Lana eta sexu jazarpena.Paralelo doazen bi bide omen dira, baina emakume askorentzat bidegurutze dira. Ezohiko uda honetan ere elkartu dira bi bideak. Lan eremuko sexu jazarpena isilpean geratzen da sarri, baina oraingoan argitara atera da Gasteizko udal txakurtegian izandako bortizkeria. Uztailean azaleratu zen, baina bertan boluntario aritzen diren emakumeek 2018an salatu zituzten erasoak. Zazpi andrek eman dute pausoa, eta jakinarazi dute txakurtegiko gizonezko langile batek eraso sexistak egin eta tratu txarrak eman zizkiela.
Emakumeek otsailean aurkeztu zuten salaketa epaitegian. Gasteizko Udalean 2019ko irailean eman zuten jazarpenaren berri, baina ez zuten aldaketarik sumatu, eta justiziara jotzea erabaki zuten. Eta uztailean lehertu zen egoera: txakurtegiko langilearen bikotekide ohiak ere indarkeria matxista salatu zuen; 61 urte ditu beharginak, eta andrearekiko urruntze agindua zuen ezarria.
«Lan eremuan sexu indarkeria gertatzen denean, legea desberdina da. Lan arriskuen prebentzio legea ezarri behar da, hau da, enpresaburuak eraso eta arrisku horiekiko betebehar batzuk ditu». Horrela azaldu du Olga Fotinopulosek, Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko EHUko irakasleak. Teorian, enpresaburuak «neurri zehatz batzuk» hartu behar ditu. Praktikan, ordea, ez da hala izaten askotan. «Berdin da enpresa publikoa zein pribatua izan, neurriak hartu behar dituzte; Gasteizko Udalak ere kasu horretan betebehar batzuk zituen», argitu du Fotinopulosek. Halere, lan arloko arauak «hutsuneak» dituztela uste du: «Orokorrean, enpresa pribatuentzat daude diseinatuta, eta administrazioek hartu beharreko neurriak ez daude zehaztuta, legeztatuta dauden asko ez baitira erakunde publikoentzat aplikagarriak». Baina legeek halakorik ez zehaztea ez da aitzakia Fotinopulosentzat: «Neurriak martxan jarri ezin izateak ez dio administrazioari erantzukizunik kentzen».
Gasteizen, lehen alarma gorria txakurtegiko beharginaren lankide batek piztu zuen: arduradunari erasoen berri eman zion. «Emakumeak iraintzen zituen, oihukatzen, ukituak egiten zizkien, eta gona eta kamiseta altxatzen zien...», kontatu du Maria Eugenia Suarez andreen abokatuak. Erasoak 2019ko irailean iritsi ziren udalera, baina, txakurtegiko egoera aldatzen ez zela ikusita, biktimek otsailean salaketa judiziala jartzea erabaki zuten.
Gasteizko EH Bilduko zinegotzi Iratxe Lopez de Aberasturik udalaren jarrera «pasiboa» kritikatu du: «2019ko irailetik bazekien hori gertatzen ari zela, eta publiko egin arte ez du ezer egin. Ez dakit ezkutatu nahi izan den, baina emakumeek instituzioen laguntza behar zuten, eta epaitegietara jo behar izan dute justizia eta babes bila». Fotinopulosek ere argi du udalak «neurriak» hartu behar zituela: «Langilea diziplinatzea, kaleratzea edo protokoloa martxan jartzea». Baina maiatzaren 26ra arte ez zen neurririk ezarri: «Emakumeek erasotzailea ikusten jarraitu behar izan dute», nabarmendu du Lopez de Aberasturik. Azkenik, andreen salaketen ondoren, langilea lekualdatu zuten. «Udalak ez ditu bere eginbeharrak bete», ondorioztatu du Fotinopulosek.
Sinetsi gabeko ahotsak
Lopez de Aberasturi oposizioko zinegotziak «lehen pausoan» ikusten du akatsa: «Lehenengo gauza emakumeei sinistea da. Emakumeen kasua udalera iritsi zen eta ez zitzaien sinetsi. Hor egin zen akatsa». Lehen pauso hori bete izan balitz, aldiz, bestelakoa litzateke gaurko errealitatea, EH Bilduko kidearen ustez. Hausnarketa bat proposatu dioGasteizko Udalari: «Zerbait egin izan bagenu, beste emakume batzuen aurkako erasoak saihestu ahal izango genituzke?». Lopez de Aberasturik baietz uste du.
Iritzi bertsua du Suarezek. Udalak erasoak gertatzen jarraitzea «baimendu» duela uste du. Ondorioz, langilea ez ezik, Iñaki Gurtubai Gasteizko Giza Baliabideen zinegotzia ere salatu du, «prebarikazio» delitua leporatuta. BERRIAk Gasteizko Udalean galdetu du gaiaz, baina bertako iturriek ez dute xehetasunik eman nahi izan, auzia fiskalaren esku dagoelako: «Administrazioaren arloan planteatu zen salaketa fiskaltzara iritsi bada, udalaren ekimenez izan da». Erantsi dute udalak «azkar» jardun duela prozesuan.
Horrelako kasuak enpresa «askotan» gertatzen direla dio Fotinopulosek, baina gutxitan salatzen direla: «Muturreko jazarpenak direnean baino ez dira salatzen, eta mutur horretara iritsi arteko jazarpen guztiak ez dira argitzen». Ez salatzeko arrazoiak askotarikoak dira, baina, haren ustean, badago «sistematikoa» den bat: «Emakumeok kulturalki oso barneratuta ditugu jazarpenezko jarrera batzuk, eta pairatzen ditugunean uste dugu ez direla erasoak».
Erasoa jaso duena, errudun
Gainera, Suarez abokatuak gogoratu du biktimak «errudun bihurtzeko» joera dagoela. Txakurtegiko kasua jarri du adibide: «Emakumeek txakurtegira joaten jarraitu dute. Bertan erasotzailearekin egin behar izan dute topo, eta joaten jarraitu izana leporatu zaie». Ados dago Aberasturi: «Badirudi horrelako salaketa bat jartzen duzunean etxean sartuta egon behar duzula, zerbait gaizki egin izan bazenu bezala. Lehenengo, ez zitzaien sinetsi; gero, salatzera ausartu zirenean, errua haiena zen». Fotinopulosen iritziz, tabu horri kontra egiteko salaketa soziala ezinbestekoa da: «Epaitegian salatzea baino ez zaie geratu; horregatik, beharrezkoa da administrazioaren jarrera salatzea».
Gasteizko txakurtegia: jazarpenen isiltasuna
Lan eremuan ere askotan gertatzen dira sexu jazarpenak, baina gehienetan ez dira salatzen. Gasteizko udal txakurtegian izandako kasuak argitara atera dira udan: zazpi emakumek langile baten sexu jazarpenak eta tratu txarrak salatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu