Energia da pandemia osteko hitz giltzarrietako bat. Argindarraren sokari loturik, energiaren prezioa gora eta gora hasi zen duela zortzi hilabete, suspertze globalaren ondorioz, eta, betiere, eskaintza eta eskariaren legearen itzalean. Gero gasa iritsi zen, eta azken asteetan, batik bat Ukrainako krisiaren hauspoarekin, kezkarako arrazoi nagusietako bat bihurtu da, baina ez nagusia. Zergatik ez den nagusia? Gasolinak kendu diolako kontsumitzaileen kezkarako motiboen urrezko domina azken asteotan.
Brent upela ez da egon 2012az geroztik orain bezain garesti. 95 dolarren langatik hurbil ari da kotizatzen azken orduetan, eta kezkagarriena da oraindik baduela tartea gora egiteko, Ukrainatik datozen gerra hotsak bultzaturik hura ere. Bada, gasolina eta gasolioa inoizko preziorik garestienean daude Euskal Herrian, eta adituek diote oraindik ere gehiago garestituko direla. Araban, Bizkain eta Gipuzkoan, gasolina litroa 1,62 euroan saltzen ari dira batez beste, eta, Nafarroan, 1,58 euroan. Gasolio litro baten truke 1,52 eta 1,47 eskatzen dute. Ipar Euskal Herrian, berriz, 1,72 euro inguruko batezbestekoa dago gasolinarentzat, eta 1,68koa gasolioarentzat. Energiaren salneurri horiek bridatu gabe nekez jaitsiko da inflazioa indarrez.
Brent upelaren mugarriak
Konfinamenduen ondoren ekonomiak berriro martxa hartu zuenetik ari da gora egiten petrolioaren prezioa, LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kide nagusiek iturria gehiago irekitzen ez dutelako batez ere. 2020ko udaberrian 30 dolarretik behera salerosi ondoren, azken astean 95 dolarreko marka hautsi du, lehen aldiz 2012ko martxoaz geroztik. Atzo, 93,04 dolarretara apaldu zen.
Gasolinaren igoerak badu lotura Brent upelaren garestitzearekin, noski, baina inondik ere ez da automatikoa. Iazko urrian, esaterako, 72,5 euroan zegoen upela, eta gasolina, berriz, petrolio upelaren 2012ko errekor garaietan baino %25 garestiagoa zen. Orain beste koska bat egin du gora, baina Brent 90 euroko langan zegoen aurreko aste hasieran, eta, gasolina, berriz, 1,55etik gora zegoen jada, errekorra ezarrita.
Ondorio bat atera daiteke datu horiek guztiak aintzat hartuz: lehenago gainditzen ari dira gasolina eta gasolioaren prezioen errekorrak Brent upelarena baino. Alegia, ez da behar izan inoizko upel garestiena inoizko gasolina garestiena edukitzeko. Horrek ez du esan nahi ezinbestean petrolio konpainien irabazi tartea berriro ere handitu denik, baina azalpenaren zati bat bada. Besteak dibisen arteko gorabeherekin du lotura; gainera, zerga igoera bat egon da, eta kostu batzuk handitu egin zaizkie konpainiei —soldatak, tarifak...—. 2012ko martxotik, esaterako, inflazioa %12,1 handitu da Hegoaldean.
Edonola ere, ez dago sobera gogoratzea inoizko Brent upel garestiena 2008ko uztailaren 3an erregistratu zela, Lehman Brothersen porrotaren harira, eta Atzeraldi Handiaren atarian: 143,96 dolar. Inoizko merkeena, berriz, 1998ko abenduko 10ean izan zen: 9,1 dolar. Dibisen arteko gorabeherak oso ongi atzematen dira petrolioaren merkatuan, ordea, eta 2008ko 140ko upel hori 80 eurokoa zen moneta aldatzean, dolarra ahulago zegoelako garai hartan.
Hain zuzen, 2012ko martxoan jo zuen goia berriro upelak, egungo markaren inguruan: 96 euro; hilabete horretan, batez beste, 1,445 euroan salerosi zen gasolina, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1,369 euroan gasolioa. Nafarroan, berriz, 1,429 eta 1,342an, hurrenez hurren. Egun baino merkeago.
2008ko errekorra urrun dauka oraindik LPEE karteleko petrolio upelak, baina ez ehun dolarren langa, eta, hura gurutzatuz gero, bi euroko gasolinara daraman bidea zabalduko litzateke.
Ikusi gehiago: Inflazioa apaltzen hasi dela berretsi du urtarrilak, baina azpiko KPIa gora doa
Prezioen eboluzioa. Gasolina
Mikatza gertatzen ari da Brent upela, eta aparra gero eta gorago doa
Gasolina eta gasolioa inoizko garestien daude: 1,62 eta 1,58 euro, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu