Ez dago jakiterik zehazki zenbat galduko duen euskal ekonomiak Ukrainako gerrarengatik; baina jada argi dago ez dela gutxi izango, eta hala Eusko Jaurlaritzak nola Nafarroako Gobernuak doitu egin beharko dituzte aurtengo hazkunde aurreikuspenak. Hego Euskal Herriak Errusiarekin eta Ukrainarekin duen truke ekonomikoa 2.000 milioi ingurukoa da. Errusiatik Hegoaldera 1.402 milioi euroren inportazioak egin ziren 2021. urtean, eta Ukrainatik, berriz, 169 milioirenak. Errusia hamahirugarren herrialdea da EAEko esportazioen jopuntuen zerrendan; ez dago merkatu nagusien artean, alegia, baina badu pisua. Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak 318 milioi euroren esportazioak egin zituzten iaz. Ukrainara 78 milioirenak baizik ez.
Enpresek galdu egingo dute truke horren zati handi bat, Errusiari jarritako enbargo gogorra dela medio. Ainhoa Ondarzabal SPRIko Nazioartekotze zuzendariak argi esan dio BERRIAri bazkide komertzialak ez direla aldatzen egun batetik bestera, «are gutxiago munduko merkatu askotan gertatuko den arazoa izanik». Argitu du Eusko Jaurlaritzak Moskuko bulegoa zabalik daukala oraindik, «eta han dauden euskal enpresa guztientzako laguntzari eutsiko zaio».
Osagaiak dira gakoa
Modu zuzenean asko galduko du euskal ekonomiak gerra honetan, baina gehiago izango da zeharka galduko duena; alegia, energiaren prezioaren etengabeko garestitzeek enpresa askoren jarduera baldintzatuko dute; are, jada baldintzatzen dute, eta irabazi tarteak estutuz doaz. Hori bakarrik ez. Ekoizpen kateak berriro eteteko arriskua gero eta handiagoa da, osagaien gabeziarengatik. «Laster hasiko gara ikusten osagairik ezaren ondorioa zenbaterainokoa izango den», dio Ondarzabalek; «gabezia hori bi norabidetan doa, enbargoarekin ez delako batere erraza Errusian saltzea, baina erostea ere prozesu oso zaila izango delako».
Ikusi gehiago: Klusterretan alarma piztu da: gerraren «ondorioak orokorrak» izaten ari dira
Dena den, goiz da zehaztasunez esateko zer-nolako krisia sor dezakeen horrek. Energiaren prezioak arazo izugarria izanda ere, Euskal Herriko enpresek hornidura bermaturik daukate. «Egia da Europako beste herrialde batzuen aldean gure mendekotasuna apalagoa dela gasari dagokionez, baina, prezioak oro har igoko direnez, benetako arazo bat daukagu», esplikatu du Nazioartekotzerako Euskal Agentziako buruak.
Gaur-gaurkoz, ordea, inbertsioa Errusian egin dutenena da larritasunik handiena. Enbargoak jokoz kanpo utzi ditu euskal enpresa batzuk han: kontratu berriak egitea ia ezinezkoa da, eta martxan zeuden asko izozturik geratu dira Errusiako banku gehienak SWIFT sistematik atera ondoren. «Oraingo argazkia da 29 ezarpen industrial ditugula han, eta horietatik hamabi ekoizpen zentroak direla; besteak banaketa zentroak dira. SPRIk Moskun duen bulegoaren bitartez, guztiekin hitz egin dugu berriki, baina ordutik egoerak okerrera egin du. Kezka handia daukate, noski, hornidura kateei dagokienez, ez baitago batere argi lehengaiak eta osagaiak iritsiko ote diren. Badakite traba ugari izango dituztela ekoizteko eta saltzeko, garraioa ere asko jaitsi delako, normala denez». Gaur-gaurkoz, ataka estuan daude Errusiako merkatura jauzi egindako euskal konpainiak.
Ikusi gehiago:Gas kontratu gehiagorik ez sinatzea eta zentral nuklearrak indartzea, IEAren proposamena
Zer ekartzen duten euskal enpresek Errusiatik? Inportazio guztien %40 petrolioa eta gasa dira; baina ikatzak eta altzairuak ere badute garrantzia. Autogintzak, berriz, haren jardueran oinarrizkoak diren gai batzuk ekartzen ditu: paladioa eta aluminioa. Ukrainatik hona ekartzen diren produktuen artean, ekilore olioa da produktu izarra, baina baita haziak (garia, garagarra, artoa...) eta fruituak ere.
Eta zer esportatzen duten hara euskal enpresek? Bada, makina-erremintako produktuak lehen-lehenik, baina baita petrolioaren eta gasaren esparrukoak ere. Legazpiko (Gipuzkoa) Bellotak salmenten ehuneko handi bat Ukrainan, Bielorrusian eta Errusian egiten du, %40 inguru. Gerrak gogor joko du autogintzan ere. Gestampek lau fabrika dauzka Errusian, eta CIE Automotivek, beste bat. Mondragon Taldeko kooperatiba batzuek ere saldu osteko zerbitzuak dituzte, eta bulego komertzialak ere bai; baina apenas dituzten ekoizpen zentroak. Horietako bat Ulmarena da.
Errusia uzteko garaia al da?
Nazioartekotze prozesuetan buru-belarri sartu eta Errusian lan zentroak irekitako euskal enpresa batzuetan, krisi kabineteak zabaldu dituzte, eta mahai gainean dagoen galderarik zailena da mereziko ote duen Errusian jarraitzea. Merkatu handia da, baina negozioak egiteko ez da herrialde erraza. Krisia amaitzen denean zer egin, hori da galdera.
«Krisi honek duen bilakaera politikoaren arabera» egingo dira azterketak, Ondarzabalen ustez. «Argi dago potentzialtasun handia duela: ez da kasualitatea gure esportazioen 13. postuan egotea. Baina ezin da ahaztu negozioak egiteko zailtasun handiak daudela han, Errusiako egoera politikoaren berezko ezaugarriengatik. Sektore batzuek lortu dute merkatuan pauso batzuk aurrera ematea azken urteotan, autogintzak eta altzairugintzak, adibidez, baina ez da herrialde erraza. Oraingo krisia nola bukatzen den, horren arabera izango da aurrerantzean ere merkatu interesgarri bat euskal enpresentzat».