Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasmentan urratsak eginez ari zen euskara batua. Hari bultzada emateko asmotan, zenbait ekimen bazterretan. Eibarren, idazleen antologia orain artean egin ez den bezalako bat ondu zuten Serafin Basaurik eta Juan San Martinek: Hegatsez. Bi eragileek euskararen kolore guztiak bildu zituzten lan hartan…
Alfa fabrikako lanetik irten eta Juanito San Martinen etxera joaten zen egunero Serafin Basauri, eta handik sortu zen Hegatsez: «'Halako egin behar diagu. Komeni duk lan hau ere aurrera ateratzea' esaten zidan Juanitok [San Martin]. Eta horrelaxe egin genuen Hegatsez hura ere. 1971n atera zen, baina urte bi lehenago-edo hasiko ginen. 'Euskara batuaren aldeko argitalpen bat', esan zidan Juanitok, eta huraxe asmatu zuen. Euskara batuaren aldeko lana, baina batuaren kontrakoak ere azaltzen diren lana. Alfabetatzeko material eta irakurgai gisa egin genuen. Zuzenketa-lana egin nuen nik, eta amaierako hiztegitxo eta adizkitegia, Juanito ez zen-eta gramatika kontuetan denbora alferrik galtzekoa. Zubererazko hitzak ere ageri dira hiztegian, Txomin Peillenekin kontaktua ere banuen-eta. Harengandik zer edo zer ikasi nuen. Behin, orrialde mordoa eman zidan. Gatu beltza zen, argitara genezan. Zuzenketa pila egin nizkion. Kar, kar… Berari aditzera emanda! Zenbait aditz forma oso modu arraroan erabiltzen zituen, eta nik, taliban xamarra izan!, zuzendu egiten nizkion. Txomin Peillen, pertsonaia! Gaur egun ez dut lanik egiten. Talde-lanean, hala ere, Eibarko euskararen gaineko lan batzuk egin nituen [Eibarko aditza (1998), Eibarko hiztegi etnografikoa (2003) Eibarko-euskara sarean], baina orain ez dut egiten kritikatu besterik, nire taliban izaera da, nonbait! Oraindik orain irakurri dut artikulu batean: 'Hobe esanda'. Disparatea! 'Hobeto esanda' behar du! Idazle punta-puntakoenek ere akats galantak egiten dituzte! Jendeak ez du denborarik galtzen. Beharbada, neu naiz espeziala, eta neure baitako talibana ateratzen da horrelakoak ikusten ditudanean».
'Hegatsez'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu