Koronabirusa. Talde immunitatea

IMMUNITATEA EZ DA NAHIKOA

COVID-19ari aurre egiteko, talde immunitatea funtsezko helburutzat jo izan da askotan. Hala izanik ere, adituek ohartarazi dute tresna bat baino ez dela hori, eta osasun kudeaketa egoki batek lagundu behar diola. Are, teknikoki, jada ez omen da posible immunitatea lortzea, birusa gordailuetan baitago.

Erizain bat, Donostiako txertaketa gune batean. JON URBE / FOKU.
Juanma Gallego.
2021eko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Iritsi da ozen esateko garaia:COVID-19aren pandemiaren atzean dagoen birusa ez da desagertuko. Foreign Affairs aldizkariko azken zenbakian argitaratutako artikulu batean, Larry Brilliant, Lisa Danzig eta beste hainbat osasun aditu argi azaldu dira gaiaren bueltan. Argudiatu dutenez, birusa dozena bat animalia espezietan baino gehiagotan hazten ari da. Are, gizakien artean horrenbeste aipatu den talde immunitatea «eskuraezina» dela uste dute. Diotenez, ez dago txerto nahikorik munduan, eta, egotekotan, bada populazioaren parte bat horiek jartzeari uko egingo diona. «Ondorioz, mundua ez da iritsiko puntu batera non jende nahikoa immunea izango den birusa geldiarazteko, aldaera arriskutsuak agertu baino lehen».

Sarritan ari da aipatzen talde immunitatea lortzeko beharra—populazioaren %70 helburu gisa jarrita—, eta adituak bat datoz: pandemia bati eusteko beharrezko tresna izan daiteke hori, baina, ohi bezala, horrek ere ñabardura garrantzitsuak ditu. Adrian Hugo Aginagalde Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko adituak ohartarazi du agian huts egin dela kontzeptuarekin. «Target edo helburu bat jarri dugu, eta, zoritxarrez, gizarteari helarazteko momentuan, talde immunitate deitu diogu. Baina, egia esanda, helburu horrek ez du antz handirik epidemiologian erabiltzen dugun kontzeptuarekin».

Suebaki egokiak

Hitz gutxitan, talde immunitateak esan nahi du gizarte batean badagoela birus batetik babestuta dagoen behar adina jende; horrek birusaren transmisioa zailtzen du. Immunizatuta daudenek suebaki baten moduan funtzionatuko lukete. Erregairik gabe sua ahitzen den modu berean, ez badute non loratu, birusak ere geldiarazten dira. Naturan badira modu naturalean immunitate handiagoa izan dezaketen norbanakoak, eta baita gaitza aurretik pasatu dutelako nahikoa immunitate garatu dutenak. Gizakiak, baina, duela mende batzuk asmatu zuen norabide horretan funtsezkoa gertatu zen beste trikimailu bat: txertaketa. Datuek diotelako, jakina da haiekin milioika bizitza salbatu direla mundu osoan zehar.

Aginagalderen azalpenetara bueltatuz, praktikan, ideia hori ez da hain sinplea, eta hortik dator kontzeptuaren gaineko kezka. Talde immunitatea lortzeko, teknikoki lau baldintza bete behar direla azaldu du adituak. «Lehena da agente infekziosoa organismo ostalari bakar batean egotea; eta hau ez da kasua», aurreratu du. Birusa hainbat animaliatan egonda, animalia horiek gordailu gisa funtzionatzen dute —hala deitzen zaie, hain justu, gordailu—. Bigarren baldintza da kutsatzeak jendearen artean zuzenean gertatzea, kontaktu zuzenaren bitartez. «Alegia, ingurumenean agentea edo patogenoa ez egotea». Baldintza hori betetzen dela dio. Pandemiaren hasieran, gainazalen inguruko kezka zabalduta zegoen, birusaren transmisioan zer garrantzia zuten gutxi ezagutzen zelako. Supermerkatutik bueltan, etxe askotan ohikoa zen erosketa guztia xaboitatik pasaraztea. «Egia da birusa tokiren batean gera daitekeela, baina denbora gutxian. Ez du zerikusirik, adibidez, kolerarekin eta beste zenbait gaitzekin gertatzen denarekin».

Aginagalderen esanetan, hirugarren baldintza da immunitateak iraunkorra eta indartsua izan behar behar duela. «Indartsua esanda, esan nahi dut lortzen den babesak oso handia izan behar duela». Hortaz, ez da nahikoa gaixotasun larria saihestea, gaixotasuna eta infekzioa bera saihestea baizik. «Horretan txertoak oso onak dira; benetan izugarria da hain denbora gutxian egin dena. Baina egia da txertoek ez dutela infekzioa guztiz saihesten». Laugarren betekizuna da babestuta dagoen eta zaurgarri den populazioaren banaketak ausazkoa izan behar duela. «Populazio horiek ezin dira kontzentratuta egon. Bestela, zaurgarri diren lagunen artean ere kalteak gertatzen dira».

Baldintza horiek guztiak aurrean izanda, ulertzekoa da adituaren kezka. «Pentsatu izan dugu populazioaren %70 immunizatuta egonda transmisioa blokeatuko zela, eta ez zela kasurik eta ospitaleratzerik izango; baina, tamalez, ez da hala». Medikuaren esanetan, helburu hori «idealista» da. Aldiz, nabarmendu du ospitaleratzeak asko gutxituko direla talde immunitatearen helburu horretara iritsi ahala. «Heriotzak era gutxituko dira, baina, berriro diot, kontzeptuak nahastu ditugu».

Helburua, zalantzan

Portzentajeak berak pizten ditu zalantzak. Populazioaren %70 jarri da jomuga gisa —populazio osoa kontuan izanda, ez bakarrik 16 urtetik gorakoak—, baina hori hasierako aldaeraren araberako kalkulua izan zela nabarmendu du Nafarroako Unibertsitateko epidemiologo Miguel Angel Martinez-Gonzalezek. «Delta aldaerak munduan izan duen zabalpena kontuan izanda, immunizatutakoen kopuruak gutxienez populazioaren %85» izan beharko lukeelakoan dago aditua. Kezka agertu du daten inguruan. «Aspalditik ari naiz esaten udan ez dela lortuko». Txertaketa «erritmo onean» doala aitortuta ere, abuztuan txertaketa kanpainan beherakada gerta daitekeela uste du Martinez-Gonzalezek.

Epidemiologoa iaz egindako «akatsak» errepikatuko diren beldur da. «Ekainaren hasieran, behar baino lehenago, garaipena ospatu zen». Halere, olatu berria etorri zen udazkenean. Adituak oso ikuspegi kritikoa du agintariek izan duten jokabidearekin, eta erabakiak hartzerakoan «interes ideologiko eta politikoen arabera» aritzea leporatu die. Bere anaia Juliorekin batera, La sanidad en llamas (Osasungintza sutan) liburuan bildu du pandemiaren kudeaketari buruz egin duten balorazioa. «Agintariek oso ardura gutxi erakutsi dute herritarren osasunaren inguruan, eta kosta ahala kosta hauteskundeak irabaztea izan dute ardura bakar. Edozein gauza erabiltzen ari dira marketin politikoa egiteko; hortaz, publizisten eskuetan gaude, osasun profesionalen esku egon beharrean».

Foreign Affairs aldizkariaren artikuluan agertutako ideiei buruz galdetuta, Martinez-Gonzalez baikorrago agertu da. «Errua ez da animaliena, ezta txertoen aurka dauden pertsonena ere». Azken horiei dagokienez, «oso gutxi» direla uste du, eta hasieran ematen zuen baino txikiagoa ei da haien eragina. «Arazoa da erabakiak hartzen ari direnak arrazoi politikoengatik ari direla, edo behar bezalako prestakuntza izan gabe». Alde horretatik, uste du politikariek kasu egin behar diotela zientzia elkarteek eta profesionalek diotenari. Horren adibide gisa jarri du Espainiako Osasun Ministerioak gaueko aisialdiari buruz hartutako erabakia: ez dute aintzat hartu adituen aholkua, gaueko lokalak ixtekoa.

Talde immunitatearen eragina norainokoa izango den aurreikusi nahian, aditu asko Israelen gertatzen ari denari begira ari dira; han populazioaren parte handi bat txertatzea lortu badute ere, Delta aldaeraren harira arazoak sortzen ari dira. Halere, Aginagaldek dio herrialdea ezin dela eredutzat hartu, hainbat berezitasun dituelako; batez ere, kanpo harreman bereziak ditu, eta horrek, «hein batean, uharte epidemiologiko»bihurtzen du. «Dena den, Israelen ikusi da kasuak gehitu direla, baina gutxi; eta ospitaleratzeak ere gehitu dira, baina gutxi horiek ere». Aginagaldek dio aldaerek ez dutela paradigma aldatzen. «Izan ere, Israelen gertatzen ari denak frogatzen du oraingoz bederen aldaerek ez dutela osasun sistema hankaz gora jarriko», nabarmendu du.

Aginagaldek aurreratu du, hein batean, gripearen kudeaketarekin egiten diren antzeko gauzak egingo direla COVID-19a kudeatzeko ere. «Jende askok ez dakien arren, gripearen txertoari urtero aldaketak egiten zaizkio, errefortzu dosiak jartzen dira, eta pauta heterologoak egiten dira».

Bi adituak bat datoz ideia batean: txertaketa ahalik eta lasterren zabaldu behar da munduan, bereziki adinekoak txertatuz eta Nazio Batuen Covax programa lagunduz. «Immunitate kolektiboa ez da posible mundua ez badago immunizatuta», azaldu du Aginagaldek. Martinez-Gonzalezen ustez, «elkartasun hutsagatik» ez ezik, praktikari begira ere funtsezkoa da hori. «Solidario ez direnei bumeran efektua etor dakieke bueltan. Errazago agertuko dira aldaera berriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.