Madrilekin negoziatzean «tinko» aritzeko eskatu dio Geroa Baik PSNri

Hamargarren urteurrena ospatzeko ekitaldian, «euskaldunak baztertzen dituzten politikak amaitzearen alde» apustu egin dutela aldarrikatu du

Bixente Serrano Izko zena gogoan izan zuten atzoko ekitaldian. Irudian, Koldo Martinez harmailan, txaloka. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Koalizioa osatu zeneko hamargarren urteurrena ospatu zuen Geroa Baik atzo, Iruñeko Baluarte jauregian. Uxue Barkos eledunak aipatu zuen hamar urte horietan elkarrizketaren aldeko apustua egin dutela, eta, «anbizioarekin, kontsentsurako ahalmena» erakutsi dutela. Haren irudiko, jarrera hori ezinbestekoa da autogobernuaren defentsan. Madrilen aurrean «tinko aritzeko» eskatu dio gobernuko bazkide PSNri, hala Hitzarmen Ekonomikoko ekarpenaren kalkulua nola Europako funtsak negoziatzeko.

Barkosek atzo nabarmendu zuen koalizioa are indartsuago egitea dutela helburu, baina onartu zuen orain arteko ibilbidea motza dela: «Hamar urte ez dira asko indar politiko baten historian, baina ezin dezakete askok esan demokratikoki eragiteko erakutsi dugun ahalmena izan dutela». Aurreko legealdian «benetan gobernu aurrerakoi eta plural bat» osatu zela azaldu zuen, eta «aldaketak» aurrera jarraitzen duela uste duela, «gorabehera batzuekin bada ere». Euskararen arloan pausoak eman direla esan zuen, nahiz eta batzuek konfrontazioa «zatitzeko» erabili. Alderantziz, Barkosek uste du «baztertuak euskaldunak» direla, eta politika horiek amaitzearen aldeko apustua berretsi zuen atzo. Unai Hualde Napar Buru Batzarreko presidentearen ustez, Geroa Baik «aldaketa tinko eta iraunkorra» ordezkatzen du, eta EAJk haren alde egiten duela ziurtatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.