Tania Calvo

Erronka berrien bila

Belodromoetako zoko guztiak ondo ezagutu ditu hainbat urtez txirrindulari gasteiztarrak. Olinpiar Jokoetan ere lehiatu zen 2016an. Baina aldatzea erabaki du: pistan, erresistentzia probetan hasi da, eta errepidean ere ariko da.

ABRAHAM.
Aitor Manterola Garate.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hamarkadaz hamarkada zedarritzen da Tania Calvo (Gasteiz, 1992) txirrindulariaren bizitzako mugarri ilara. 8 urte zituela maitemindu zen bizikletaz. 18rekin, txirrindularitzan buru-belarri sartzea erabaki zuen. 28rekin, orain, kirol berean jarraituz beste modalitate batzuetan ibiltzeko hautua egin du. Erronkaz erronka, pedalak astinduz iritsi da mugarrietara. Asmo berriak biltzen dituen horretan da orain.

Calvok belodromoetan eman ditu pedalkada gehien orain arte. Pistako txirrindularia izan da. Eta da. Mallorcakoaren zokoak eta sekretu guztiak etxeko zirrikituak bezain ondo ezagutzen ditu. Zenbat buelta ez ote ditu eman hango peraltearen gainean, duela hamar urte pistan murgiltzea eta hara bizitzera joatea erabaki zuenetik. Bizi eta azkar beti, abiadurako probetan espezialista baita: Keirin lasterketan eta 500 metroko modalitatean, abila eta trebea. Palmares oparoa bilduz joan da bizikletaren gainean. Espainiako txapelketak asko dauzka, nazioarteko beste herrialde batzuetan proba solteak ere baditu irabaziak, esperientzia dauka Europako eta munduko txapelketetan. Baita Olinpiar Jokoetan ere, 2016an Rio Janeiron (Brasil) egon baitzen. «Baina motibazio berriak behar nituen», esan du. Eta pistan, erresistentzia probetara pasatzea erabaki du. Horrekin batera, errepideko txirrindulari ere egin da. Etxean. Euskadi Fundazioaren Laboral Kutxa taldean. Hamar urtez Mallorcan bizi eta gero, etxera itzuli da. «Familiak indar handia dauka», esan du.

Erronka berriak, baina betiere bizikletaren gainean. Zalantza handi batek harrapatuta egon bazen ere, iaz, justu orain urtebete. Kolpe bat jaso zuen, eta kirolari batek jaso dezakeen handiena: «Tokioko Olinpiar Jokoetara sailkatzeko aukerarik gabe geratu nintzen Berlinen, Munduko Txapelketan. Zaila zela banekien, baina, hala ere...». Aurrera begira jarri zen, eta ez zuen garbi ikusten abiadurako probetan jarraitzea: «Bi aukera neuzkan: fondora edo erresistentziara pasatu, inoiz egin gabea, edo bizikleta utzi. Aurrenekoa aukeratu nuen». Horra aldaketaren lehen pedalkada. Bigarrena horrek berak ekar ri zuen: «Errepidea ona da; txirrindulari askok egiten dituzte biak. Pistarekiko osagarria da». Ez du pausoa eman gora begira egoteko: «Bietan ibili nahi dut ondo». Parisko Olinpiar Jokoak dauzka begiz jota, 2024koak: «Pistan, jakina. Lan handia egin beharko dut sailkatzeko, baina buruan daukat lehiaketa hori».

Pistan modalitatea aldatzeari hasiera ona eman dio, Madison proban Espainiako txapeldun izatea lortu baitu. «Gustatzen zait proba hori». Eta errepidean, zer? Garbi dauka zer izango den: «Nire ezaugarriengatik, esprinterra izango naiz, eta horrek baldintzatuko dit lasterketak aukeratzeko modua». Badaki zeinetan ez den ondo moldatuko: «Proba menditsuak ez dira niretzat».

Prestakuntzan, aldaketak

Aldaketa berriak prestaketan ere moldaketak eragin dizkio Calvori, eta, hain zuzen, horrek bultzatu zuen pistan abiadura aldatzeko hautua egitera: «Azkenaldian, garapen handiak egiteko joera dago, eta horrek sekulako lana eskatzen du gimnasioan. Indarra erruz landu behar da, eta prestatzaileak eta biok ez genuen asmatzen». Orain, erresistentzia lanak egiten ari da, pistan eta errepidean. Mallorcako belodromoa utzi eta Donostiakoan dabil orain pistako lana egiten. Eta errepidekoak ez du aparteko berezitasunik.

Hori guztia etxean ari da egiten, etxekoak alboan dituela, eta esan du bazuela gogoa. «Ilobak ere baditut, eta horiekin bertatik bertara gozatu nahi nuen. Ikastolara eraman eta abar: ederra da benetan». Jolas parkeetan ere ibiliko da, bera ibiltzen zen bezala. Agian, ilobaren bati berari gertatua gertatuko zaio: «Zortzi urte nituenean, errepideko bizikleta bat ikusi nion neska bati. Buelta bat emateko eskatu nion, eta, etxean, bat erosteko eskatu nien gurasoei». Aurreneko pedalkadak izan ziren. Lehendabiziko mugarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.