Arnasa hartu du aurten funikularrak

Azken urteetako hazkundearen ostean, turisten atrakzio bihurtua zena bilbotarrentzako ohiko garraio bilakatu da berriz ere Artxandako funikularra. Mendiaren puntan, obrek ordezkatu dituzte aurreko urteetako turisten ilara luzeak.

Artxandako tontorra eta Funikularraren plaza lotzen ditu Artxandako funikularrak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Bilbo
2020ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Arnasa hartu ezinik, kristalaren kontra eta izerdi bizian antxoa potoa dirudi Bilboko Artxanda mendian gora eta behera doan funikularrak. Arnasestuka, atsedenik hartu gabe dabil martxan, Funikularraren plazan eta Artxanda mendiaren puntan luzatzen doazen ilaren aurka borrokan.

Sorpresa bizia eramango du, ordea, egunotan bertara joan eta azken urteetako irudi horrekin topo egitea espero duenak. Izan ere, ez baita inon jende pilaketarik ageri. Funikularrak arnasa hartu eta bere ohiko jardunera itzuli dela dirudi.

«Azkar, oraintxe aterako da», abisua eman dio sarrerako langileak turista bikote bati, tiketaren inguruko azalpenak amaitu eta berehala. Espazioa da nagusi eskailera forma duten bagoietan. Tarteak, baina, badu osasun krisiarekin zerikusirik: desagertu egin dira kolorezko ohiko jesarlekuak eta, garraio guztietan bezala, beharrezkoa da maskararen erabilera.

Egunerokotasun kutsua dario mendian gora doan tren gorriari. Bizikletei bideratutako lehenengo bagoian, aldapan behera ziztu bizian jaurtitzen diren kirolariak dira nagusi, eta gainerakoetan, pasieran edota igerilekuragoizpasa doazen familia eta adineko bikoteekin nahasturik agertzen dira turistak. Irteeran, ordea, agerian geratzen dira, jatorrizko polea dagoen plazatxoanezarritako panelei so geratuz. Han azaltzen dira San Rokeko behatokiraino eta Bilbora oinez itzultzeko egin daitezkeen ibilbideak.

Artxandako behatokia obretan dagoenez, San Rokera joatea da ikuspegi panoramiko bat eskuratzeko bisitariak duen aukera bakarra. Bidean kontrako sentsazioak nahasten dira, ekaitz baten aurreko lasaitasun urduri horri bide emanez. Batetik, mundua gelditu dela dirudi: larreetan etzanda dago jendea, eta errepide alboetan dauden landetxeek nekazaritza atmosfera margotzen dute. Bestetik, baina, Artxanda mendia gerrarako prestatzen ari dela dirudi: ozen entzuten da mendi gain osoan martxan diren obren zarata, hala nola asfaltoko bideetatik batetik bestera dabiltzan kamioiak.

«Arraro egin zaigu hau horrela ikustea, ez genuen hala espero», azaldu dute Ines Junquera eta Ana Barrera galiziarrek. Lagun bat bisitatzera etorri dira, eta hark gomendatuta igo dira Artxandara. Atsegin izan dute bisita, baina pena eman die behatokia obretan ikusteak. Horregatik, San Rokera gerturatzea erabaki dute. «Aireportua baino ez zen ikusten», kexatu da, baina, Junquera.

Aireportuan bezala, funikularrean ere mugimendua murriztu dela baieztatu du Lander Plaza bertoko langileak: «Aldaketa nabari da aurreko urteekin alderatuta». Lau urte daramatza bertan lanean, eta turismoak izandako gorakada azpimarratu du. «Aurreko urteetan herrialde askotako jendea etorri da; aurten, ordea, Espainiatik etorritako turismoa da nagusi», azaldu du osasun krisiak utzitako egoerari erreferentzia eginez. «Pixkanaka» jende gehiago animatzen ari dela dio, baina, oraingoz, erabiltzaileakbatez ere Bilbokoak direla dio.

Beheranzko bidea

Hori da Amaia Fernandez bilbotarraren kasua. Semearekin igo da Artxandako igerilekura goiza pasatzera, urtero egin ohi duten bezala. «Etxetik gertu dugu funikularra, igerilekura heltzeko modurik onena, da eta umeak ere gustuko du», zehaztu du. Berezia da funikularrak umeentzat duen xarma. Bizikletarik ez zegoela baliatuz, bertan jarri dira txikienak beherako bidaian. Kristalari itsatsita; amildegi bat bezala luzatzen den aldapari so.

Triki-traka hasi eta beherantz abiatu da funikularra. Umeak begiak errailetan itsatsita, bidaiaren momentu magikoaren zain geratu dira: bi trenek talka egingo dutela dirudien unea. Lasai arnastu dute, ordea, bideak banatzen zirela ikusi dutenean. Bien bitartean eztabaidan dabil pasiera egin ostean etxerako bidea hartu duen adineko bikote bat. «Zer dorre da hori?», galdetu dio batak besteari, hirian geroz eta altuago altxatzen diren eraikinak ezagutu ezinik. Hitz gutxiko ika-mikaren ostean, «Panerako eraikina» dela adostu dute. Bidaiaren amaiera adierazten duen astinduarekin, hustu egin dira bagoiak; haizeari tokia utziz, arnasa hartu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.