtzea eta usainak sortzea. Txostenaren arabera, eta Jaurlaritzak fiskaltzari iragarri dionez, bertan egin dituzten egonkortze eta estaltze lanen ostean ere —besteak beste, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak bilatzekoa; Beltran ez dute aurkitu—, ingurumen arrisku handiak daude oraindik Zaldibarko zabortegian, bai arriskuagatik eta baita zaurgarritasunagatik ere.
Zabortegiaren egoerari aurre egiteko, geologoaren txostenak behin-behineko irtenbide bat aholkatu du, lehenbailehen martxan jartzekoa: euste geruza bat jartzea, behin-behinekoa, azken zigilatzea egiten den arte. Horrek aukera eman beharko luke zabortegiaren inpermeabilizazioa bermatzeko eta orubearen osotasuna mantentzeko, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzak gogorarazi dio Verterri epaileek onartu diotela lizitazio lehiaketara aurkeztea, baina hor ezarritako baldintzetako bat dela zabortegiaren mantentze lana egitea. Argudio hori bere egin du fiskaltzak, eta enpresari agindu dio lehenbailehen jartzeko zabortegiaren gaineko behin-behineko geruza, ingurumen kalteak eragozteko.
Instrukzioa luzatu dute
Ingurumen delituari buruzko instrukzioa beste sei hilabetez luzatu du epaileak, ondorioztatu baitu ez dituela bukatu egin behar zituen ekinbide guztiak. 2020ko otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia, eta pixka bat geroago hasi zen epaitegiko bidea. Langileen lan eskubideen aurkako delituaren auzia familiaren eta enpresaren arteko akordio batekin amaitu zen, baina ingurumen delituari buruzkoa, oraindik, Durangoko 1. Instrukzio Epaitegia ikertzen ari da. Hamahiru lagun daude inputatuta; haien artean, Verterreko hiru arduradun, Jaurlaritzako hiru teknikari, Lurtek-eko bi geologo eta Geyser ingeniaritzako hiru langile. LKS ingeniaritza enpresak egindako zabortegi proiektuari aldaketa garrantzitsuak egin zizkion Geyserrek. Prozesu horretan esku hartu zuten Ingurumen Saileko teknikariak ikertzen ari dira, argitzeko ea zuhurtziagabekeriazko prebarikazio delitua egin ote zuten. Horrez gain, 2017ko zabortegiaren ikuskaritza egin zuen teknikaria ere inputatuta dago.
Zaldibarko luizia
Zaldibarko zabortegia berriro erortzeko arriskua dagoela ohartarazi du Jaurlaritzak
Geologia y Geoteknia Larrea enpresak egindako ikerketa baten arabera, zabortegiaren oraingo segurtasun faktorea txikiagoa da 2020an erori zenekoa baino
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu