Tentsioak koska bat gora egin du azken egunotan Lesbos uhartean. Turkiak migratzaileei herrialdetik ateratzea baimendu ostean, Greziarako bidea hartu dute errefuxiatu askok, eta uhartea gainezka egiten ari da. Erasoak izan dira azken orduetan migratzaileen aurka, baina baita haiei janaria banatzen ari diren gobernuz kanpoko erakundeetako kideen aurka ere. Herenegun, faxista talde bat oldartu egin zitzaien Euskal Herriko Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeko kideei, Lesbos uhartean, migratzaileei janaria banatzetik itzultzen ari zirenean. «Moriako kanpalekuan janaria banatzetik bueltatzen ari ginen, egunero bezala, eta manifestazio antzeko batekin topo egin genuen. Berrehun lagun inguru izango ziren, eta errepidea itxi ziguten. Ingelesez hitz egin genienean konturatu ziren gobernuz kanpoko erakunde batekoak ginela, eta orduan hasi ziren guri erasotzen». Izua gainetik kendu ezinik mintzatu zitzaion atzo BERRIAri Javier Ruiz Redin Zaporeak-ek Euskal Herrian duen koordinatzailea. «Jende multzo handi bat gerturatu zitzaigun, eta makilekin furgoneta jotzen hasi zen. Malen Garmendia kidea nirekin zihoan, eta joka hasi zitzaizkigun». Furgonetako leihoak eta gurpilak apurtu zizkieten, eta kolpeak eta astinduak eman. Auto batean zihoazen Zaporeak-eko beste kide batzuk are gehiago jo zituztela kontatu du: «Gidaria eta albokoa autotik atera, eta ostikoka hasi zitzaizkien». Sakelako telefonoak eta argazki kamera ere kendu zizkieten, eta «txikituta» utzi zieten autoa.
Elkarteko kideen aurkako erasoak Lesbos uharteko egoera «larriaren» ondorio direla azpimarratu du Ruizek. Gobernuz kanpoko erakundean lau urte daramatza lanean, Greziara iristen diren migratzaileei laguntza eskaintzen, eta gaur egun bizi den egoera «muturrekoa» dela ohartarazi du. «Egoerak okerrera egin du, eta gaur egun jasangaitza da. Hau lehertzear dago». Azken asteetan, tentsioa izugarri ari da handitzen Lesbosen, eta, herenegun bertan, itsasotik iristen saiatzen ari ziren errefuxiatuei aurre egin zieten eskuin muturreko kideek, Zaporeak-eko arduradunak azaldu duenez. «Txalupa bati motorra kendu zioten, eta bost orduz egon ziren itsasoan noraezean, porturatu ezinda». Beste ontzi batean, berriz, iheslariek txalupa irauli zuten kostazainak gerturatzen ikusi zituztenean, eta adingabe bat itota hil zen.
Lesbosen errefuxiatuentzako kanpalekuak eraikitzearen aurka altxatu dira herritar batzuk, eta mugimendu horren barruan eskuin muturreko herritarrak eta xenofoboak «harrotu» egin direla salatu du Ruizek. «Kanpaleku berriak ez eraikitzea euren garaipentzat hartu dute faxistek, eta munduko nagusiak direla uste dute». Hala, argitu nahi izan du euren aurkako erasoen arduradunak ez direla herritarrak, egoeraz baliatuta gobernuz kanpoko erakundeen aurka jo nahi duten herritar «xenofoboak» baizik.
«Sarraski esparruak dira»
Zaporeak erakundeko kideek jasandako erasoak larriak dira, baina are gogorragoa da migratzaileen eguneroko bizitza. «Guk aukera dugu bihar bertan hegazkin bat hartu eta etxera bueltatzeko, baina haiek hemen jarraituko dute, irtenbiderik gabe», ohartarazi du Ruizek. Greziara iristen diren errefuxiatuen errealitatea eta, besteak beste, Morian daudenena krudela da. Moria Greziako Lesbos uhartean dagoen errefuxiatuentzako kanpaleku bat da, eta, 2.500-3000 pertsona hartzeko prestatuta dagoen arren, gaur egun 20.000 inguru daude han. «Sarraski esparruak dira», gaitzetsi du Ruizek. «Europa ez da gai errefuxiatuen %0,5 hartzeko, eta guzti-guztiak Greziara bidaltzen dituzte. Hau onartezina da», gaineratu du. Azaldu duenez, Greziako uharteetako herritarrak nazkatuta daude, eta gobernuari aurre egiten ari zaizkio, Europak «beste alde batera» begiratzen duen bitartean. «Migratzaileen arazoarekin ostrukarena ari da egiten Europa», salatu du. Haren iritziz, bada garaia herritar guztiek «nahikoa da» esateko Europako Batasunari.
Lesbos uhartea uzteko asmorik ez du Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak. Beren lana ezinbestekoa dela azpimarratu du Ruizek: «Nork artatuko ditu pertsona horiek?». UNHCR erakundeak jakinarazi zien atzo 500 errefuxiatu inguru janaririk gabe daudela uhartean: «Laguntza eskatu digute, eta lagundu egingo diegu».
Idlibeko erasoaldia: Erdoganek espero du su-etena adostea Putinekin egingo duen bileran
Errefuxiatuak:Bi mugen artean harrapatuta
Errefuxiatuak Grezian. Laguntza humanitarioa
«Egoera jasangaitza da; lehertzear dago»
Euskal Herriko Zaporeak GKEko zenbait kideri eta errefuxiaturi eraso egin die faxista talde batek Greziako Lesbos uhartean. Javier Ruizek salatu du tentsioa handitu egin dela azken asteotan, eta talde xenofoboak «harrotuta» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu