Eskolatik atera ondorengo entrenamendua, taldekideak, larunbat goizetako partidak... Izurriagatik eskola kirola bertan behera utzita, kirolaren arloan ere, ez dira gutxi haurrek eta gazteek izan dituzten galerak. Bultza Kirola Euskadi plataformak horri erremedioa jartzeko eskatu du, eskola kiroleko entrenamenduak berriz martxan jartzeko, alegia. Baina hori posible al da pandemia baten erdian egonda? Bilboko Mediku Zientzien Akademiak eskola kirola ez itzultzea gomendatu du.
«Uste dugu umeek behar dutela entrenatzea edo kirola bueltatzea»; argi mintzo da Bultza Kirola Euskadi plataformaren bozeramailea, Gorka Garcia. 550 talde inguru biltzen dituen plataformaren izenean, nabarmendu du haurrek eta gazteek fisikoki nahiz psikologikoki eskola kirola beharrezko dutela: «Ikerketa bat egin dugu, eta ikusten dugu umeen ohiturak aldatzen ari direla, orain sedentarioagoak direla». Horren konponbidetzat dute eskola kirola itzultzea: «Guk ez dugu eskatzen lehiaketa berriro hastea; eskatzen duguna da umeek entrenatzea behintzat». Horretarako, manifestazioak ere antolatu dituzte larunbaterako Bilbon, Donostian eta Gasteizen, 12:00etan hasita.
Bilboko Mediku Zientzien Akademiak, berriz, eskola kirola ez itzultzea gomendatu du, ez behintzat orain arte ezagutzen zen bezala: partidak, gurasoak harmailetatik begira, haurren kontaktua... Zuzendaritzako kide eta mediku den Alberto Martinezek azpimarratu du aldeko eskea, baina, haren irudiko, ez dela abagunerik egokiena, besteak beste, Gabonen ondorengo kasuen igoera posiblea, birusaren aldaera berriak eta ospitaleratu kopurua tarteko: «Egia da eboluzioa aldakorra dela, eta eboluzioak euste zantzuak emandako momentuan, eskola kirola ahalik eta azkarrena itzultzearen aldekoak izango ginateke». Bitartean, ordea, «zuhurtzia» eskatu du. «Zuhurtzia eskatzen dugu, eta ez ez dugulako sinesten kirola oso garrantzitsua eta beharrezkoa denik umeentzat. Pentsatzen dugu kirol indibidualen eta leku irekietan egiten denaren alde egin behar dugula: atletismoa, txirrindularitza...».
Neurriak bete daitezke?
Maskarak, distantziak gel hidroalkoholikoak eta termometroak eguneroko paisaiaren parte bihurtu ditu koronabirusak, baina eskola kirolean ere bete al daitezke neurri horiek? Baiezkoan dago Garcia. Azaldu duenez, irailaren 27an ekin zioten jarduerari, segurtasun neurriak betez: tenperatura hartu, eskuak garbitu, maskara erabili, gehienez seiko taldeetan banatu, haur bakoitzari bere materiala eman, begiraleek COVID-19ari buruzko prestakuntza jaso, eta abar: «Talde barruan, metro eta erdiko distantzia mantentzen dugu, eta talde bakoitzarekin begirale bat dago», azpimarratu du.
Martinezek, berriz, uste du eskola kirola gaitza zabaltzeko bide bat izan daitekeela: «Jende asko mugitzen du, futbol zelai batzuetatik besteetara mugitzen dira, automobilak partekatzen dituzte...». Gainera, segurtasun neurriak betetzea «zaila» dela deritzo: «Nik ez dut esaten ezin direnik bete, baina uste dut zaila dela betetzea: aldagelak ez erabiltzea, materialik ez elkarrekin banatzea...». Uste du «beste gauza bat» dela kirolaren zati bat «berregokitzea»: «Entrenamendu bat bada distantziarekin, maskararekin... Orduan, ondo. Baina, orduan, ez gara eskola kirolaren itzulerari buruz hitz egiten ari. Guk ulertzen dugu eskola kirola dela 'nik partida bat jokatzen dut zure aurka'».
Garciak ziurtatu du ez zutela kutsatzerik izan eskola kirola martxan egon zen hilabete pasatxoan: «Dena oso ondo antolatuta geneukan, ez zen egon kutsaturik». Baina azaroaren 7an bertan behera utzi zuen eskola kirola Eusko Jaurlaritzak. «Harrituta» geratu zirela dio Garciak: «Hainbeste material erosi dugu, hainbeste gauza egin, protokoloak egin... Eta gero, ezer barik geratu gara».
Batzuek bai; besteek ez
Eskola kirola ez, baina lehiaketa profesionaletan eta erdi profesionaletan ari diren taldeen lehiaketak eta entrenamenduak baimenduta daude Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baita kirolari federatuen entrenamenduak ere, seiko taldeetan egiten badituzte. Garciak ez du ulertzen horren arrazoia: «Ez dugu ulertzen abendutik kirol federatuak entrenatu ahal izatea, eta eskola kirolak ez». Izan ere, ez al dago arriskurik horientzat? «Arriskua bera da», dio Garciak. Ados dago Martinez ere: «Arrisku bera dute: kirol profesionalean ikusten ari gara». Baina alor federatuan ari diren kirol taldeek baliabide gehiago dituztela nabarmendu du Martinezek, hor dagoela aldea: «Baliabide eta kontrol batzuk daude, segituan identifikatzeko pertsonak, bakartzeko eta partida bat bertan behera uzteko; baliabide horiek ez daude eskola kirolean».
Koronabirusa
Kirola eta osasuna kontraesan ote?
Eskola kirola bertan behera utzita, haurrak desagertu egin dira futbol zelaietatik, frontoietatik... Baina komeni al da bueltatzea? Aldekoek ziurtatu dute entrena daitezkeela segurtasun neurri batzuekin, baina bada itzulera gomendatzen ez duenik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu