Igone Campos eta Nahia Quincoces. Mendiko eskiatzaileak

«Oso berezia izan da proba berriz jokatzea»

IKER IRIARTE.
Unai Ugartemendia.
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun

Nagusitasunez eskuratu dute garaipena Nahia Quincocesek (Mendexa, Bizkaia, 1983) eta Igone Camposek (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991) Altitoy lasterketan. Ibilbidea eta izandako giroa goraipatu dituzte.

Zer-nolako balorazioa egin duzue lasterketaz?

NAHIA QUINCOCES: Bi egunak bikainak izan dira: eguraldi ona, ibilbide apartak, bikotea ere primerakoa... Gainera, Euskal Herriko Txapelketaz gain, Altitoy bera ere irabazi dugu. Ezin da gehiago eskatu!

IGONE CAMPOS: Nork esan behar zidan orain dela ez urte asko egunen batean Altitoy proba irabazi behar nuela! Gainera, Nahiarekin izan da, eta gauza berezia da niretzat. Oso pareko ibiltzen gara, eta alde horretatik oso harro sentitzen naiz.

Zuk, Nahia, orain dela zortzi urte ere irabazi zenuen. Nolakoa da bigarren garaipena?

QUINCOCES: Oso berezia da. Hemen hasi nintzen lehiatzen, Andoni Areizaga zenaren bidez, eta urte batzuk beranduago lesionatu egin nintzen. Lasterketa amaitzeak jada ilusio berezia egiten dit, eta irabazteak, zer esanik ez. Helmuga zeharkatzean, emozionatu eta dena egin nintzen.

Eta zuretzat, Igone, zer izan da Altitoyn irabaztea?

CAMPOS: Niretzat ere oso gauza handia izan zen Altitoyn irabaztea. Amaitzean, pentsatu nuen: «Hona ere iritsi naiz!». Halere, koska gehiago gelditzen zaizkit oraindik.

Ez duzue parekorik izan lasterketa irabazteko. Hain erraz egitea espero al zenuten?

CAMPOS: Pentsatzen genuen Mastrotak eta Tyborek estutuko gintuztela, baina bi egunetan, lehen igoeretan jada tartea ateraz joan ginen, eta abantailarekin ibili ginen.

Biak ere lasterketa asko jokatutakoak zarete azkenaldian. Nahia, asko nabaritu al duzu Pierra Mentako nekea?

QUINCOCES: Oso ondo sentitu naiz. Lehen egunean, neke pixka bat nabaritzen nuen; ziurrenik, bigarren egunean baino gehiago, baina ez Pierra Mentagatik.

Igone, zuk ere lasterketa batzuk jokatu dituzu Espainiako selekzioarekin. Gustura al zaude orain arte korritu dituzun probekin?

CAMPOS: Txukun antzean ibili naiz lehiatzen, eta pozik nago lortutako emaitzekin. Halere, arantza batzuk badauzkat: Bandres-Karolo jokatu ez izana, Espainiako Txapelketan eskia apurtzea... Halere, Altitoyren moduko asteburuekin, dena ahazten da!

Lau urteren ondoren, berezia izan al da berriro ere Altitoy jokatzea?

QUINCOCES: Uste dut gehienei ilusio berezi bat egin digula lasterketa berriro ere jokatzeak. Antolakuntzakoek ere merezi zuten behingoz Altitoy on bat jokatzea, gehienbat berriro ere indarberritzeko. Pena izan da asteburu berean Munduko Kopako proba batekin kointziditzea. Bestela ere emakume gutxi lehiatzen gara horrelako probetan; beraz, pentsa bi lasterketa batera izaten direnean.

CAMPOS: Uste dut denontzat oso garrantzitsua izan dela berriro ere Altitoy jokatzea. Azken urteetan izandako zailtasunekin, albiste ona izan da berriro ere lasterketa martxan jartzea. Nahiaren antzera, niretzat ere pena handiena zera izan da: hain emakume gutxi ikustea lehiatzen.

Ez da erraza emakumeen presentzia areagotzea.

QUINCOCES: Ez, nahiz eta nik denak animatzen ibiltzen naizen! Inguruko guztiei parte hartzeko esaten diet, ibilbide ezberdinak daudela esan, gutxinaka hasten dela... Nik, esaterako, B ibilbidea pare bat aldiz egin izan dut, eta beste behin denboraz kanpo ere iritsi ginen kontrol batera!

Denboraldia amaitzeko ez dira lasterketa asko geratzen. Non korrituko duzue hurrengo hilabete eta erdian?

CAMPOS: Asteburuan berriro ere batera lehiatuko gara. Candanchun [Aragoi, Espainia] jokatuko den Binakako Espainiako Txapelketan, bikote izango gara, eta Erreleboetako Espainiako Txapelketan ere Iñigo Martinez de Albornozekin eta Rafa Urbizurekin osatuko dut taldea. Bi txapelketa horiekin amaituko dut denboraldia.

QUINCOCES: Igonek aipatu bezala, lehenik Candanchun lehiatuko gara batera, binakako txapelketan. Errelebokako taldean, berriz, Axier Alonsorekin eta Jon Ander Aranbururekin osatuko dut taldea. Ondoren, sasoia amaitzeko, Tour de Rutor [Alpeak, Italia] lasterketan ariko naiz.

Ikusi gehiago:Axier Alonso eta Aitor Ajuria: «Lan handia egin genuen txapela lortzeko»

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.