Gogor erantzun dio Ulma taldeak Mondragoni. Oñatiko (Gipuzkoa) kooperatiba taldea haserre azaldu da korporazioaren jokabidearekin, eta hitzez nahiz asmoz gogor egin du haren aurka egin duen lehen adierazpenean. Zehazki, egotzi dio kooperatibaren autonomiari «eraso» egin eta erabakitzeko eskubidean «eskua sartu» izana. Bazkideen iritzian eragiteko «presio kanpaina bat» martxan jartzea ere leporatu dio. Abenduaren 16rako deitu du ezohiko batzarrera, gaiaren inguruko erabakia hartzeko.
Mondragonek taldeko kooperatiba guztiei herenegun bidali zien gutunak piztu du Ulmaren haserrea. Gutun horretan adierazten da Ulmak eta Oronak korporazioari ekaineko bileran egin zieten proposamena, zeinaren bitartez bi enpresek beste harreman bat izango luketen korporazioarekin, egungoaren aldean askoz ere malguagoa izango dena, eta desberdina gainerako negozioek dutenaren aldean. Alta, Mondragonek uko egin zion proposamena kongresuan aurkezteari, nahiz eta eskera «araudiak ezarritako epe eta modu zurrunean» aurkeztu zuten.
Bada, Ulmak «erasotzat» hartu du korporazioaren dokumentu hori orain zabaldu izana. Izan ere, oharra proposamenaren aurkakoa izateaz gain, ez da «modu oso egokian eta egiazkoan» zabaldu, kooperatibaren irudikoz. Eta, gainera, Mondragonen eta mugimendu kooperatiboaren printzipio nagusien aurka egiten duela uste du: «atxikimendu askatasunaren, parte hartze demokratikoaren eta lanaren subiranotasunaren» aurka.
Gainera, Ulmak salatu du barne eztabaida prozesua abiarazi zuenetik, «hasiera-hasieratik», bazkideen iritzian eragin nahi izan duela Mondragonek. Eta horretarako «presio kanpaina bat» sortu izana egotzi dio korporazioari. Horiek horrela, Oñatiko kooperatiba taldeak uste du horrek berretsi baino ez duela egiten Ulmak bere autonomia babesteko duen beharra.
Erantzukizunerako deia
Ulmak azaldu du Mondragonekin izan nahi duen harreman eredu berria ez dela «arriskutsua» korporazioaren bideragarritasunerako. Eta esan du Arrasateko saretik ateratzearen «ondorio ekonomiko bakarra» izango dela korporazioaren funtsei urtero egiten dien 1,85 milioi euroko ekarpena aurrerantzean taldearen fundazioaren esku geratuko dela.
Izan ere, ez du harremana osorik eten nahi; Mondragonekin «lankidetzan» aritu nahi du aurrerantzean ere. Ulmaren arabera, «zentzuzkoagoa» izango den loturak ahalbidetuko ditu; besteak beste, egitasmo handiei baliabideak eskaintzen jarraitzea: hala nola Laboral Kutxari, Lagun Arori eta Mondragon Unibertsitateari.
Horregatik guztiagatik, Ulmak Mondragoni eskatu dio erantzukizunez jokatzeko, eta saihesteko mugimendu kooperatiboarentzat «kaltegarriak bezain antzuak» diren eztabaidak.
Autonomiari «eraso» egin izana egotzi dio Ulmak Mondragoni
Oñatiko kooperatibak uste du taldeak «eskua sartu» duela bere burujabetzan. Langileei «presio» egitea leporatu dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu