Gradu amaierako lanen BERRIA lehiaketa. Aralar (eta II)

Aralarko patriarka

Artzain izatea zen Jeronimo Nazabal Etxeberriaren «betiko nahia». Aitonarekin eta gurasoekin ikasi zuen ogibidea, eta, egun, Aralarren urte gehien daramatzan artzaina da: «Urtero-urtero igo naiz».

Jeronimo Nazabal, Kutixao txabolako atean. AITOR GARMENDIA ETXEBERRIA.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Aralar
2023ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Ardiak urduri daude. Negua Oiartzunen igarotzen du Jeronimo Nazabal Etxeberriaren (Zaldibia, Gipuzkoa, 1960) artaldeak, eta badakite, orain, Aralarko larreetara igotzekoak direla. Zaldiari soka batekin heldu, eta Aralarrera doan pistan barrena abiatu da Nazabal, 250 ardi inguru atzetik dituela. Atzerago doaz artzainaren seme-alabak eta hiru zakur.

Jeronimo Nazabal gurasoekin hasi zen Aralarrera igotzen. Aitona artzaina zuen, eta gurasoek ere ogibideari eutsi zioten: «Aita eta ama, biak etortzen ziren. Eskola amaitzen genuenean igotzen zen ama, eta guk ere han igarotzen genituen oporrak: ama, aita eta hiru neba-arrebak».

Hiru senideetatik berak eman dio jarraipena gurasoen ogibideari. Artzaina izatea zen Jeronimo Nazabalen «betiko gogoa». 14 urte bete arte, Zaldibiako eskolara joan zen, baina gusturago egoten zen mendian. Egun, Aralarren urte gehien daramatzan artzaina da: «Zaharrena ez, baina bai urte gehienetan igo dena».

63 urte ditu, eta 63 urtez joan da Aralarrera: «Urtero-urtero igo naiz: ez dut behin ere huts egin». Jaio eta hilabete gutxira igo zen lehen aldiz eta, ordutik, ez du kale egin: «Soldadutza egiten ari nintzela ere ez nuen huts egin. Udan baimena eskatu, eta Aralarrera iristea lortu nuen».

Ikusi gehiago:Natura eta gizakia oreka bila

Txabolatik ardien bila egin ohi duen bidetik zenbatetan igaro ote den pentsatzen hasi da. Alabari eskuko telefonoko kalkulagailua hartzeko eskatu, eta hala ekin dio: «Ardien bila joaten 12 bat urterekin hasiko nintzen; beraz, 50 urte. Hori biderkatu txabolan urtero pasatzen ditudan 180 egunekin, eta egunean behin edo bitan joanda…». Guztira, bidea 10.000 alditan baino gehiagotan ibili duela atera zaio. Hori soilik goraka; beheraka, beste horrenbestetan.

Urte horietan guztietan, bizipen ugari batu ditu Aralarko larreetan. CNN telebista katean ere agertu omen zen: «Gizon handi bat etorri zen kamerarekin, sandaliak jantzita! Beste behin, EITBko kazetari bat zortzi hilabeteko haurdun etorri zen. 'Ez al dakizu nora zatozen?', galdetu nion». Izan ere, Nazabalen txabolarako bidea ez da sandaliekin edo haurdun egiteko aproposa.

Kutixao txabolara oinez baino ezin da iritsi; harriz betetako bidexka batean barna. Tarteka atseden hartu dute zaldiak eta artzainak, baina iritsi dira: «Oraingoz, belaunek errespetatzen naute, eta eskerrak!». Nazabalek bidearen egoera kaskarra salatu du: «XXI. gizaldian horrela ibili beharra ere…».

Halere, artzainak ez du erretiroa hartzeko presarik: «Badaezpada, ez dut begiratzen erretiratzeko zenbat gelditzen zaidan». Izan ere, behin erretiroa hartzeko eguna iritsi eta eskaria baldin badago, Kutixao txabola utzi beharko du, mankomunitatearena baita. Hala ere, ez du uste eskaririk egongo denik: «Hona zein etorriko da, ba?».

Kutixao txabolako atean eguzki loreak daude. Alboan, sorgin panpina bat ere badago, eta, tartean, Done Mikel Aralarkoaren irudi bat. Barruan, beheko suaren gaineko tximinian, argazki ugari daude zintzilik, baita pikatxoi bat ere. Egia esan, horma guztian zehar daude argazkiak eta erremintak: mamia nahasteko egurrezko tresnak, laiak, ardiei ilea mozteko guraizeak, trontza bat… Ameriketako indiar baten irudiak ere badaude. «Ez al duzu ezagutzen? Jeronimo indiarra da».

Horien guztien artean, egunkari bateko ebakin horitua ere ageri da: Juan Ramon Nazabal y Lasa, patriarca de Zaldibia y el monte Aralar. Egunkari zatiaren alboan, egutegi bat dago, aurreko urteko urritik ukitu gabea. Txabolara iritsi bezain laster jarri du artzainak egutegi berria; itzuli da. Beste urte batez, mendian da Juan Ramon Nazabalen biloba, Jeronimo Nazabal, Aralarko patriarka berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.