Nonahi irabazi baina Irlandan aitortu

2018. urtean, Amerikako Estatu Batuetako multinazionalek Irlandan aitortu zituzten Europako Batasunean eskuratutako irabazien %47. Zerga gutxiago ordaintzen dituzte hango zerga sistemari esker, eta Brusela horri aurka egin ezinik dabil.

Nonahi irabazi baina Irlandan aitortu.
Paulo Ostolaza.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Europako Batzordeak jopuntuan du Irlandako zerga sistema. Ez zaizkio arrazoiak falta; izan ere, Europako ekonomiarik handienek milioika euro galtzen dituzte egunero Irlandak, Herbehereek eta Luxenburgok multinazionalei ematen dizkieten erraztasun fiskalen ondorioz. Han aitortzen dituzte Europako Batasuneko gainerako herrialdeetan lortutako mozkinak, eta gai hori batzordearen lehentasunetako bat bilakatu da.

2018. urtean, Applek, Googlek edo Netflixek Amerikako Estatu Batuetatik kanpo lortu zituzten irabazien %52 zerga sistema malgua duten herrialdeetan aitortu zituzten. Deigarriak dira Europako datuak: AEBetako konpainia handiek Irlandan aitortu zituzten EBn eskuratu zituzten irabazien %47, ia 83.000 milioi euro. AEBetako Azterketa Ekonomikorako Bulegoak (BEA) joan den astean argitaratutako datuak dira, hango enpresek 2018an atzerrian lortu zituzten irabazien ingurukoak.

Multinazionalek, egoitza nagusiaz gain, filialak ezartzen dituzte Irlandan, eta sozietateak paradisu fiskaletan; hara bideratzen dituzte Europan lortutako irabazi ia guztiak, gehienak, irlatik kanpo eskuratutakoak. Irlandar bikoitza deitzen dioten sistema horri esker, ez dute ia deus ordaintzen. Irlandak hitzeman zuen 2020. urtean debekatuko zuela jardun hori, baina oraingoz ez dirudi aurrerapausorik eman duenik.

Bada modu bat herrialdeen arteko diru transferentziek zer garrantzia duten identifikatzeko. Azken datuen arabera, Irlandako langileak Europako errentagarrienak dira, nabarmen: AEBetako multinazionalek Irlandako langile baten soldatan inbertitzen duten dolar bakoitzeko, bederatzi dolarreko irabaziak lortzen dituzte. Datua erabat ezberdina da Europako beste ekonomia garrantzitsu batzuetan: Espainian 0,5 dolar lortzen dituzte soldatetan inbertitutako dolar bakoitzeko; Alemanian, 0,2; Frantzian, 0,15.

Irlanda, ordea, ez da kasu bakarra. Europako Batasunean badira fiskalitate malgua duten beste herrialde batzuk, eta haiek ere ageri dira BEAren txostenean: AEBetako multinazionalek EBn eskuratutako irabazien %14 Herbehereetan aitortu zituzten 2018an, %4 Belgikan eta %3 Luxenburgon.

Adituek horri aurre egiteko modu bat baino gehiago proposatu dituzte azken urteetan. Bat da Europako Batasuneko herrialde guztietan zerga berak ezartzea multinazional handiei. Guztiak ados jartzeak, ordea, ezinezkoa dirudi. Beste bat Google tasa ezartzea da, enpresa teknologikoei eragiten dien zerga bat. Oraingoz, halako neurriak onartu dituzten herrialdeek bertan behera utzi behar izan dute erabakia, besteak beste Donald Trump AEBetako presidenteak muga zergak igotzearekin mehatxatu dituelako neurri hori onartzen dutenak. Frantziak iaz onartu zuen GAFA tasa, baina 2020 hasieran izoztu zuen, zigorrak saihesteko.

Appleren kasua

Appleren auzia da Irlandak eta AEBetako enpresa handiek duten harremanaren erakusle nagusia. 2016an, Europako Batzordeak Apple derrigortu zuen 13.000 milioi euro ordaintzera Irlandari, hark legez kanpoko laguntza fiskalak eman zituelakoan. Hala, estatu kideak eta AEBetako konpainiak helegitea jarri zuten, eta EBko auzitegiak arrazoi eman zien joan den uztailean. Bertan behera utzi zuen diru kopuru izugarri horren ordainketa.

Bruselak dio multinazionalak laguntza publikoak jaso zituela urte askoan, eta barne merkatuaren lehia desitxuratu zuela horrek. Epaiketa horretan, asko zuen jokoan Irlandak. Batetik, halako zigor batek egoitza uhartean duten beste multinazional batzuk ikaratu zitzakeelako; eta, bestetik, 13.000 milioi euro horien zati bat eskatzen has zitezkeelako Europako beste herrialde batzuk. Zerga horiek, nagusiki, Applek EBko gainontzeko lurraldeetan duen jardunaren emaitza dira.

Bruselaren arabera, Applek ez zuen ia zergarik ordaintzen Irlandan. 2003. urtean, irabazien %1 ordaintzen zuen, eta kopuru hori urtetik urtera murriztu zen: 2014. urtean mozkinetatik %0,005 baino ez ordaintzea baimentzera iritsi zen uharteko ogasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.