Gaitasuna ala erabilera, euskarak zer dauka indartsuen? Sarritan erreparatu izan zaio bi aldagaien arteko harremanari azken urteotan, eta ohiko joera izan da berrestea gaitasunean indartsu dagoela euskara, eta erabileran, ordea, ahul. Ikuspegi horrekin bat egin dute, ñabardurak ñabardura, soziolinguistika alorreko ikertzaileek, euskalgintzako eragileek eta arduradun politiko gehienek, Iñaki Iurrebaso soziologo eta EHUko irakasleak dioenez. Alta, guztiz bestelako ondoriora iritsi da bera, egiten ari den doktore tesian: dagoen euskararen ezagutza mailarako, handia da erabilera, euskaraz aritzeko motibazio instrumentalak kontuan hartuta soilik legokiokeenbaino nabarmen handiagoa.
Gaitasuna neurtzeko moduan dago aldea, hein handi batean. Orain arte, nagusiki, euskaraz dakitenen kopurua batez besteko erabilerarekin alderatu izan da, baina, Iurrebasok dio konparaziohori ez dela baliagarria jakiteko bietatik zein dagoen indartsuago, gaitasuna edo erabilera: «Horrela neurtuta, erabilera sekula ez da izango gaitasuna baino handiagoa, zeren hizkuntza batean hitz egingo dute hizkuntza hori dakitenek soilik, eta hitz egingo dute, baldin eta euren mintzakideek ere baldin badakite. Hortaz, erabili litekeen gehiena erabilita ere, beti egongo da hizkuntza ezagutzen duten kopuruaren azpitik». Gogorarazi du, halaber, hizkuntza denetan gertatzen dela hori.
Konstatazio horretatik tiraka, euskaldunak eta erdaldunak bereizten dituen ikuspegitik continuum delakora igaro da Iurrebaso, argazki «osatuago» bat lortze aldera. Gaitasunaren araberako kategoria desberdinak bereizita ageri dira horretan. Erdaldun eta euskaldun elebakarrak daude bi muturretan, eta, horien artean, ezagutza maila desberdina dutenak: erdaldun hartzaileak, erdal elebidunak, nagusitasunik gabeko elebidunak, euskal elebidunak eta euskaldun hartzaileak. Bada, hiztunak modu horretan mailakatuta, ikusi du hiztunen %7,4ri bakarrik zaiela errazagoa euskaraz hitz egitea, eta, aldiz, erdaraz errazago moldatzen direnak %84,2 direla. Desoreka «ikaragarrizkoa» da, nabarmendu duenez.
Behin gaitasunaren «zorua» zehaztuta, hori erabilerarekin alderatu du. Horretarako erabili duen aldagaietako bat harreman sarea da. Bi egoera hipotetikotan erabilera zenbatekoa litzatekeen aztertu du: batetik, euskaldun denak elkarrekin biziko balira, eta, bestetik, guztiz sakabanatuta baleude. Lehenengo kasuan litzateke erabilera handiena, hiztunek euskaraz hitz egiteko aukera handiagoa izango luketelako. Ondorioztatu du errealitatea ez dela ez mutur batera ez bestera hurbiltzen, eta, erdibide horretan, harreman sarearen batez besteko euskalduntasuna %63 dela. «Euskaldunek ezin dute euskaraz hori baino gehiago egin, erdaldunekin euskaraz jartzen ez baditugu behintzat», azaldu du.
Erabileraren egoera zehazteko, halaber, erabilera aitortua eta erabilera erosoa bereizi ditu. Azken Inkesta Soziolinguistikoan euskaldunen euskararen batez besteko erabilera zenbat zen jasotzen du lehenengo adierazleak, hiztunek eurek esandakoetan oinarrituta; erabilera erosoaren bidez, berriz, hizkuntzari balio instrumentala emanda soilik euskaraz zenbat egingo litzatekeen erakutsi du, modu orokorrean. Hiztunek erosoen zaien hizkuntzan egingo lukete une oro, hizkuntza bata edo bestea hautatzeko inolako afektuzko arrazoirik edo politikorik ez balego bezala. Egoera horretan, Iurrebasok ondorioztatu du euskaldunen euskararen batez besteko erabilera %28,9 litzatekeela. Datu hori, ordea, ez da inondik ere ezkontzen erabilera aitortuak ematen duenarekin, zeinaren arabera %52,5 baita euskaraz egiten dutenen ehunekoa. Horrek erakusten du, Iurrebasoren arabera, hiztun asko dagoela «erosoen ez duen hizkuntzan» aritzen dena. Gainera, ñabartu du, euskaraz erosoago egin arren erdararako joera dutenak badiren arren, «kuantitatiboki» handiagoa dela kontrakoa egiten dutenen multzoa.
Aurkia eta ifrentzua
Iurrebasok ateratako ondorioek aukera ematen dute alderdi baikorra ala ezkorra nabarmentzeko. Batetik, euskararen gaitasunaren egoera orain arteko ikuspuntuak irudi lezakeena baino okerragoa dela erakusten du. Gordin azaldu du soziologoak: «Euskararen eta erdaren arteko lehia hori futbol terminoetan planteatuko bagenu, ez ginateke ariko 3-1 galtzen, 9-1 edo 10-1baizik. Egoera ikaragarri ahula da».
Bestetik, hein handi batean euskararekiko atxikimenduak azaltzen du euskararen erabilera gaitasunaren gainetik egotea, Iurrebasok dioenez, eta hori da «aurrera egiteko aukera bakarra». Gainera, hizkuntza gutxitu gehienetan kontrakoa gertatzen ari dela zehaztu du; alegia, gaitasunaren azpitik dagoela erabilera; batik bat, transmititzen ez delako eta prestigiorik ez duelako. Euskal Herrian ere egoera antzeratsua zen duela zenbait urte, gogora ekarri duenez: «Batzuek erabaki zuten ez transmititzea, presioagatik, zapalkuntzagatik, autogorrotoagatik...» Dagoeneko euskara ez du «fase horretan» ikusten, dena den: «Prestigioan irabazi dugu, eta motibazioan ere bai».
Euskaraz egiteko borondatea ez da nahikoa, ordea; are, gogo horri mugak jartzen zaizkionean. «Erdaraz errazago egiten dutenetako askok nahiko lukete euskaraz gehiago bizi, jarrera hori badaukate, baina testuinguruak ez badie aukera hori ematen, kateatuta gera daitezke», azaldu du Iurrebasok. Harreman sareak ez ezik, ingurune digitalak duen garrantzia nabarmendu du.
Izan ere, erabilerak gaitasuna elikatzen du, soziologoaren esanetan, eta bata bestearengandik ezin dela bereizi birbaieztatzeko ere balio izan dio ikertutakoak. Denean eragin behar dela uste du, eta ez erabileran bakarrik, ezagutzak eman beharrekoak emanda balitu bezala. Alde horretatik, «gaitasunaren fabrika guztiak indartsu» mantentzearen beharra nabarmendu du.
Euskarari argazkia, objektiboz aldatuta
Iñaki Iurrebaso soziologoaren arabera, euskararen ezagutza maila sarritan irudikatu izan den baino nabarmen apalagoa da; euskararen erabilera, berriz, dagoen gaitasunerako eta arrazoi instrumentalengatik soilik, legokiokeen baino handiagoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu